Geronimo apatxea hil zeneko mendeurrenean, haren birbilobak laguntza eskatu dio Obamaren gobernuari, George Bushen aitonak lapurtu ei zuen burezurra berreskuratzeko.

Birraitonaren hezurrak eskatzen

Berria, , 18-02-2009

Idoia Etxeberria

Geronimo apatxea hil zela ehun urte bete ziren atzo. Eta haren birbilobari Harlyn Geronimori egun aproposa iruditu zitzaion birraitonaren hezurrak eskatzeko. Beste behin. Ez baita lehen aldia. Preso zeukaten tokian hilobiratu zuten Geronimo, Fort Stillen (Oklahoma), baina baliteke bere gorpua jada ez han egotea. George Bush presidente ohiaren aitonari, Prescott Bushi, egozten diote azken borrokalari indioaren burezurra lapurtu izana; 1918an, Skull and Bones elkarte sekretuko beste kide batzuekin batera. Alexandra Robbins idazlearen arabera, Yale Unibertsitateko (Connectica) elkarte horretan erritualak egiteko erabiltzen zituzten hezurrak, amerikar inperioaren etsaien garaikurrak, hain zuzen (Pancho Villaren burua tarteko).

Harlyn Geronimo eta Carlos Melendrez apatxeek prentsaurrea eman zuten atzo, Washingtonen, auzibidera joko dutela iragartzeko, Geronimoren hezurrak bere jaioterrira itzul ditzaten: Mescalero apatxe erreserba gaur egun, Mexiko Berrian (AEB). «Lau urte eta erdi kostatu zaigu puntu honetara iristea», esan zuen Melendrezek. Eta badute itxaropena aurrera egiteko, AEBetako presidentea Barack Obama izanda. 2006an George Bushi idatzi zion Harlynek, laguntza eske. Baina ez zuen erantzunik jaso. Familiako tradizioari jarraiki, bera ere elkarte sekretuko kide izan zen, ikasle garaian; beste politikari eta industriagizon boteretsu asko bezalaxe.

Aspaldiko zurrumurrua

Zurrumurrua aspaldikoa da: 30eko hamarkadan zabaldu zen, baina Arizonako Ned Anderson apatxeak plazaratu zuen gaia lehen aldiz, 1986an, eskutitz anonimo bat jaso ondoren. Ibili eta ibili, Prescott Bushen seme batekin biltzea lortu zuen, Jonathan Bushekin, burezurra lortzeko. Eskaini zioten buruezurra, baina, ume batena zen. Ez zuen onartu. Eta hartan geratu zen kontua.

Hainbat kazetari eta historialari saiatu da misterioa argitzen: Alexandra Robbinsek Secrets of the Tomb liburua argitaratu zuen 2003an, elkarteari buruzko xehetasun ugari emanez. Baina frogarik ez zegoen. Eta Skull and Bones elkarteko ordezkariek beti ukatu dute berria. 2006. urtean, baina, Marc Wortman idazle eta ikerlariak zurrumurrua egiaztatzen duen eskutitz bat aurkitu zuen, artxibategi batean. Elkarte sekretuko kide batek beste bati idatzitako gutuna: Geronimo Ikaragarriaren burezurra, zure klubak Fort Stilleko hobitik atera zuena, toki seguruan dago orain gure Hn (hilobian), irakur daiteke. Yaleko campusean bertan zeukatela, alegia.

Ikerlariek dioetenez, baliteke lapurtu zuten burezurra beste batena izatea, eta ez Geronimorena, garai hartan hilobiek ez zutelako izenik. «Hala balitz ere, han hildako beste apatxeren batena izango da, eta berdin-berdin bueltatu beharko lukete», dio Harlynek. «Birraitona gerrako preso gisa hil zen, eta gerrako presoa da orain ere, bere gorpua ez dagoela bere jaioterrian». Behar bezala lur ematea, «lur sakratuan», oso garrantzitsua dela nabarmendu du, «zikloa osatu eta hurrengo mundura joan dadin». Harlyn xamana, aktorea eta artista da: birraitonaren oroimena gordetzeko, besteak beste, brontzezko eskultura handi bat egin nahi du.

Geronimoren bizitza

Mito asko sortu da Geronimoren inguruan. Esaten da 5.000 gizon behar izan zirela hura harrapatzeko. Apatxeak oso herri borrokalaria ziren, eta kolonoek bakean utzi zituzten, hasieran. 1958an bikotekidea eta umeak hil zizkiotenetik, Geronimo apatxeen buruzagietako bat bihurtu zen. 1886an eman zuen amore, bere lurrera itzultzen uzteko baldintzarekin. Hitzartutakoa ez zen inoiz bete. Hainbat tokitan izan zuten preso. Zurien ohiturak bereganatu zituen, janzkera, erlijioa eta alkohola edateko grina barne. Pneumoniarekin hil zen, 84 urterekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)