Klimak aldatutako etorkinak

Munduan 200 milioi etorkin daude egun, eta klima aldaketaren eraginez, 2050erako beste hainbeste bihurtuko dira emigrante Etorkinen nazioarteko egunean, pertsona migratzaileen eskubideak aldarrikatu dituzte

Berria, , 19-12-2008

Ixiar Zubiaurre

  • 40
  • Zer da pasaporte unibertsala deritzona?
  • Etorkinen eskubideen aldeko mobilizazioak Euskal Herrian

Munduko etorkin guztiak bilduko balira, Lurreko herrialde jendeztatuenetan bosgarrena osatuko lukete. Krisi ekonomikoak, bizirik irauteko beharrak, goseteak eta gerrek eragindako immigranteak izango lirateke herrialde horretako biztanleak. Gehientsuenak papergabeak, Europako Batasunak bezala, gainontzekoek ere beren mugetatik kanpo nahi dituen horietakoak. Egun ia 200 milioi etorkin daude munduan, eta klima aldaketaren eraginez, 2050. urterako beste hainbestek euren jaioterritik emigratu beharko dutela diote adituek. Immigrazio politikak erreformatu beharra aldarrikatzen dute, horregatik. Agintariek, baina, krisi ekonomikoak jotako munduan haientzat tokirik ez dela diote.

Atzo Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna izan zen; krisia izan edo ez, etorkinei euren eskubideak bermatu behar zaizkiela aldarrikatzeko egutegian markaturiko horietakoa. Izan ere, agintariak kexu badira ere, munduko gaitzak pairatzen lehenak immigranteak izaten dira. Krisi ekonomikoaren, klima aldaketaren eta elikagaien krisiaren biktima nagusiak dira. Eta migrazio mugimenduak ez dira geldituko horregatik.

Horiek hala, Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak lortu nahi duten aurkako efektuaz ohartarazi die herrialde garatuetako gobernuei. «200 milioi inguru lagun euren jaioterritik kanpo bizi dira. Kopuru hori handituz joango da, krisiak iraun edo ez». Halaber, paperak dituztenei ateak itxi ahala, paperik gabekoen joan-etorriak handituko direla dio Ban Ki-moonek.

Hala ere, herrialde gutxik hartu dute krisi garaian immigranteen eskubideak bermatzeko konpromisoa. Horren erakusle da Etorkinen eta beren Familien Eskubideen Nazioarteko Ituna 37 herrialdek bakarrik sinatu izana; 2003tik, hitzarmena indarrean sartu zenetik, Europako herrialde bat bera ere ez da estatu sinatzaileen artean ageri, ezta Ameriketako Estatu Batuak ere. Haatik, herrialde horietara iristen da etorkin gehien.

Migrazio klimatikoak

Itsaso mailaren igoera medio, Pazifikoko Tuvalu uhartetik Zeelanda Berrira egin dute ihes herritarrek. Mozambikeko uholdeen ondorioz, ehunka afrikarrek euren etxeak utzi behar izan dituzte. Asuan presak Niloko deltaren atzerakada ekarri du, eta horrekin laborarien krisia eta exodoa. Adituek migrazio klimatikoen eskualdeak identifikatzeko lanetan dihardute, baina herrialde horietan guztietan klima aldaketak migrazioak eragin ditu dagoeneko. «Desertifikazioagatik Txinan bertan jendea toki batetik bestera mugitzen hasia da. Uholdeak gero eta maizago jasaten dituztelako, Bangladeshko herritarrak beste norabait joan nahi dute». François Gemmene Garapen Iraunkorrerako eta Nazioarteko Harremanetarako Institutuko ikerlariaren hitzetan, milioika klima-errefuxiatu daude egun, eta etorkizunak beltza beharko lukeen arren, migrazio klimatikoen adibideek zerrenda luzea osatzen dute jada.

Gainera, klima aldaketaren ondorioak agerikoagoak egiten diren heinean, pertsona migratzaileen kopuruak ere gora egingo du. Agintariek migrazio mugimendu horiek gelditzeko xedez, politikak onartzeko ahalegin berezia egingo dute. India eta Bangladeshen artean harresia eraikitzea du buruan New Delhiko gobernuak, besteak beste. Saudi Arabiak dagoeneko goratu du harresi bat Yemengo mugan, Afrikatik hara iristen diren etorkinak Saudi Arabiara pasatu ez daitezen.

