Etorkin adingabe kopuruak behera egin du Bizkaian

Iaz, baztertuak izateko arriskuan zeuden 170 emakumeri eta 89 haurri egin zien harrera Foru Aldundiak

Berria, , 13-02-2009

Maite Asensio
Bilbo

Iaz, seniderik gabeko 440 etorkin adingabe iritsi ziren Bizkaira, 2007an baino 15 gutxiago. Aldea handia ez den arren, etorkin adingabeen kopuruak azken urteotan izandako goranzko joera hautsi zen. Baztertze egoeran edo baztertuak izateko arriskuan daudenei, Bizkaiko Foru Aldundiak 2008an emandako laguntzen balantzea aurkeztean eman zituen datuok Juan Maria Aburto Gizarte Ekintzako diputatuak. Beherakada horren eta zabaldutako zentro berrien ondorioz, Diputazioaren azpiegiturek arnasa hartu ahal izan dutela esan du Aburtok: «Orain, egoera jasangarria da Bizkaian».

Etorkin adingabeen harreraren inguruan iskanbila handia izan zen iaz. Aldundiko hezitzaileek bi zentroetan egoera bereziki kezkagarria zela salatu zuten: Artzentalesko Garmon eta Artxandako Viveron; egun gutxira, Garmori su eman zioten gazteek. Bi zentro horiek zabalik jarraituko dutela berretsi du Aburtok: «Zentro bereziak dira; itxi nahi genituzke, baina ezin dugu».

Hara eramaten dituzte kopuru jakin batetik aurrera heldutako etorkin adingabeak, «guztiei ezin diegulako behar bezalako arreta eman». Hala ere, Artzentales eta Artxandako plaza kopuruak murriztu dituztela eta oinarrizko trebakuntza programak ezarri dituztela esan du Aburtok.

Edonola ere, Bizkaira heldutako etorkin adingabeak gero eta gazteagoak direla nabarmendu du diputatuak. Nerabe batzuk 15 urterekin iritsi ziren iaz, baita 13 edo 14rekin ere. «Horren gazteak direnean, DBHko ikasketetan sartu behar dira, haiek lan egitera datozenean», azaldu du Aburtok; «horrek frustrazio handia eragiten die, eta familiatik urruntzeak eragiten diena gehitu behar zaio horri».

Bizkaiko Foru Aldundiak bertako haurrei ere laguntza ematen die, gurasoek tratu txarrak ematen dizkietenean, edo haiez arduratu ezin dutenean. 2008 amaitu zenean, 287 adingabe zeuden Aldundiaren egoitzetan, 373 hurbileko senideren baten etxean, eta 94 beste familia baten etxean. Halere, adopzioek behera egin zutela ohartarazi du Aburtok, nazioartekoek batez ere; prozeduren konplexutasunari eta herrialde batzuek eskakizunak zorroztu izanari egotzi dio hori.

Emakumeen harrera

Bazterketa arriskuan dauden edo genero indarkeria jasan duten emakumeentzat eta haien seme-alabentzat eta harrera zerbitzua du Diputazioak. Iaz, 170 emakume eta 89 haur hartu zituzten, horietako batzuk behin baino gehiagotan. Oro har, zerbitzu horrek ez du gainezka egiten, Aburtoren arabera, «egungo tresna juridikoen ondorioz, emakume gehienek ez dutelako etxetik alde egin behar». Halaber, 891 laguni eman zieten laguntza psikologikoa, eta 441ri laguntza juridikoa.

Bestalde, oinarrizko errenta jasotzen duten baina legezko gutxieneko soldatara heltzen ez diren 11.194 laguni laguntza ekonomikoa eman zien Aldundiak iaz. Halaber, Aburtok emandako datuen arabera, 2007an baino atzerritar gehiagok eskatu zuten iaz laguntza ekonomikoa, baina oro har, laguntza hori denbora gutxiagoan behar izaten dutela nabarmendu du diputatuak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)