Larrepetit
'Ich bin ein Berliner'
Berria, , 22-01-2009Beharbada, hizlari onak ez dira hitz egokia esaten dakitenak. Inork pentsatu gabea zuen ideia iraultzailea mahai gainean jarriko dutenak. Beharbada, hitzaren lotsarik ez dutenak dira. Kennedy, «bere osotasunean ulertu behar da askatasuna: gizon bakarra esklabo bada, askatasunik ez dago». Gandhi, «zeuk izan behar duzu mundurako nahi duzun aldaketa hori». Churchill, «gauza eder guztiak sinpleak dira eta hitz bakarrean labur litezke: askatasuna, justizia, ohorea, ardura, errukia, itxaropena». Hizlari onak ez du zertan jenioa, artista, iraultzailea izan, ezta poeta edo filosofoa ere. Hizlari onak zertan sinistu behar genukeen gogoratzen digu, hitz sinpleekin ideia unibertsalak seinalatuz. Entzun nahi duguna eta badakiguna esaten digu eta eskertu egiten diogu, ume txikien antzera nagusiok ere behar dugulako ipuin berbera behin eta berriz entzun.
Hizlari onak Giza Eskubideen Aldarrikapen unibertsala hartu behar du eta irakurri, hortxe baitauka idatzi den diskurtsorik onena. «Gizon emakume guztiak aske jaio gara, duintasun eta eskubide berberekin, eta ezagutza eman zaigunez, eta kontzientzia ere eman zaigunez, elkarren anai-arreba izan behar dugu». Hizlari onak Washingtonera joan behar du eta esan, hitz gutxirekin zortzi urtez entzun ez duguna, «gure boterea ez zaigu nahiko behar dugun babesa lortzeko eta ez da nahi duguna egiteko boterea».
Harvardeko presidente beltzak erabaki onak bezala txarrak ere hartuko ditu, baina ze hizlari ona den, ene, ze hizlari ona.
(Puede haber caducado)