«Arrazakeria egon badago, nik nire inguruan inoiz sumatu ez badut ere»

Berria, , 12-11-2008

I. Magro
Zuasti

Mendizale sutsua eta ehiztaria da, bateria jotzen du eta ijitoen elkarteen alde lan egin du maiz. Ruizek Patxiri tokia uzten dio, pilotariaren beste aldea da.

Pilota profesionala hasi aurretik espero zenuen bezalakoa al da?

Ez, oso zaila da goian mantentzea. Gero, hedabideen indarrak harritu nau, botere handia duzue. Kritika txarrek edozein hondora dezakete, eta egurra ez da beti merezitakoa izaten. Kazetaria objektiboa behar du izan, eta norbaitek gaizki jokatzen badu, esan, baina batzuk min egitera joaten direla iruditu izan zait. Pilotan jende on asko dago, baina baita txarra ere. Gauzak diren bezala esaten ditugunoi gauzak gaizki doazkigu. Bizitzan bezala.

Ezaguna izatea nola daramazu?

Tira, taberna batean sartu eta denak begira gelditze hori ez zait gustatzen, lotsatia naizelako, baina jendea adeitsuki gerturatu eta agurtzen baldin banau, ez dut inolako arazorik hitz egiteko.

Zu ijito jatorrikoa zara, noizbait sumatu al duzu arrazakeriarik?

Nire ama da ijito jatorrikoa. Nik, behintzat, ez dut sumatu, ez umetan, ez Lizarrako eskolan, ezta orain ere, eta nire inguruan ez dela inoiz egon pentsatu nahi dut.

Hainbat ijito kolektiborekin ere egin duzu lan, Ortuellako Kale Dor. Kayikorekin adibidez, urtero zoaz euren pilota txapelketako finalera. Eurek zer komentatzen dizute.

Tamalez, gizartean badago arrazakeria, baina ez bakarrik ijitoekin, eta gero eta gehiago, jende askok etorkinak ez dituelako begi onez ikusten. Tristea da, benetan. Hori bai ez dudala ulertzen. Pertsona guztiak berdinak gara.

Zer moduz daramazu bateria jotzearena?

Pixka bat alboratuta daukat, baina berriz ere itzultzeko asmotan nago. Duela hiru urte hasi nintzen, Barañaingo kontserbatorioan, eta ikasi egin dut batez ere. Gero hiru abestiko kontzertu txikiren bat ere eman dugu Iruñeko Onki Xin tabernan, baina ezer handirik ez. Behar bezala jotzen ikastea oso zaila da, eta denbora asko behar da.

Non urduriago, zuzenean jotzen edo frontoian?

Askozaz urduriago bateriaren atzean; dunbaleko oina dardarka nuen! Oso-oso zaila da.

Hiriren batean bizitzen ikusiko al zaitugu noizbait?

Ez, ezta munduko etxebizitzarik onena oparituko balidate ere.

Mendia gustuko duzula jakina da.

Herrian bezala ez da inon bizitzen: herri txikia, lasaia, zure zakur eta animaliekin… Hori da benetako pagotxa.

Zenbat zakur dituzu, ba?

Hamabi, Urritzan, mendian. Kasu egiten didate eta egunero ateratzen ditut.

Artzain ere ibilia zara.

Artzain, artzain… Euskal Herriko transumantzia eginikoa naiz, lagun batzuekin eta 3.500 ardi gobernatzen, Pirinioetatik Bardeara. Bederatzi egun, mendian lo egin eta dutxatu gabe, geure burua nola edo hala garbitzen. Beno lo egitearena erlatiboa da, ardiek ez dizutelako uzten [barrez]. Esperientzia bikaina da, gomendagarria. Burua garbitzeko ezin hobea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)