dir - Musikaria Abeslari berbereak Kabiliako (Aljeria) musika joko du gaur, 21:30ean, Bilboko Kafe Antzokian, Azraf Marokoko etorkinen elkarteak berbereen Urteberri eguna ospatzeko antolaturiko jaian.

«Erakutsi nahi dut gutxiengo baztertua izan zaitezkeela eta, aldi berean, unibertsala»

Berria, , 09-01-2009

Edu Lartzanguren

Hamid Ceriat du izena musikariak (Kabilia, Aljeria, 1949), baina ezagunagoa da izen artistikoaren bidez: Idir. Afrikako iparraldeko amazigh (berber) herriaren kultur enbaxadorea da, 1970eko hamarkadatik. World musika esaten zaion mugimenduko lehen arrakasta handia lortu zuen 1975. urtean, A Vava Inouva abestiarekin. 77 herrialdetan zabaldu zen doinua, eta bertsioak egin zituzten hamabost hizkuntzatan. Gaur, lehen aldiz, Euskal Herrian izango da.

Gaur 2958. urtean sartuko gara, berbereen egutegiaren arabera. Kristautasunak 2.009 urte baino ez ditu, eta islamak, 1.430. Historiaren gorabeherak perspektibarekin ikusteko aukera ematen dizue horrek?

Ona da jakitea bagarela horren aspalditik, horrek zaildu egiten duelako gure zilegitasuna zalantzan jartzea. Halere, ez da nahikoa «izan gara, antzinakoak gara» esatea, munduari zer ekar diezaiokegun adierazi behar dugu, gure kultura eta hizkuntza gaurko munduan zuzenean oinarrituta daudela erakutsi. Dena den, ez dago adostasunik urtearekin. Batzuek diote 2959. urtean sartuko garela. Baina dagoeneko adin bat dugunok ez gaude prest urtebete zahartzeko.

Frantzian bizi zara aspaldi. Izan al zaitezke kabiliarra horren urrutitik?

Kabilia nire arima da. Sarri joaten naiz, baina ez nahi adina. Dena den, kabiliarra izan zaitezke buruan. Euskalduna ere izan zaitezke Euskal Herritik kanpo. Funtsezkoena norbere nortasuna ezagutzea da, eta horretan aurrera egiten saiatzea.

Azken urteetako matxinadaren ostean, badirudi egoera lasaitu egin dela Kabilian.

Aljerian jendeak dituen arazoez gain, beste bat gehitzen zaio Kabilian: gorde behar dugun nortasunarena. Aurrera egin da zertxobait. Egun berbereon kultura onartuta dago Aljeriako Konstituzioan, eta hizkuntza nazionala da gurea. Baina paperetik harago hizkuntza ofizial bihurtzen eta eskoletan erakusten ez den arte ez dago zer eginik.

2005ean grabatu zenuen azken diskoa, eta zuzenekoa zen. Noizko kanta berriak?

Hurrengo diskoa grabatzen ari naiz. Halakoetan beti dakizu noiz hasiko zaren, baina ez noiz bukatuko duzun. Ez dut izenbururik pentsatu. Hori kanten psikologia orokorretik aterako da.

Mota askotako musikariekin egin duzu lan: Alan Stivell, Manu Chao, Zebda… Erraza al zaizu halako jende ezberdinarekin bat egitea?

Ez da adin kontua, izaera kontua baizik. Rap egiten dutenekin ere aritu naiz eta halakoetan beti saiatu naiz neu izaten jarraitzen eta gauzak partekatzen. Hori izan da nire sekretua eta metodoa.

Lehen aldiz izango zara gaur Euskal Herrian.

Bilbo ez dut ezagutzen, Athleticez aparte. Badakit Euskal Herriak bere nortasuna eta kultura dituela. Pozik nago, estreinakoz zuzenean ikusiko dudalako.

Nola ospatuko duzu urte berria agertokitik?

Bi ataleko emanaldia izango da. Lehengoan kanta lasaiak egingo ditugu. Ondoren, nahiko nuke norbaitek nire hitzak itzultzea kanten aurretik. Entzuleekin hobeto komunikatzeko eta erakusteko oinarrian dauden emozioak berak direla hizkuntzak gorabehera, erakusteko gutxiengoa izan zaitezkeela eta baztertua eta, aldiberean, unibertsala.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)