Maratila
Ito(r)kinak
Berria, , 29-01-2009Beheko etxebizitzan etorkin hegoamerikarrak bizi dira. Ez dakigu zenbat diren, baina susmoa dugu asko direla. Ez dakigu zenbatean ordaintzen duten alokairua, baina susmoa dugu asko dela. Eta susmoa dugu, halaber, gelako ordaintzen dutela.
Agian horrexegatik dira asko.
Lehengoan garbigailua matxuratu egin zitzaigun. Gu ez ginen matxuraz ohartu harik eta etxebizitzaren jabeak telefonoz deitu zigun arte, baina ordurako beheko bizilagunen sabaia itogin eder batez zegoen apainduta. Gertatutakoa ikustera jaitsi nintzenean Oscarrek serio zabaldu zidan atea, eta itogina ikustera eraman ninduen. Eta itoginaz hitz egiten zidan bitartean zera iruditu zitzaidan, bere begiek halako sentimendu berezi bat gordetzen zutela, urduri balego bezala, beldurrez balego bezala. Eta irudipen horrekin itzuli nintzen etxera.
Asegurukoek matxura konpondu ostean pintoreekin hitz egin genuen. Itogina lehortu arte, ezin ezer pintatu, eta atzera jaitsi nintzen Oscarrengana. Lehenengo bisitan ez bezala, irribarretsu zabaldu zidan atea. Hirugarrenean, pintoreek dena txukun utzi ote zuten galdetzera jaitsi nintzenean, irribarrea ez ezik eskua ere eskaini zidan, esker onez.
Orduantxe ulertu nuen zergatik ikusi nuen beldurra bere begietan.
Guk egin beharrekoa baino ez genuen egin. Gizalegez jokatu besterik ez.
Baina, antza denez, ez dute horrelakorik espero guregandik, eta horregatik eskertzen digute guri aseguruari eskertu behar diotena.
(Puede haber caducado)