Luther Kingen ametsa, beteta

Berria, Anakoz Amenabar Gasteiz, 10-01-2009

Ametsa betetzen ari da. Gutxinaka-gutxinaka, gizarteak hala eskatuta, gero eta beltz gehiago ari dira edozein jardueratan lanean. Bidea ez dute erraza izan, ordea. Martin Luther Kingek 1963ko abuztuaren 28an Washingtonen (AEB) egindako hitzaldiko desioak betetzen hasi dira. Amets bat daukat goiburu, beltzen integrazioaren aldeko aldarria egin zuen orduan. «Nire seme-alabak herrialde honetan koloreagatik beharrean euren izen onagatik ezagun izatea dut amets». Ametsak bere bidea egin du, oztopo eta zailtasun artean, eta kolore ezberdintasunak gero eta lausoagoak dira dagoeneko. Barack Obama izango da AEBetako lehen presidente beltza, urtarrilaren 20an.

Etxe Zurira heldu aurretik, baina, denetariko esparrutan lan gogorra egin behar izan dute beltzek gizartearen onarpena izateko, munduko lau bazterretan. Ehun urte bete dira, hain zuzen, Jack Johnsonek Munduko Boxeo Txapelketa irabazi zuela eta mende erdia Nobel saria lehendabizikoz beltz bati eman ziotela. Normalizazioaren bidean, asko dira sari batean edo bestean aintzat hartu dituzten beltzak. Egia da, halaber, zoritxarrez, lanagatik baino gehiago koloreagatik jarraitzen dutela albiste iturri izaten. «Ezarri zuek ezberdintasuna, eta ez esan bihar beltz batek irabazi duela Oscarra, aktore batek irabazi duela baizik», adierazi zuen Denzel Washingtonek duela urte batzuk, sari preziatua irabazi eta gero.

Horra hor arlo batean edo bestean gizartearen babesa jaso zuten lehendabizikoak.

RALPH BUNCHE

Lehenengo Nobel sariduna

Arabiar eta juduen artean bitartekari lana egiteagatik, Bakearen Nobela jaso zuen

AEBetako politologo eta diplomazialariak Bakearen Nobel saria jaso zuen 1950ean. Palestinako gatazkan israeldar eta arabiarren artean menia lortzeagatik eman zioten saria Buncheri (1904-1971). Nazio Batuetarako egiten zuen lan, eta berdintasuna defendatu zuen, erlijio eta arraza bereizkeriarik gabekoa.

Ordura arte arraza zurikoek bakarrik jaso zuten saria. Martin Luther Kingek 1964an jaso zuen Bakearen Nobel saria, herritar beltzen eskubideen alde eginiko lanagatik. Urtebete geroago AEBetako hegoaldeko hainbat estatutan beltzen kontrako hainbat lege bertan behera uztea lortu zuen. 1968an tiroz hil zuen James Earl Rayk, Menphisen.

Desmond Tutu artzapezpiku hegoafrikarrak jaso zuen 1984an. Teologia ikasketak egin zituen eta 70eko hamarkadan Ingalaterrara joan eta Elizen Munduko Kontseiluan lan egin zuen. Apartheid-aren kontra egindako aldarri eta idatziengatik jaso zuen Nobel saria. Johannesburgeko lehendabiziko artzapezpiku beltza izan zen.

hattie McdAniel

Lehenengo Oscarra

Zinemako saririk garrantzitsuena jaso zuen lehendabiziko aktorea izan zen

Gone with the Wind filmean egindako lanagatik jaso zuen Oscar saria aktore amerikarrak, 1939an. Scarletten anderearen zerbitzari Mammyrena antzezteagatik irabazi zuen taldeko aktore onenaren saria. Gizonezko beltzen artean, berriz, Sidney Poitierrek jaso zuen, 1963an, Oscarra lehendabiziko aldiz, Lillies of the Field filmagatik. Garai hartako arrazakeriaren inguruko hainbat antzezpen egin zituen eta, horregatik, erreferente izan zen komunitate beltzaren artean.

Poitierren ostean, besteak beste, Denzel Washingtonek, Whoopi Golbergek eta Halle Berryk ere irabazi dute munduko zinemako saririk garrantzitsuena. Hala ere, gutxi dira oraindik zinemaren gailurrera iritsitako beltz irabazleak. Sei lagunek baino ez dute jaso Oscarra 80 urtean. John Ridley idazleak, esaterako, galdera hau egin zuen egunkari batean: «Hainbat aktore onartzen hasi dira, baina non daude zuzendari, soinu teknikari eta gainontzeko kideentzako izendapenak?».

maddy printzesa

Marrazki bizidunetako protagonista

Lehendabiziko aldiz, printzesa beltz bat izango da marrazki bizidunetako protagonista

Historian lehendabiziko aldiz Disneyren produkzio batean agertuko den pertsonaia protagonista beltza izango da. Aurten helduko da zinema aretoetara filma: The Frog Princess ipuin musikala. Hogeita sei urte behar izan ditu Disney etxeak marrazkietako protagonista beltza aurkezteko. Hainbat aktorek tartean Angelina Jolie egindako kritiken ondotik hartu dute erabakia. Ipuin musikalak Maddy du protagonista eta New Orleans izango du bizileku.

Printzesaren aurretik, baina, izan dira marrazki bizidunetan pertsonaia beltz gutxi batzuk, The Incredibles-eko Frozono tartean. Komikietan, beste alde batetik, gehiago aurki daitezke. X-Men abenturetako Bishop eta Daredevil komikiko Kingpin, besteak beste.

