'Ander' euskarazko filmak «bere tokia izan du» Berlinale jaialdian

Nazioarteko zinemaldi nagusienetako batean aurkeztu duten lehendabiziko euskal filma da Roberto Castonen obra «Sexu askapena eta bakardadea» dira Panorama atalean emandako lanaren gaiak

Berria, Xabier Martin, 12-02-2009

Ander filmeko zuzendari Roberto Caston (Coruña, 1973) pozik da bere obrak Berlinalen izan duen harrerarekin. Bart (21:30ean) eman dute Zoo Palast historikoan Ander baserritarraren inguruan eraikitako mikrokosmosaren istorioa. Aurretik, eguerdian, kazetarientzako emanaldia izan zen. Aretoa ez zen bete, baina toki huts nabarmenik ez zen izan. Castonek, gainera, lasaitua hartu zuen filmak aurrera egin ahala aretotik inor ez zihoala ohartzean. Filmaren erritmo lasaiak kezkatzen zuen gehien. «Motela eman dezake, baina egokia da landan garatzen den istorio batentzat», esan zuen emanaldiaren ostean.

Edonola ere, Ander-ek harrera polita izan du nazioarteko zinemaldi garrantzitsuenetako batean. Gainera, Latido Films etxeak filma nazioartean banatuko duela jakiteak ilusioa piztu die Berdindu zerbitzuko arduradunei, hau da, zinema proiektuaren sustatzaileei. Gauerdian, filmaren emanaldiaren ostean, Ander filma ardatz izan zuen festa ere antolatu zuten Berlingo antzoki batean.

Ander-en emanaldia jatorrizko bertsioan izan zen Zoo Palasten, alegia, euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesezko azpidatziekin lagunduta. Filma Arratiako euskaraz egin dute, baina gaztelaniaz ere aritzen dira pertsonaia batzuk, euskaraz ez dakitelako; esaterako, Juan perutarrak. Esan daiteke Ander dela Berlinalen eman duten euskarazko lehendabiziko filma. Aurretik bat bada, ordea. Julio Medemen Vacas (1992) Berlinalen eman zuten, halaber, eta donostiarraren film hartako hainbat pasarte euskaraz dira, gehiena gaztelaniaz den arren.

Itzulpen zerbitzua isilik

Beraz, euskara entzun zen atzo Berlingo Zoo Palasten, baita aurretik ere, Roberto Castonek eta haren taldeak emandako prentsaurrekoan. Gernika-Alemania elkarteko kide batek euskaraz galdetu zuen, eta euskaraz erantzun zion Pilar Rodriguez aktoreak Anderren ama filmean. Orduan, aldi bereko itzulpen zerbitzua isildu egin zen aretoan. Azaldu aldera, gehienek ulertu ez zutena alemanez errepikatu zuen Gernika-Alemania elkarteko kideak berak.

«Izugarria izan da, tunel magiko batean egotea bezalakoa», zioen atzo Castonek Berlinalen izandako bizipena gogoratuz; «dena dago aldez aurretik xehetasun guztiarekin pentsatua. Ekitaldia kronometratua egon da. Internetez ematen dute prentsaurrekoa, eta aretora zehazki noiz atera behar nuen ere esan didate». Prentsaurrekoan galdera anitz izan ziren. Euskal Herriko, Espainiako eta Latinamerikako kazetariek bete zituzten eserlekuak gehien batean. «Orduerdi lehenago Demi Moore egon da areto berean [Sail ofizialeko Happy Tears aurkezten]. Gu ezin gara harekin lehiatu, baina filmak izan du bere tokia, bere publikoa».

Ezaguna da Ander Berdindu zerbitzuaren enkarguz egindako filma dela, homosexualitatearen gaia jorratzeko eskatu ziotela Roberto Caston Zinegoak jaialdiko zuzendariari. «Baina hori baino gehiago da», azaldu zuen Castonek; «Gai nagusia bakardadea da. Pertsonaia guztiak daude bakarrik, eta ez dute ezertxo ere egiten bakardade hori saihesteko, harik eta kanpotik datorren norbait iristen den arte». Panorama ataleko sariren bat irabaztea ere ez du baztertu Castonek. «Zergatik ez?».

«Erritmo lehorreko filma da»

Begoña del Teso zinema kritikaria Berlinalen da egunotan, azken urteetako ekitaldi guztietan bezalaxe. Ander gustatu zaio, oro har, «alde interesgarriak», ikusi dizkio. «Homosexualitatetik harago, maitasunari buruzko istorioa da, eta erritmo moteletik harago, erritmo lehorra dauka», dio. «Paisaiak, jendearen isiltasuna, sentipenak agertzeko ezintasuna… topikoak baditu, hala direlako euskal nekazaritza munduan, baina, bestalde, modernoa da. Kokaz hitz egiten da, adibidez». Dena den, del Tesoren ustez, bakardadea da gai nagusia. «Halaxe esan du zuzendariak, eta harekin bat nator. Hutsak badituela ezin da ezkutatu, baina aldeko puntuak ere bai; esaterako, pertsonaiak oso ongi marraztuak daude».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)