Nafarroak Gipuzkoak adina biztanle izango ditu hamar urteren buruan
Bizkaiak eta Gipuzkoak biztanleak galduko dituzte, eta Arabak eta Nafarroak irabaziko, proiekzio baten arabera
Berria, , 22-01-2009Iñaki Petxarroman
Donostia
Azken urteotan Hego Euskal Herrian izaten ari den bilakaera demografikoaren berri eman du Espainiako Estatistika Institutuak (INE), baita hurrengo urteotan espero diren gorabeheren proiekzioa ere. Hala, besteak beste, immigrazioaren fenomenoa Euskal Herrian izaten ari den eraginaren tamaina ikus daiteke datuetan. Hala, Nafarroak ia Gipuzkoak adina biztanle izango ditu hamar urte barru, INEren azterketak eman duen datu bat aipatzearren. Nafarroak 661.271 biztanle izango ditu 2018an, eta Gipuzkoak 681.498.
Datu esanguratsua da hori, bi probintzietako azken hamarkadetako biztanle kopuruaren bilakaerari erreparatuz gero. Izan ere, 1975. urtean ia 200.000 biztanle gehiago zituen Gipuzkoak Nafarroak baino. Gaur egun 691.839 ditu Gipuzkoak, eta 606.234 Nafarroak. 1975ean 682.000 biztanle zituen Gipuzkoak, eta 483.000 Nafarroak. Historiari erreparatuz gero, 1950. urtera arte Nafarroak biztanle gehiago izan zituen beti Gipuzkoak baino.
Nafarroan azken urteotan nabaria izan da immigrazio fenomenoak biztanle kopuruaren hazkundeari ekarri dion bultzada. Nafarroako Gobernuak iazko uztailean emandako datuen arabera, 68.000 etorkin bizi dira Nafarroan gaur egun, biztanleria osoaren %12 gutxi gora behera. INEren arabera, datozen urteotan ere handiagoa izango da herrialdera iritsiko den herritarren kopurua, bertatik joango direnena baino. Hain zuzen ere, 2018. urtera bitartean 56.306 herritar iristea espero da, eta 20.195 joatea. Ondorioz, jende etorrera hurrengo urteotan moteltzea aurreikusten du ikerketak.
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaira ere jende gehiago iritsiko da joango direnak baino, baina kopuru apalagoan. Izan ere, 127.955 herritar iristea espero dute, eta 117.290 joatea.
Bizkai eta Gipuzkoan, behera
Azken urteetan ez bezala, 2018. urterako joera demografiko negatiboa izango da Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi probintziek biztanleak galduko dituzte, eta arrazoia da, besteak beste, jaiotza gutxiago izango direla heriotzak baino, INEk egindako proiekzioaren arabera. Hala, Bizkaiak ia 30.000 biztanle galduko ditu (gaur egun 1.140.373 ditu), eta Gipuzkoak, berriz, 10.000 inguru. Arabak, Nafarroak bezala, biztanle gehiago izatea aurreikusten da, 10.000 bat mila. Gaur egun 308.527 ditu Arabak.
Hego Euskal Herria kontuan izanda, 27.000 biztanle gehiago izango dira hamar urte barru Espainiako Estatistika Institutuaren azterketaren arabera, %0,98 gehiago.
INEk azaldu duenez, lehen aldia da etorkizuneko aurreikuspenetan oinarritutako horrelako azterketa egiten duena. Horretarako, osagai demografiko oinarrizkoak aztertu dituztela adierazi dute: heriotza kopurua, jaiotza kopurua eta migrazioa.
Azterketaren arabera, Hego Euskal Herrian 2018an milioi bat biztanle gehiago izango dira 1960an baino. Hazkunderik handiena, edonola ere, 1960tik 1975era gertatu zen. Espainiako immigrazioak eta jaiotza tasa handiek eragin zuten hazkunde demografiko handia bi hamarkada horietan.
(Puede haber caducado)