Carlos H. Waisman. Ekonomia eta politika ikerlaria Krisialdi ekonomikoak gizartean eta politikan eragin ahal dituen aldaketak aztertzen ditu soziologo argentinarrak. Atzera eginda, 1930eko hamarkadako krisiak nazismoa ekarri zuela gogorarazi du.
«Europan eta Ipar Amerikan hobera aldatzeko aukera sor dezake krisi ekonomikoak»
Berria, , 12-02-2009Mikel Carramiñana
Bilbo
XX. mendean ere izan dira krisi ekonomikoak, baina egungoak bi ezaugarri nagusi ditu, Carlos H. Waisman ikerlariaren ustez. Lehen aldiz, globala da krisialdia eta, horrez gain, munduko hainbat herrialdetako egoera politikoa ezegonkorra dela sortu da. Ondorioak, hartara, desberdinak izan daitezke herrialde bakoitzaren arabera, «negatiboak edo positiboak», Argentinako soziologoaren arabera. Krisiak zer-nolako aldaketa sozialak eta politikoak ekarriko dituen azaltzeko izango da gaur Waisman Bilbon, Ikerbasquek gonbidatuta.
Krisia agerikoa denetik, zer-nolako aldaketak ikusi dituzu politikan?
Ekonomian izandako ondorio larriak ez bezala, politikan izandakoak positiboak dira. Gobernu guztiek neurri eraginkor eta pragmatikoekin erantzun diote krisiari, autoerregulazioaren babes sutsua egiten zutenek ere, AEBetakoak kasu. Krisia, alabaina, hasi berri da. Etorkizuneko ondorio negatiboek kezkatzen naute. Demokrazia berrietan eman daitezkeen atzerapausoak dira kezkagarriak, Hego Amerikan, Europako erdialdean edota Iranen eta horrelako beste petroestatuetan.
Zer- nolako ondorio negatiboak?
Askotarikoak izan daitezke. Errusiako edo Txinako ekonomietan atzerakadak ziurgabetasun handia dakar. Europako herrialde aberatsetan eta Ipar Amerikan, ordea, hobera aldatzeko aukera sor dezake krisialdi ekonomikoak. Finantza sektorea hobeto arautzeko eta ongizate estatua zabaltzeko, besteak beste.
Zeintzuk dira zailtasun handienak pairatuko dituzten herrialdeak?
Petroestatuak, ondasun ia bakarra petrolioa dutenek alegia, Venezuela, Ekuador, Bolivia, Iran… Errusia bera ere bai. Baliabide naturalen madarikazioa dute horiek, ikerlariok esaten dugunez. Petrolioaren prezioa hain garestia izan da denbora luzez, ezen herrialde horietako gobernuak ez daude prest krisialdiari aurre egiteko. Ez dituzte beren ekonomiak dibertsifikatu eta erregaiaren prezioak behera eginez gero, oso sarrera gutxi izango dituzte. Beherakada luzarokoa gertatuko balitz, oso zailtasun larriak izango dituzte erregimen horiek, suntsipena bera ere bai. Zenbait kasutan, demokraziarako aukerak izango dira, Iranen esaterako. Saudi Arabian, aldiz, okerrera egin dezake, egungo monarkiaren ordez fundamentalismoak irabaz dezakeelako.
Langabezia izugarri handitzen ari den herrialde aberatsetan, zer ekar dezake krisialdiak?
Gizartea kalera ateratzea, baina horren ez du zertan negatiboa izan. Krisiak bi irtenbide izan ditzake, bertutetsua, ekonomia arautu, eskaera bultatzeko planak egin, defizita handitu, ongizate soziala indartu eta konfiantza berreskuratzeko politika egitekoa. Krisia gainditu ez ezik, demokrazia indartzeko baliagarria izango litzateke. Horren guztiaren kontrakoa bultzatuz, aldiz, mugimendu nazionalistak, xenofobia eta bestelako erantzunak gerta daitezke. Europako mendebaldeko herrialdeetan, alabaina, ez dut uste halakorik emango direnik. Estatuek badituzte ekonomia arautzeko baliabideak.
Esan da Marxek berak aurreikusi zituela egungo ondorioetako batzuk.
Ez gaude sozialismorako trantsizioan murgilduta. Horren zalantzarik ez dago. Erresuma Batuan edo AEBetan izandakoak bankuak edo enpresak nazionalizatzeko neurri partzialak izan dira. Suediak 1990eko hamarkadan jarraitutako bidetik joango dira. Parte-hartzea izan zuen banku nagusietan, baina akzio guztiak saldu zituen Gobernuak gerora, erakunde pribatu bilakatuta. Ez dago bankuak nazionalizatzeko asmoa gobernuen artean. Bada, ordea, finantza sektorea tentuz arautzeko beharra. Merkatuak berez arautzen direlako usteak porrot egin du dagoeneko. Marx baino lehenago, Karl Polanyi irakurri beharko genuke, Eraldatze handia lanean esandakoa.
Noraino esan daiteke krisi batek aldaketa politiko bat eragiten duela?
Joan den mendeko 30eko hamarkadan izandako krisian ondorio nahiko zuzenak izan ziren. Nazismoaren sorrera ulertzea ezinezkoa da Alemaniako langabezia %40 eta %50 bitartekoa izan zela esan gabe.
Aurreko krisietan ez zegoen baliabide bat dago orain, Internet.
Internetek ondorio politikoak izan dituen hedabidea dela badakigu. Hala ere, mundu osorako mugimendu sozialak sor daitezkeen zalantza daukat, herrialde guztietan ez baitago konektatzeko aukerarik. Edonola, gaur egun ez dago demokrazia liberalak ordezkatzeko zilegitasuna duen mugimendurik, ez behintzat Islamaren mundutik at.
(Puede haber caducado)