Inmigrazioari buruz arituko dira Alegian bihar ospatuko den zine-forumean

Diario Vasco, AMAIA GOIKOETXEA, 26-11-2008

DV. Udazkenean Kultura egitarauaren barruan zine – foruma ospatuko da bihar Alegiako Kultur Etxean. Hitzordua arratsaldeko 19:30etan izango da, egitarauan adierazitakoa baino orduerdi lehenago. Inmigrazioa izango dute hizpide biharko saiora gerturatzen direnek.

Filma proiektatu aurretik, publikoa gaian kokatzeko bi lagun gonbidatu ditu antolakuntzak. Batetik, Nerea Elias, Gizarte Hezkuntzan diplomatua, Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua eta gizarte antropologian adituak diren profesionalek osatzen duten Farapi talde – enpresako kidea. Nereak gaiaren nolabaiteko kokapena egingo du, pelikula aurkeztearekin batera.

Era berean, Nerearekin batera Olga Jimenez ere biharko saioan izango da. Alegiara bizitzera etorri eta alegiar bihurtu den kolonbiarra da Olga, eta bere esperientzia kontatuko du.

Sarrera honen ostean Flores de otro mundo filma proiektatuko da. Arrazakeria lantzen du, beste hainbat gairekin batera: matxismoa, herri txikietako bizimodua, bakardadea…

Hiru gizon eta hiru emakume dira protagonistak. Sei istorio biltzen ditu kontakizunak eta pertsonen arteko harremanetan oinarritzen da.

Filmaren zuzendaria Iciar Bollain da, Te doy mis ojos film ezaguna zuzendu zuena. Aktoreen artean, berriz, euskaldun bat dago: Elena Irureta.

Futbol emaitzak

Ezin esan azken jardunaldia zoragarria izan denik Intxurreko K.K.E.ko taldeentzat; kadeteak izan dira esku hutsik geratu ez diren bakarrak. Eneko Garmendiaren taldeak Segurako Aitzgorri Goierri F.T. taldea hartu zuen etxean. Denboraldia hasi zenetik puntu bakarrarekin dabil talde goierritarra, eta beraz, pentsatzekoa zen bezala, alegiarrek ez zutela lan handirik izan neurketa aurrera ateratzeko: 5 – 1 nagusitu ziren. Ez dute, ordea, dena aldeko izan. Tolosa B C.F. taldea zuten aurretik alegiarrek puntu bakarrera, eta garaipen honekin tolosarrei aurrea hartu eta laugarren postura igo zitezkeen; tolosarrek ere ez dute hutsik egin, ordea, eta ondorioz, Intxurreko mutilak bosgarren postuan geratu dira hamabost punturekin, esan bezala, tolosarrengandik puntu batera. Atzetik Aitzgorri Goierri taldea dute puntu bakarrarekin, beraz, ez dirudi, epe laburrean behintzat, bosgarren postu hori galduko dutenik. Intxurreko erregionalek galdu egin zuten pasa den asteko neurketa, baina hauek ere euren postua mantentzea lortu dute, eta hori, kasu honetan, albiste ona da. Taldeko liderra izan zuten aurkari Santos Irazustabarrenaren mutilek, Lasarteko Ostadar F.T. alegia, eta lasartearrak 3 – 1 nagusitu ziren.

Alegiarren atzetik bosgarren psotuan zen Usurbil F.T.k irabazi egin zuen bere partida, baina azken hiru puntu horiek ez ditu nahikoa izan sailkapenean Intxurreri aurrea hartzeko; horrela, alegiarrak laugarren dira hemezortzi punturekin, eta usurbildarrak bosgarren hamazazpirekin. Hirugarren postuan den Amaroz K.E. taldeak ez du punturik lortu asteburuan, eta beraz, ez dute alegiarrekiko zuten bi puntuko aldea handitzerik lortu. Gauzak horrela, nahiz eta partida galdu, Santosen taldeari ez zaizkio gauzak hainbeste okertu. Jubenilei dagokienez, ez dago aipatzeko nobedade handirik. Porrota jasan du asteburu honetan ere Jose Angel Otañoren eta Jon Altunaren taldeak. Etxean jokatu zuten Lazkao K.E. taldearen aurka, eta 3 – 4 nagusitu ziren goierritarrak. Ondorioz, sailkapeneko azken postuan jarraitzen dute bost punturekin, eta puntu bakarrera dute azken aurrekoan dagoen Segura Goierri F.T. taldea.

Garaipen gogorra

Gipuzkoako Txapelketan, eskuz binakakoan, ederki kostatako garaipena lortu dute azken jardunaldian Intxurre pilota eskolako kadeteek. Astigarragako Mundarro pilota eskolaren aurka jokatu zuten. Alegiarrak 20 – 10 aurretik jarri ziren; astigarragarrek, ordea, sekulako erantzuna eman eta hamaika tanto egin zituzten jarraian, 20 – 21 jarri arte. Hala ere, Intxurrekoek jakin zuten azken momentuan erreakzionatzen, eta 22 – 20 irabazi zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)