Larrepetit

Apartekotasuna

Berria, Castillo Suarez, 24-02-2009

Gauza jakina da Espainiako Gobernua immigrazio politika gogortzen ari dela, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa duela. Hala ere, estatuak erakargarri izaten jarraitzen du etorkinentzat; Europako beste estatu batzuk baino erakargarriagoa.

Eraikuntzak behar duen eskulana orain arte behar zuena, hobeki esan, populazioa zahartzea, bertakoek lanbiderik txarrenak hartu nahi ez izatea eta gaztelania izatea harrera gizartearen hizkuntza, ordea, ez dira nahikoak etorkinen etorrera handia azaltzeko, alegia Espainiako apartekotasuna azaltzeko.

Horixe azpimarratzen dute David Reher eta Blanca Sanchezek. Haien ustez, Atzerritartasun Legeak etorkinei aitortzen dizkien eskubideek azaltzen dute fenomenoa. Izan ere, erroldatzen diren etorkin guztiek, legezko egoeran egon ala ez, osasun zerbitzua eta hezkuntza arautua jasotzeko eskubidea dute. Maiz aipatzen dira atzerritartasun legearen gero eta bertsio murriztaileagoek jasotzen ez dituzten edo espresuki ukatzen dituzten eskubideak, baina bistan da etorkinek herrialdea aukeratzen dutenean kontuan hartzen dutela hezkuntza eta osasungintza unibertsalak direla Espainian.

Nolanahi ere, beldur naiz gainontzeko herrialdeek ez dutela asmorik zerbitzu horiek ere eskaintzeko. Areago, Espainian ere, besteak beste osasun zerbitzuetan dagoen saturazioa dela eta, edo krisiaren aitzakian nahi baduzu, litekeena da oinarrizko zerbitzuak direnak murriztea etorkizunean.