Alarma sozialaren politika

Berria, Bixente Serrano Izko, 18-01-2009

Bixente Serrano Izko

HIstorialari eta idazlea

Xamurra bai xamurra Espainiako justizia sistemaren sentiberatasuna gizarte alarmaren aurrean. Hori sentiberatasuna hori, hainbat epailerena, etorkinen aurkako zigorrak eta prozedurak gogortzera jotzen dituena, eta terrorismoaren aurkakoak, eta, honen aitzakiaren pean, euskal kultura eta nazionalismoaren inguruko auziak, edo euskal gazteria edo Euskal Herriko talde eta mugimendu anitzen aurrekoak. Non dute, ordea, alarma soziala eskularru zuridun lapurrei, espekulatzaileei eta enparauei, edo sexu indarkeria zaleei, auzi prozedurarik laxoenak, absoluziorik lainoenak edo zigorrik bigunenak ezartzerakoan?

Hau demagogia, nirea, baiki! Irakurleak badaki, ongi jakin ere, ez dudala adibide bat ere aipagarri. Ez dut, bada, ez denborarik ez espaziorik galduko errepasoak ematen, ez ñabarduretan sartzen. Gogoeta batzuk egitera joko dut neure demagogiak bultzaturik, gogoetek beti baitute, bederen, ideia-espekulazioen xarma, diru-espekulazioarena ez dutenez gero.

Ergel izan beharko luke epaile batek alarma sozialaren zantzuak ez ikusteko bere axolagabekeriaren aurrean delitu matxistetan, ez bada uste duelako emakumeak, logika osoz asaldagarrienak, ez direla gizartearen kideak, hots, ez badu ezabatzen gizartearen erdia baino gehiago.

Halaber, eskularru zurietako bertze kasu horietan, epaile batek bere jokamolde errukitsuaren aurrean alarma sozialik ikusiko ez balu, ondorio bitxi bat atera beharko genuke: alegia, haren ustez elite txiki bat baizik ez dela gizartea, goi mailako zerrenda estu hori, dirudunena, botere ekonomikoen erdi-erdian eta itzalean mugitzen dakitenena; bere ustez elite horixe asaldatuko litzaiokeela benetan, errore ekonomikoak delitu zigorgarritzat joko balitu berak; gaizki kalkulaturiko ausardia, fede onkeria, egoerak nahasitako urrats faltsua… izan baitaitezke, gehienez jota, ustezko delitu horiek, inolaz ere ez lapurreria aferarik.

Ene asmo demagogikoa gora behera, justifikatuagoa dago, aitortu behar, alarma sozialaren beldurra etorkinen eta euskal arazoen inguruko jokamolde judizialetan. Izan ere, etorkinak mintzo, zein arnas barea hartzen duen jende gehienak edozein istilu sozial, edozein lapurreria edo lan kontu lepora diezaiokenean etorkinen talde bati! Horrelako ustezko delitugileak, ustez izate hutsagatik, errudun izanen bailiran tratatu behar dituzte epaileek, hasieratik bertatik, eta ahalik eta zigor gogorren pean jarri azkenean. Historia osoko mekanismo zaharra dugu hau, trebeki erabilia batzuei komeni izan zaienean, gizarteak, bere gehien-gehiengoan, barnera dezan eta alarma sozialak nahierara piz daitezen.

Berdintsu errebindikazio politiko, kultural, sozial, etab., ez-zuzenak egiten dituztenen kasuan, eta gaur bereziki Euskal Herriko kasuan. Aznar, Garzon eta enparauen tesiek, ETAren burugabekerien eta hala moduz jotako musika-tresna anitzen soinupean, sakon-sakon iltzatu dituzte espainiar gizartean alarma sentsore sentiberak, terrorismoaren aurrean ez ezik, demokrazian guztiz zilegi diren ideologia eta eskaera anitzen aurrean ere. Alarma soziala benetakoa da.

Baina epaileen alarma, sozial al da? Sexu indarkeriaren aurreko zuhurkeria, kultural eta ideologikoa da; eskularru zuridun lapurren aurreko errukia, klase-morrontzazkoa da; sentiberatasun gutxi, haiena, horren aurreko harridura eta asaldura sozialarekin. Etorkinen aurkako gogorkeria asaldura sozialaren pean zuritzen badute, etorkinak azken batean gizartearen partetzat ikusten ez dituztelako da.

Eta euskal auzietako zurrunbiloan harrapatuen aurreko epaileen alarma, sozial al da? Ibarretxe eta bertze solaskideen auzipetzea kotoi-proba dugu: alarma sozialaren zioan tematu ziren auzia aurrera eramateko, baina alarma politikoak piztu direnean, hauteskundeak irteera-marran, akabo alarma soziala! Mementoz bederen. Batzuen alarma politikoaren zerbitzura dago alarma sozialaren aurrean hain sentibera agertu nahi duen justizia-sistema espainiarra.

Demagogikoa nirea, baiki eta eiki. Ikasle eskasa ni, halaz ere, alarma sozialaren demagogian eskolatuen aldean.

Batzuen alarma politikoaren zerbitzura dago alarma sozialaren aurrean hain sentibera agertu nahi duen justizia-sistema espainiarra

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)