Maria Naredo - Amnesty Internationaleko kidea Emakume etorkinek babes txikiagoa dute genero indarkeriaren inguruan bertakoek baino. Horrek hauskorrago bihurtzen ditu.

«Andre etorkinen arriskua eraila izateko bertakoena halako sei da»

Berria, Jon Rejado, 28-11-2008

Jon Rejado
Gasteiz

Maria Naredok Arrisku gehiago, babes gutxiago. Emakume immigranteak indarkeriaren aurrean txostenaren berri eman zuen iragan asteazkenean Gasteizen, Udalak antolatutako hitzaldi batean. Emakumeak etorkinak izateagatik dituzten zailtasunak azaldu zituen Europa jauregian.

Zer dela-eta egin zenuten txostena?

Txostena egitearen bultzatzaileak datuak izan dira. Azken urteetan emakume atzerritarren kontrako indarkeria kasuak nabarmen gehitu dira; 2007an erailak izateko arriskua bertako emakumeena halako sei zen, adibidez.

Nola prestatu zenuten?

Egiten ditugun txosten guztietan bezala, emakumeen ahotsa da ildo nagusia, emakumeen esperientzia. Indarkeria kasua nola bizi izan zuten, laguntza eskatu zutenean zer gertatu zen… Hainbat jatorritako emakumeak izan arren, antzeko bide egin zuten hein handi batean. Emakumeen esperientzia txostenaren haria da, eta txostenaren esparrua, Espainiako Estatuak duen giza eskubideen konpromisoa. Ulertu behar da emakumeen kontrako indarkeria ez dela soilik gizartearen arazo bat, giza eskubideen urraketa bat baita. Agian, larriena eta zabalduena.

Zer ondorio atera duzue?

Etorkinek, emakumeak izateagatik bakarrik, eragozpen gehiago dituzte. Askotan eragozpen horiek etorkin izaerarekin lotuta daude. Ez dute pertsona sare bat inguruan, ez dituzte instituzioak ezagutzen, konfiantzarik ez dute, ez dakite hizkuntza… Ikusi dugu estatuak ez dituela eragozpenak arintzen.

Adibideren bat jar al dezakezu?

Kalitatezko interprete bat ezin izan dezakeen emakumeak eragozpen larria du justiziara jotzean. Atzerritarrentzako arau batzuek emakumeen bidea zailtzen dute. Familiarekin biltzeko baimenarekin etorri diren emakumeek zailtasunak dituzte lan egiteko baimena lortzeko. Eragozpen horien ondorioz, indarkeria kasuak sufritu dituzten emakumeek beren egoera konpontzeko bidearen zati txiki bat egiten dute, baina, azkenean, erasotzailearengana itzultzen dira. Itzulera bakoitzarekin, lesio larriak izateko arriskuak gora egiten du.

Funtsezko hiru puntu azpimarratu dituzue, eta lehena justiziarako sarbidea da. Zer zailtasun dago bertan?

Justizian, bidea polizia etxeetan hasten da normalean. Egoera irregularrean dauden emakumeek salaketa jartzeko beldurra dute. Espainian, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Kontrako Legeak bazterketarik eza bermatzen du, baina estatuak horren kontrako neurriak hartu ditu. Hau da, lege hori garatzean arau bat txertatu dute salaketa egiten dutenen datuak aztertzeko. Emakumea egoera irregularrean badago, jarri duen salaketa aintzat hartzen da, baina beste neurri batzuk hartzen dituzte haren egoera dela-eta, eta, azkenik, estatutik bidal dezakete.

Hori hemen gertatzen al da?

Euskal Autonomia Erkidegoan ez da hori gertatzen, delitu baten biktimak salaketa jartzen duenean pertsona horren egoera ez baita kontuan hartzen. Hori praktika bikaina iruditzen zaigu, baina gainontzeko tokietan indarrean dago aurretik aipatu dudan araua. Lehentasunak finkatu behar dira, eta ikusi behar da giza eskubideak etorkinen kontrola baino garrantzitsuagoak direla.

Baliabide espezializatuak eskuratzeko bidea ere aipatzen duzue.

Funtsezko arazo bat dago hor. Alde batetik, baliabideak ez daude emakume atzerritarren berezitasunetara egokituta. Funtsezkoa litzateke bitartekari kulturalen lana indartzea, baina gaur egun ez da horrela. Laguntza ekonomikoak jasotzeko, emakumeek salaketa edo babes agindua aurkeztu behar dute, baina askotan ez dute salaketa jartzen, edo ezin dute egin. Ondorioz, laguntzen saretik kanpo gelditzen dira. Baliabideak emakumeen beharretara egokitu behar dira, ez alderantziz.

Autonomia ekonomikoa lortzeko zailtasuna da nabarmendu duzuen azken puntua.

Iheslariak diren pertsonek legezko egoeran bizitzeko agiriak lortzen dituzte, eta horrek lan egiteko baimena dakar. Arau hori indarkeria sufritzen duten emakume atzerritarrei ere zabaldu behar zaie. Afrikako erdialdetik datozen emakumeak erasotzailearen menpe daude erabat, eta emakume horiek nekez lor dezakete urtebeteko lan kontratua. Administrazioak egoera hori zuzendu beharko luke, ez baita arazo txikia. Txostenean ikusi dugunaren arabera, emakume atzerritarrak etorkinak dira, biktimak baino gehiago.

Gizarteak zer eragin du horretan?

Estatuak egituratzen du, neurri batean, gizartea. Arrazakeriari buruz hitz egiten dugunean, instituzioen arrazakeria ere ikusi behar dugu. Interesgarria da ikustea alor kulturalean arrazoitzen duela gizarteak azaltzen duen emakume atzerritarren kontrako indarkeria. Bestelako kulturekin etortzen direla esanda arrazoitzen da, alegia. Argudioei aurre egin behar zaie txanponaren beste aldea ikusita. Hau da, gizarte hartzaileak eta instituzioen politikek indarkeria sufritzeko arriskua dakarren kale itsu batean jartzen dituzte emakume atzerritarrak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)