Leihatila
Krisia aitzakia, etorkinen kaltean
Berria, , 20-01-2009Immigrazioak ekonomia osagai handi bat du, bai haren eragile diren arrazoietan, bai sorleku eta jomuga dituen herrialdeetan dakartzan ondorioetan; hori ezin eztabaidatuzkoa da. Eztabaidaigarriagoa izan beharko luke eta bidezko gizarte eztabaida bat sorrarazi beharko luke, ordea, migrazio mugimenduetako protagonistak adierazle huts bihurtu izana, kapitalismoaren engranajeko beste pieza bat bakarrik izateraino, eta sistema horri egindako zerbitzuen arabera aitortzea edo ukatzea haiei eskubideak. Beharbada, orain, hitzetik hortzera darabilgun ekonomia krisia dela-eta, litekeena izango da inon direnik eta erregulaziorik murriztaileenak gauzatzea, gobernari askok eta askok irrikaz desiratzen baitituzte. Orain entzungo da, halaber, ahots kritikorik gutxien, jakinekoa baita krisialdian are eta gehiago bildu beharra daukagula geuretarrengana.
Agerikoa dena ukatzeko inolako asmorik gabe, egia da krisi hau ezin hobeto datorkiela betikoei, langileak are eta malgutasun handiagoz bota ahal izateko, soldatak eta negoziazioak dauden-daudenean uzteko, eta egoerarik ahulenean dauden pertsonen eskubideak gero eta gehiago murrizteko. Hala, ministroek joan den urtean egindako azken kontseiluetako batean, Espainiako Gobernuak onartu egin zuen Atzerritarren Legeak erreformatzeko aurreproiektua. Inork oraindik zalantzarik baldin badu ere erreformaren testuak pertsona atzerritarren bizi-baldintzak hobetu ote ditzakeen eta erabileraren ikuspegiaz bestera aintzat har ote dezakeen immigrazioa, hona hemen zer dioen lehenbiziko artikuluetan: «Gobernuak osoko migrazio politika bat egingo du, besteak beste, immigrazio legezko eta ordenazko bat oinarritzat izango duena, jarduera emankor bat egitera bideratuko dena».
Halako adierazpen batetik ezer gutxi espero daiteke. Etsigarriena da, ordea, uste berekoa dela jende asko; baldin eta aurrerantzean ere ekonomia kontutzat hartzen badugu migrazio fenomenoa, hein batean galdua izango dugu pertsona guztien berdintasunaren eta eskubideen aldeko borroka; batez ere, orain, krisia dela-eta lurra ereinda baitago edonolako demagogiari leku egiteko. Erreformaren testuari bagagozkio, berriz, pertsona immigranteen eskubideak are eta gehiago murrizten ditu. Hala nola 60 eguneko giltzapetze aldia ezartzen du, Lotsaren Direktiba aplikatuz gero edo 65 urtetik beherako arbasoekin berriro elkartzerik ez izanez gero. Horrez gainera, arau-hauste larritzat jotzen ditu elkartasunezko jarrera zenbait 10.000 euroko isunak ezartzeraino, esate baterako, helbide bat eskaintzea erroldatze ondorioetarako baldin eta ez bada benetako helbidea. Jokabide larri horri esker lortu ahal izan dituzte pertsona askok eskubide oinarrizkoak. Baina ez dira horretan amaitzen urte honetarako erreforma berriak, dagoeneko prest baitute asiloaren legeari buruzko erreforma proiektua ere, eta Atzerritarren Legea bezain etsigarria da. Kalera irteteko arrazoirik ez zaigu faltako
(Puede haber caducado)