Arnaldo tamayo mendez

Lehenengo astronauta

Espaziora joan zen lehenengo beltza izan zen, 80ko hamarkadan

Espaziora bidaia egin zuen lehen beltza izan zen Arnaldo Tamayo. Kuban jaioa, 1942an, gerra pilotu eta kosmonauta izan zen. Umezurtz izanik, 13 urterekin hasi zen lanean, zapatak garbitzen eta arotz laguntzaile modura. Iraultzaren ondoren ikasketa teknikoak egin eta Indar Armatu Iraultzaileetan sartu zen. 1978an Intercosomos izeneko egitasmoan parte hartzeko hautatu zuten eta Sobietar Batasunera joan behar izan zuen. 1980an egin zuen espaziorako lehendabiziko bidaia, Soyuz-38 espaziontzian. Kubako Errepublikako Heroia saria eman zioten bueltan. Gaur egun Kubako Indar Armatuetako Nazioarteko Harremanetarako Arduraduna da, eta herrialdeko diputatu.

Tamayo espaziora joan eta hiru urte geroago abiatu ziren espaziora, beste alde batetik, Guion Bluford eta Mae Jemison amerikarrak. STS-8 eta STS-47 espaziontziontzietan joan ziren lehendabizikoz. Aurretik, Robert H. Lawrence aritu zen astronauta moduan, baina hegazkin istripu batean hil zen, entrenamendua egiten ari zela, eta ez zuen espaziora joateko aukerarik izan.

Ipar poloa zapaldu zuen lehendabizikoa, berriz, Matthew Henson izan zen, Robert Pearyrekin batera, 1909an. Beltza izateagatik, baina, ez zuen izan garai hartako beste abenturazaleek lortu zuten ospea.

robert mcferrin

Metropolitanen abestu zuen lehengoz

New Yorkeko Metropolitan Opera ezagunean bakarrik abestu zuen lehengoz

New Yorkeko Metropolitan Opera ezagunean bakarrik abestu zuen lehendabiziko beltza izan zen Robert McFerrin (1921-2006). 1955ean kantatu zuen, lehenengo aldiz, Aida operako Amonasro pertsonaiarekin, eta hala sartu zen Metropolitaneko konpainian. Hamar opera egin zituen hiru denboralditan. Era berean, ezagun egin zen Sidney Poitierrek Porgy and Bess filmean abesten zuen kantari ahotsa jartzeagatik. 1993an, bestalde, semearekin batera agertu zen agertoki gainean, Bobby McFerrin kantari ezagunarekin.

Robert Mcferrinekin batera, beste hainbat musikari beltzek ere egin zuten bidea, lehenago. Louis Armstrong da (1901-1971), beharbada, jazz musikako aipagarrienetakoa. Tronpeta jole eta kantaria, txikitatik hasi zen musikarekin harremanetan, New Orleansen. Hango erreformatorioko musika taldean hasi eta hiriko lokaletan ezagutu zituen garai hartako musikari handiak. Munduko lau bazterretara zabaldu zuen artistak musika.

Ella Fitzgerald ere (1917-1996) jazzaren historiako lehendabiziko kantari handienetakoa da, Billie Holiday eta Sara Vaughanekin batera. Errepertorio zabalekoa, Kantaren lehendabiziko dama izendatu zuten. AEBetako herri kanten bertsioak eginez egin zen ezagun. Hamahiru Grammy sari eta AEBetako Arteen Domina jaso zituen, besteak beste.

jAnelle comissiong

Unibertsoko lehenengo missa

Edertasun lehiaketa batean saria jaso zuen lehenengo emakume beltza

Comissiong Trinidad eta Tobagoko gazteak irabazi zuen Miss Unibertso saria 1977an. Donald Trump eta NBC kateak zuzendutako frankiziaren lehiaketako arraza hesiak hausten lehena izan zen. Goi mailako modeloen artean, bestalde, Iman modeloa izan zen ibilbidea zabaltzen aurrenekoetakoa. Ondoren heldu ziren Naomi Campbell eta Joy Briant, besteak beste, munduko moda erakustoki garrantzitsuenetara.

jesse owens

Kirol markak hausten lehena

Berlinen, Hitlerren aurrean, mundua liluratu zuen, lau domina lortuta

Owens atleta amerikarrak (1913-1980) nazioartean ospea lortu zuen, 1936ko Berlingo Olinpiar Jokoetan urrezko lau domina jasota. 100 metroetan, 200 metroetan, luzera jauzietan eta erreleboetan irabazi zituen dominok. Arrazakeria giroa pil-pilean, eta Hitlerren begiradapean, markak hautsi zituen atleta beltzak.

AEBetara bueltatzean, ordea, gauzak ez ziren hainbeste aldatu atletarentzat. «Ezin izan nion Hitlerri eskua eman, ez eta Etxe Zuriko presidenteari ere», azaldu zuen autobiografian. Garaiko presidenteak Franklin Roosveltek ez zuen Gobernuaren etxera gonbidatu, hauteskundeak gertu zeudelako eta hegoaldeko estatuen mehatxua zuelako.

Owensekin batera, beste hamaika kirolari beltzek hautsi dituzte markak. Aipagarria da Tiger Woods, golf kirol elitistan lekua egitea lortu zuelako. Michael Jordanek, Carl Lewisek, Williams ahizpek edota Lewis Hamiltonek ere, besteak beste, bidea zabaldu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)