Psikologoa, genero indarkerian aditua. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzat zaila izan ohi da erasotzailearen aurkako salaketa jartzea, eta, batzuetan, arriskutsua ere bai. Vazquezen ustez, prebentzioan dago giltza.
«Ez salatzearren emakumeak ergeltzat jotzen ez dituen diskurtsoa behar da»
Berria, , 29-01-2009Maite Asensio
Bilbo
Tratu txarrak jasan izan dituzten emakumeekin egiten du lan Norma Vazquez psikologoak (Mexiko Hiria, 1960). Genero indarkeriaren oinarriez mintzatu zen atzo Bilbon, Garapenerako Estrategia Positiboei Buruzko V. Jardunaldietan. Vazquezen ustez, bortizkeriari aurre egiteko funtsezko giltzarria eman du feminismoak: «Emakume guztiek dugu erasoren bat jasateko arriskua, baina badakigu ez dela geure errua».
Gero eta kontzientzia handiagoa dago genero indarkeriaren gainean, baina jendartean ez da modu berean barneratu indarkeria horren oinarria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun sozialean dagoela. Zergatik?
Hitzak barneratu dira, baina ez ideia; instituzioek mezu hori ematen dute, baina jendeak ez du guztiz sinesten, ez dituelako ikusten berdintasun ezan eraikitako harremanak. Oraindik ere, askok uste dute arazo pertsonala dela, gaizki dauden gizonena eta emakumeena; eta ez egiturazkoa.
Indarkeria mota berriak agertzen ari dira; ildo horretan, beren autonomia areagotzen duten emakumeen aurkakoa aipatu duzu. Salaketa jartzeak indarkeria gehiago ekartzen al die batzuei?
Batzuetan bai, eta hori ez da esaten. Salaketa jarri ondoren babesik jasotzen ez badute, emakume askoren egoera ahulagoa bihurtzen da, eta erasotzailea indartsuago, harremanaren alde ‘intimoa’ argitara atera duelako emakumeak. Hemen denetarik dago. Nabarmena da andre askori lagundu diela salatzeak, noski, eta batzuei ez die aldaketa handirik ekarri. Baina beste kasu batzuetan, egoerak okerrera egin du: emakumeak arrisku handian jarri dituen prozesua eragin du salaketak.
Neurri batean, salaketarik jarri ez duten emakumeei jasaten duten indarkeriaren errua egozten zaiela uste duzu?
Bai. Errua egozten zaie, laguntza zerbitzuak ukatzen zaizkie eta ingurukoei ezin dutela ezer egin adierazten zaie. Erasotzaileei, ordea, zer esaten zaie? Horrelakorik ez egiteko esaten dien mezu argirik ez dago, adibidez. Emakume bat jotzen duzunean gizon izateari uzten diozu leloa [Espainiako Berdintasun Ministerioak genero indarkeriaren aurka abiatutako kanpainakoa] konplexu xamarra da; ez ditu bideratzen hausnartzera zergatik duten jotzeko beharra eta zergatik erakutsi behar duten euren gizontasuna. Emakumeentzat ere beste diskurtso bat eraiki behar da, ez salatzeagatik ergelak direla adierazten ez diena edo egun edozein bana daitekeela dioena.
Esan duzu, halaber, ez salatzea ezin dela aitzakia izan arazoaren gainean ez jarduteko.
Salatzea prozesu bat da, emakumeak erasotzailerik eta indarkeriarik gabe bizi daitezkeela konturatzen direnekoa. Eta ez da prozesu psikologikoa bakarrik. Paperik gabeko emakumezko etorkin bati hainbat galdera bururatzen zaizkio: Non biziko naiz? Zer gertatuko da nire seme-alabekin? Nola egingo dut lan? Nola lagunduko diot aberrian dagoen familiari? Arazo horiek konpontzeko, aukera eta laguntza izan behar dute emakumeek. Izan ere, horiek konpondu ezean, erasotzailearekin bizitzen jarraituko dute.
Bestalde, instituzioek salaketa jarri behar dela baino ez dute adierazten, baina prebentzioaren alorrean ez da ia ezer egin, ez da baliabiderik bideratu. Gainera, jokabide batzuk, mikromatxismo deiturikoak, ez dira inoiz salatu ahal izango, baina indarkeria gisara uler daitezke. Eta horiek identifikatzeko klabeak eman behar dira.
Erasotzailearekiko harremanari berrekitea porrot gisa ulertzen da.
Bai, eta erakundeen baliabideak arduragabeki erabili direla esaten da, baita denbora eta energia galdu dela ere, edo berriro laguntza jasotzeko eskubiderik ez lukeela izan beharko. Baina genero indarkeria gainditzeak prozesu luze eta konplexua dakar. Kasuaren araberakoa da: tratu txar fisikoa behin jasan duen emakume batentzat, indarkeria fisikoa ez da ohiko bihurtu harremanean, eta harentzat errazagoa izango da hori burutik ateratzea. Baina emakume batzuek urtetan edo hamarkadetan jasan dute indarkeria, harremanaren parte da, familiari errealitate hori ezkutatu diote… eta haientzat oso zaila da hori gainditzea; lan handia eskatzen du, ez da hamar terapia saioko kontua. Eta genero indarkeriak luzaroan jasan dutenentzat, gainera, ia ezinezkoa da salaketa jartzea; euren eskemak gehiegi haustea dakar.
Tratu txarrak gainditzen dituztenean, nola ken dakieke emakumeei biktima izatearen estigma?
Biktimak dira esperientzia traumatiko bat bizi izan dutelako, baina ez litzateke ona izango esperientzia horrekin hautsi eta hamar urtera biktima dela pentsatzen jarraitzea. Diskurtso horiek oso hedatuta daude: beti izango dira biktimak, sexu erasoek bizitza hondatzen dute… Emakumeek ez dute indarkeria horren errurik, eta, beraz, ez dute zama hori bizitza osoan eraman behar. Gizon batek ez badu emakume baten borondatea errespetatzen, gizonarena da errua. Hori argi ez badugu, emakumeak erasoen erantzule egingo ditugu, egoera hori saihesteko ezer egin izan ez balute bezala. Eta jarrera hori agertzen denean, biktimekiko elkartasuna adierazi ordez, are gehiago biktimizatzen ditugu.
Denbora askoan genero indarkeria jasan duten emakumeen izaera aztertu da, gizonena alde batera utzita…
Bai. Niri oso interesgarria irudituko litzaidake aztertzea zergatik gizon batzuek ez duten tratu txarrik egiten, edota zergatik gizon batzuk ez diren inoiz emakume bati sexu erasoa egiteko gai izango. Batzuetan oso argi ikusten da osagai etiko batzuk dauzkatela barneratuta, maskulinotasunarekin lotutako balore positiboak: ez dute tratu txarrik egiteko beharrik, euren autoestimua elikatzen duten beste gauza batzuk dituztelako.
masensio@berria.info
(Puede haber caducado)