Europako Batasuna ere harresi bat eraikitzekotan da. Ez harrizkoa, legezkoa baizik. Izan ere, paperik gabeko etorkinak hemezortzi hilabetez atxilo izateko aukera jasotzen duen zuzentaraua onartu berri du. Latinoamerikan askok lotsaren zuzentaraua edo Guantanamo europarra deitu diote arau horri, baina Bruselak egin du dagoeneko paperik gabeko etorkinen aurkako apustua.

Mundu bat eta bi Darfur

«Etorkizuneko irudi posibleena da mundu bat bi Darfurrekin», dio Christian Aid erakundeak. Izan ere, klima aldaketak migrazioez gain, natur baliabide urriak dituzten herrialdeetan borrokak sortuko ditu. Herrialde pobreak izango dira natur baliabideak eskuratzeko gatazka gehien pairatuko dutenak: «Behartsuak dira toki batetik bestera mugitzen errazenak, gerrak eta gehiegikeriak sufritzen lehenak, baita natur hondamendiak ere».

Jorge Bustamante NBEko Immigranteen Giza Eskubideen ordezkaria, bestalde, beldur da finantza krisiak xenofobiaren areagotzea ekarriko duen. «Immigrazioa jasaten duten herrialdeetan bada sindrome bat. Askok uste dute krisiaren ahuntz buruak direla, eta horrek etorkinekiko gorrotoa eragiten du herritarrengan». Hala, urtero paperik gabeko etorkinen gaineko estatistika txostena osatu behar dela uste du, xenofobiari aurre egiteko tresnak izango lituzketelakoan.

Alabaina, migrazioen inguruan bestelako jarrera hartu dute horiek. Merkatu beharrak asetzeko adina etorkini irekitzen dizkie ateak, ikasketa eta kualifikazio handikoei. Gainontzean, harresien politikak agintzen du.

40

Paperik gabekoak. Datu ofizialen arabera, munduan paperik gabeko 40 milioi lagun daude gaur egun. Horietatik hamar milioi inguru AEB Ameriketako Estatu Batuetan daude. Baina litekeena da datozen urteetan migrazio mugimenduak handitzea krisia dela eta.

Errefuxiatuak ala migratzaileak?

Klima aldaketak milaka lagun behartzen ditu urtero beren etxeak uztera. Horrek, baina, bestelako eztabaida ere eragin du. Izan ere, iheslariek errefuxiatu edo migrante izan eskubide desberdinak dituzte. Giza eskubideen aldeko elkarteak ingurumenaren errefuxiatu terminoa erabiltzearen aldekoak dira. Horien arabera, horrek gizartearen eta gobernuen babesa bermatuko liekeelako, migranteei ez bezala. Suediak, esaterako, ingurumenaren errefuxiatu gisa hartu zituen Indonesiako tsunamiaren biktimak. Nazioarteko legediaren arabera, ordea, «arraza, erlijio edo herritartasun arrazoiengatik jazartua izateko beldur delako bere herrialdetik ihes egiten duena» soilik da errefuxiatua.

25

Klimaren biktimak. Orotara 25 milioi inguru migranteen %10 dira klima aldaketarekin lotutako fenomenoengatik beren herrialdeetatik ihes egin dutenak. 12 milioi inguru, berriz, arrazoi politikoak direla medio beste herrialde batera joan direnak.

Zer da pasaporte unibertsala deritzona?

Mundutik era askean bidaiatzeko askatasuna ematen duena da pasaporte unibertsala deiturikoa. Hainbat ordezkari, Ekuadorko Migrazio ministro Lorena Escudero, kasu, horren alde agertu dira. Baina, aldi berean, onartu dute egun «utopia» dela ideia, nahiz eta onuragarritzat jo eztabaidatzea.

Etorkinen eskubideen aldeko mobilizazioak Euskal Herrian

Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan mobilizazioak egin zituzten atzo. ELA sindikatuak deituta, besteak beste, «erakundeen arrazismoa» salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten Bertan bizi garelako, bertako bizi aukera, Stop erakundeen arrazismoari lelopean. Aralarrek «krisi ekonomikoaren ondorioak etorkinen gain» ez jartzeko eskatu zuen, antolatutako ekitaldiekin bat eginez. Arabako Elkarteen Koordinakundeak, berriz, elkarretaratzea egin zuen Gasteizko Andra Mari plazan. Parte-hartzaileek maletak eraman zituzten etorkinei immigrante izate hutsagatik eskubideak bermatzen ez zaizkiela salatzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)