Mireya Perea - Bachue elkarteko kidea Etorkinei gizartean beren tokia ematea eta beren eskubideen berri ematea da oinarrian Arabako hamabi elkartek sortu asmo duten koordinakundearen helburua
«Gure ustez, sistema ezjakintasunean oinarritzen da nahi duena lortzeko»
Berria, , 19-12-2008Jon Rejado
Gasteiz
Abenduaren 18a egun esanguratsua da Euskal Herriko milaka biztanlerentzat. Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, dozenaka ekimen antolatu ohi dira. Dozenaka aldarrikapen egon ohi da. Manifestu bateratu bat atera dute Arabako hamabi etorkin elkartek. Hamabi horiek koordinakunde izaera lortzeko pausoak ematen ari dira aspaldi, Arabako elkarte eta gizabanakoetara irekita.
Zer dela-eta koordinakunde bat eratzeko asmoa?
Etorkinen elkarteak indartsuago bihurtu gaitezke elkartzen bagara, eta hori da koordinakundearen funts nagusia. Etorkinak laguntzeko elkarteek lan zoragarria egiten dute, baina beste ñabardura batzuk dituzte. Jatorrizko filosofiak ezberdinak dira. Nolabait esateko, umea hazi egin da, eta hori lortzeko laguntza bikaina jaso du. Umeak ibiltzen ikasi du, eta bere kabuz ibili nahi du orain. Horrek ez du esan nahi laguntza eman dioten horiek ahaztuko dituenik.
Duela hiru urte hasi zenuten bidea? Denbora luzea…
Ez dugu azkar joan nahi. Koordinakundea poliki-poliki eraikitzen ari gara, eta lan hori guztion artean egin behar dugu. Oinarrietatik egingo dugu, etorkin atzerritar edo errefuxiatuen sentipenetatik bertatik. Elkartzen gaituzten gaiak aurkitu eta horietan oinarrituta aurrera egin nahia dugu.
Zeintzuk dira puntu horiek?
Bildu garenok jatorri eta kultura askotakoak gara. Nahasketa bat garela esan daiteke. Egin ditugun eztabaidetan, Nazio Batuen moduan ikusi ditugu geure buruak. Herrialde askotako eta interes askotako ordezkariak gaude. Dena den, denok asmo bera dugu: gure bizi-baldintzak hobetu. Hori lortzea zaila da, Espainian zapaltzen gaituen Immigrazio Lege bat badago eta Europan gure eskubideak urratzen dituzten erabakiak hartzen badira. Pertsona etorkin bat langabezian geldituz gero, jazarpenaren eta kanporatzearen itzala du gainean. Lan egiteko gaude hemen, baina ez gizarte honetaz gozatzeko.
Hortaz, bizi-baldintza ona da ardatz nagusia.
Bai, eta bertatik beste ideia batzuk sortzen dira. Familia biltzeko aukera bizi-baldintzen hobekuntzen barrenean dago, adibidez. Inork ezin du bizi-baldintza onik izan maite dituenak ondoan ez baditu. Errefuxiatuek eta babes politikoa eskatzen dutenen egoera ere kontuan hartzekoa da, horretarako sarbidea geroz eta gehiago mugatzen ari baita Espainiako Estatua.
Lanari dagokionez…
Lana lortzearekin ez da nahikoa, eta hori onartu egin behar dugu. Lana lortzeaz gain, tratu zintzoa aldarrikatu behar da, pertsona bakoitzak egiten duen lanari dagokion soldata jasotzea… Langilea pertsonatzat hartu behar da, ez lan egiten duen etorkin baten moduan. Gaur egungo gizartea lehiakorra da, eta lehia horretan ez dago inolako orekarik bertoko eta etorkinen artean. Lanak, aipatu ditudan beste gaiekin batera, koordinakundean biltzeko arrazoia ematen digu elkarteoi.
Zer da gehien baloratzen duzuena koordinakundea sortzeko bidean.
Funtsezkoa da etorkinon artean hezkuntza prozesuak egotea: ditugun eskubideen ezagutza, estatu osoan dauden araudiak… Gure ustez, sistema ezjakintasunaz baliatzen da nahi duena lortzeko. Gizartea ezjakina denean erraz bidera daitezke. Biltzen garen bakoitzean hogei minutu emango ditugu gugan eragina duten gaietan sakontzeko.
Gizartean zein da egoera?
Ez da batere erraza, egia esan. Kate begi ahulena da, eta bertan eragiten dute gehien gizartearen gorabeherak. Lanik gabe gelditu diren pertsonak daude, araututa ez dauden pertsonak.
Koordinakundearen sorreraren inguruan zer jarrera izan dute elkarteek?
Oso jarrera baikorra izan dute askok, baina beste batzuek ez dute ulertu. Gure artean dauden ezberdintasunak baino ez dituzte ikusi. Bilakaera bat da gure lana. Zaila gertatzen da gaztelania hitz egiten ez duten elkarteei gure mezua behar bezala helaraztea, baina horregatik denbora luzea daramagu lan egiten.
Beste koordinakunde batzuekin hitz egin al duzue zuen bidean?
Harresiak Apurtuz-ekin hitz egin dugu, besteak beste. Asko ikasi dugu haien eskarmentuaz.
Harresiak Apurtuz-en etorkinen elkarteak eta etorkinei laguntzeko elkarteak daude. Zer dela-eta bilatzen duzue zuek etorkinekin bakarrik osotuta egotea?
Hori argitu behar dugu ez gaizki ulertzeko. Etorkinen koordinakundea izateko nahiak ez du esan nahi ghetto bat izan nahi dugunik edo inolako lehiakortasunik nahi dugunik beste elkarteekin. Gizartean dugun tokia baino ez dugu lortu nahi.
Koordinakundea eratzeko oraindik hilabeteak falta arren, ekimenak norantz bideratuko dituzuen ba al dakizue?
Horren inguruan hitz egin dugu. Norantz joan behar dugun eta nola egin behar dugun aztertu dugu. Gure ondorioa argia da. Egiten dugun bidea egiten dugula, koordinakundean gauden guztion ekarpenekin egingo da. Hau da, guztion artean adosten ez dugun zerbait ez da egingo.
Gizartean lan egiteaz gain, instituzioekin lan egiteko asmorik ba al duzue?
Lobby lana egingo dugu instituzioekin, eta gizarte honetan dugun tokia eskatuko diegu.
(Puede haber caducado)