Dena prest da Barack Obamaren egun handirak
AEBetako presidentearen karguaren zina egitekoa da gaur Obama, inoizko segurtasun neurri sendoenen artean Inkesta baten arabera, arrazakeria desagertzear dela uste dute estatubatuarrek
Berria, , 20-01-2009Abraham Linconek 1861ean aukeratu zuenetik inork erabili ez duen bibliaren gainean eskua jarri eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente karguaren zina egitekoa da gaur Barack Obama; eta hark egindakoa errepikatuko du, berehala, Joe Biden presidenteordeak.Washington hiriburuko Kapitolioan gertatuko da hori, 13:00etan Euskal Herriko 18:00etan, milimetrora neurtutako ekitaldian ezustekorik ez balego. Ondoren, 21 kanoiren tiro hotsek eta musika militarrak lagunduta, Legebiltzarraren egoitzatik atera eta 35 hitzeko diskurtsoa egin beharko du Obamak; ez bat gehiago, ez bat gutxiago, gobernuburu izango bada. Hala dio, behinik behin, Konstituzioak.
Obamak azken urtean jendaurrean esandako guztien moduan, Jon Favreauk idatzi ditu hitzok. Orain, ordea, 27 urteko idazleak bi hilabete behar izan ditu hitzaldia osatzeko. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, hitzaldi politikoa kasik literatur generoa da AEBetan. Eta aurreikusitakoaren arabera, marine-en banda eta hainbat koro entzunez zain egon diren bi milioi estatubatuarrek entzungo dute gaurkoa zuzenean; eta askoz gehiagok telebista bidez, AEBetan eta munduan. Hitzaldia egin ondoren, Pensilvania etorbidea hartu eta Kapitoliotik Etxe Zurirako bidea egingo du AEBetako 44. presidenteak. Eta Washingtonek festan jarraituko du.
Festak segitu egingo du, herenegun hasi baitzen. Milaka lagun heldu dira herrialdeko txoko guztietatik gobernu aldaketa ospatzeko. Eta haiek entretenituta edukitzeko ekitaldiak dira nonahi. Artean presidente zen George Bushek salbuespen egoera ezarri zuen astebururako, eta 280 jatetxeri 24 orduz sukaldea martxan edukitzeko baimena eman. Segurtasun neurriak ere festaren neurrikoak dira. Hainbat kilometro koadroko eremua itxiko dute Kapitolioaren inguruan. Lurrean 150 patruilak eta zerutik gerra hegazkinek zainduko dute gobernu aldaketa. Eta armadako ontziek, berriz, Potomac eta Anacostia ibaiak bijilatuko dituzte. Arma kimikoak eta biologikoak atzemateko tresnak ere jarriko dituzte ekitaldirako sarreretan.
Amaigabeko parranda Lincolnen monumentuaren parean egin zuten kontzertu erraldoiarekin hasi zen ofizialki. Mundu osoan ezagunak diren hainbat abeslari igo ziren oholtza gainera, eta esanahiez beteriko letrak eskaini zizkieten entzutera hurbildu ziren 400.000 lagun ingururi. Gobernuburu berriak ere heldu zuen mikrofonoa: «Zuen ahotsa da Bulego Obalean nagoela entzungo dudana». Agintaldian aurre egin beharko dien erronka nagusiak banan-banan aipatu zituen ondoren: gerra, ekonomia krisia, langabezia. «Hala ere, egin beharreko lana izugarrizkoa bada ere, inoiz baino ziurrago nago AEBek gure sortzaileen ametsari eutsiko diotela», esan zuen Obamak, 46 urte lehenago Martin Luther Kingek Amets bat dut hitzaldi ezaguna egin zuen leku berberean.
Luther Kingen ametsa
Behin eta berriz alderatu dituzte King eta Obama. Bigarrena lehenaren ametsa gauzatu duen gizon gisa ere ikusi dute askok. «Amets bat izan dut, egun batean herrialde hau altxatuko dela eta benetako egia argitu: gizon guztiak berdinak sortuak direla», esan zuen lehenak, 1963an. Eta bigarrenak, hori frogatze bidean, Etxe Zuria kolorez aldatu du.
Horren aurrean, arrazakeria desagertzen ari dela uste dute estatubatuarrek. Hori islatzen du, behinik behin, The Washington Post egunkariak eta ABC telebista kateak elkarrekin egin duten inkestak. Martin Luther Kingen omenezko egunean argitaratu zuten, atzo, inkesta hori. Eta horren arabera, galdekatu dituztenen %79k uste dute beltzen eta zurien arteko berdintasuna lortzear direla AEBetan. Hamarretik seik, gainera, Obamaren agintaldian horren alde nabarmen egingo dela uste dute. Hala, %26k galdekatutako zurien %22k eta beltzen %44k baino ez dute ikusten arrazakeria arazo larri gisa. Gisa horretako azken inkestakoak baino baikorragoak dira emaitza horiek. Galdekatu zituztenetatik %54k estatubatuarren arrazakeria larritzat jotzen zuten 1996. urtean.
Zenbakia
%79
Sostengua. Obama da AEBek inoiz izan duten presidenterik maiteena. The Washington Post-en inkesta baten arabera, %79ko sostengua dauka karguaren zina egin berritan.
(Puede haber caducado)