35 urteko emakume bat hil du ustez bikotekideak Errenterian, labankadaz
Ustezko hiltzaileak bere anaiari eta hildako emakumearen seme zaharrenari eraso egin die labanaz, eta bere burua ere zauritu du Gaur eguerdian elkarretaratzeak egingo dituzte udaletxe aurrean, hilketa salatzeko
Berria, , 30-12-2008Emakume bat hil du ustez bikotekideak labankadaz Errenterian (Gipuzkoa). Hildako emakumeak 35 urte zituen, Venezuelakoa zen jaiotzez eta hiru seme-alaba zituen, horietatik bi ustezko hiltzailearekin. Emakumeak ez zuen aldez aurretik gizonaren kontrako salaketarik jarri. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gizonak beste bi senideri ere eraso zien, eta bere burua zauritu zuen. Ustez genero indarkeriagatik aurten Euskal Herrian hil duten seigarren emakumea da atzo Errenterian zendutakoa. Gainera, urritik Lizarratik (Nafarroa) falta da Maria Puy Perez Ezpeleta.
Ertzaintzak emandako datuen arabera, atzo eguerdian izan zen gertaera. Bikotearen bizilagunek Agustinas auzoko Elias Salaberria kaleko 8. zenbakiko etxebizitza batean hainbat lagun zaurituta zeudela abisua eman zieten ertzainei. Bertaratu zirenean, familia bereko lau lagun zaurituta zeudela baieztatu zuten, horietatik bat oso larri.
35 urteko emakumea zen larrien zegoena. Ertzaintzak jakinarazi duenez, hainbat labankada zituen gorputzean. Larrialdi zerbitzuak emakumea suspertzen ahalegindu baziren ere, han bertan hil zen. Lehen ikerketen arabera, gizonak labanarekin eraso zion emakumeari, eta beste bi senideak ere zauritu zituen. Zaurituak hildakoaren seme zaharrena eta ustezko erasotzailearen anaia dira, Ertzaintzak berri eman duenez. Labana berarekin ustezko hiltzaileak bere burua zauritu zuen, Herrizaingo Sailaren arabera. Gertaera hiru seme-alaben aurrean gertatu zen.
Hiru zaurituak Donostiako Ospitalera eraman zituzten; ustezko hiltzailea, atxilotuta. Hain zuzen ere, bera dago zaurituen artean larrien. Beste bi senideek zauri arinak dituzte. Hildakoaren adin txikiko beste bi haurrak Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean geratu dira.
Protesta isila gaur Errenterian
Hilketa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean, Emakumeen Mundu Martxa Plataformak deituta, Niessenen. Bestalde, Errenteriako Udaleko bozeramaileen batzordeak bilera egin zuen, eta gogor gaitzetsi zuen hilketa. «Hilketa hau ez da soilik jasan duenaren arazoa, baizik eta guztiona. Gertaera gaitzesgarria da». Hala, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu zien herritarrei, eta hilketa salatzeko gaur eguerdirako udaletxe aurrean deitu duten elkarretaratzean partea hartzeko deia egin zien. Hain zuzen ere, ordu eta leku berean egingo du elkarretaratzea Emakumeen Mundu Martxak. Arratsaldean ere izango dira protestak.
Erretenteriako Udalaren elkarretaratzearekin bat egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Rafaela Romero presidenteak gogor gaitzetsu du hilketa, eta elkartasuna adierazi die hildakoaren senideei: «Ezin gara isilik geratu gizakiaren duintasunaren aurka doazen halako gertaera larriak ikusita. Errenterian gertatutakoak genero indarkeriaren kontrako oihu sendo eta bateratu bat egitera behartzen gaitu».
Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak «zero tolerantzia» eskatu du emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, eta gizartearen parte-hartze aktiboa galdegin du. «Emakumeen kontrako indarkeria salatu egin behar da. Ezin gara isilik geratu, eta babesa agertu behar diegu biktimei». Gainera, genero indarkeriaren kontra lanean jarrai dezatela dei egin die erakundeei.
Gipuzkoako PSE-EEk «justizia» eskatu du hildako emakumearentzat, eta genero indarkeria jasaten duten biktimentzat. «Emakumeek indarkeriarik gabeko inguru ziur eta berdintasunezkoa ez duten artean, ez dituzte eskubide guztiak bermatuak izango».
Errenteriako Ezker Abertzalearen ustez, «bada garaia udal gobernuak emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako politika aktibo, oso eta koordinatuak garatzeko». Udalak onartu duen berdintasun plana ahalik eta azkarren martxan jartzeko ere eskatu du.
Aralarrek doluminak agertu dizkie hildakoaren senideei. Halaber, gogoratu du «ezinbestekoa» dela genero indarkeriaren kontrako neurriak hartzea. «Era horretako eraso sexistak amaitzeko, gizarte osoaren inplikazioa behar da, eta inplikazio hori lortzeko, erakunde publikoek eta gizarte eragileek kontzientziazioan sakondu behar dute».
(Puede haber caducado)