Zirrikituetatik begira
Kultur aniztasuna
Deia, 17-01-2009MUNDUAN zehar pilaka dabilen idazle new ageen onberatasunak dioena dioela (azkenean denok elkar ulertzen dugu, borondate pixka bat paraturik mundua hobe izanen da, elkar ulertzea posible da, maitasunak dena konponduko du) latza baino latzagoa da.
Bai, hori bezain sinplea da, denok borondate pixka bat paratuko bagenu elkar konponduko genuke baina “denok” eta “borondate” ez ditugu guztiok berdin ulertzen eta hasiera – hasieratik dago istilua sortuta, literalki diot, begiratu bestela hominidoei. Ze polita kultur aniztasuna! Ze polita besteen ohituren errespetatzea! Zein politak besteen kaka eta pixak! Zein polita dena…baina utikan nire paretik! Ederki asko esan du Steinerrek duela gutxi: “Oso ongi beltzak, baina ikusiko duzu ondoan bizitzen paratzeagatik zure etxearen balioa jaisten denean”.
Estatuan zirkunzisioaren ondorioz bi haur direla eta EAEko hainbat musulmanek ebakuntza hori Osasunbidean egin dadin eskatu dute, orain baldintza desegokitan egiten dela eta garestia dela arrazoiturik.
Zer erabaki beharko luke Osasunbideak gurea bezalako estatu laiko batean? Hara multi kulturitatearen teoriko arinei galdera plazaraturik. Izan ere, zirkunzisioa onarturik zergatik ez onartu klitoriaren ablazioa?
Bi eredu omen daude (Ikusi beharko Evo Moralesek Konstituzioan berean onartutako aniztasuna zertan gauzatzen den): ingelesa eta frantsesa. Lehendabizikoak kultura bakoitzak bere eremuan nahi bezala bizi dadin bermatzen du, baina ghettoak sortzen omen dira.
Besteak, katerpilar jakobinoa dei – tzen zaio, frantseztasuna ezartzen du derrigorrez desberdintasunak kontuan hartu ere gabe. Eta agerikoa da, ghettoak sortzen ditu. Ondorioa argia da, bestea beti da zaila, matraka ematen du eta kaka eta pixa egiten du. Anitzak garela esatea Fernandoren egia esatea baino ez da.
(Puede haber caducado)