Buruaz beste egiten saiatu da, kanpora ez dezaten

Hendaiako Atxikitze Zentroan zegoen, eta Frantziako Poliziak Kongora kanporatzea saihestu nahi izan du

Berria, , 31-10-2008

Aitor Renteria
Baiona

Jean Mangadima Awikimengo Kongoko Errepublika Demokratikoko etorkina erietxera eraman behar izan zuten atzo arratsaldean. Mangadima Hendaiako Atxikitze Zentroan zegoen, eta Frantziako Poliziak gaur goizaldean kanporatu nahi zuen, Kongora. Mangadimak frantziar hiritartasuna daukan alaba bat dauka, baina, hala ere, Mangadima kanporatzeko agindua eman du Frantziako Administrazioak. Jaioterrira itzuliz gero, Mangadimaren bizia arriskuan dago, eta, horregatik, kanpora ez dezaten, bere buruaz beste egiten saiatu da etorkina, Poliziak emandako lasaigarri pilulak batera irentsiz.

Hendaiako Poliziak urriaren 4an atxilotu zuen Mangadima, Lapurdira sartzeko ahaleginean. Egun berean kanporatzeko agindua eman zioten. Geroztik, Hendaiako Atxikitze Zentroan egon da. Erietxean den bitartean, Poliziak ezin du gauzatu kanporatze agindua.

Ange Mangadima sei urteko mutilaren aita da. Haurraren amak frantziar nortasuna dauka. Atxikitze egituretan dauden pertsonei laguntza ematen die Cimade elkarteak. Cimaderen iritziz, Frantziak ezin du Mangadima kanporatu, haurrak jatorri frantsesa daukalako.

Bizia arriskuan

Jaioterrira kanporatuz gero, Mangadimaren bizia arriskuan dagoela azpimarratu du Cimadek. Haren emazte ohia hil egin zuten, eta amak Belgikara ihes egin behar izan zuen, gerratik ihesean. Jean Mangadima Frantziara joan zen, eta bertan egin zuen bizia. Alta, 2007an Poliziak atxilotu egin zuen, eta jaioterrira igorri. Hara helduta, preso ezarri zuten. Espetxe baldintza gogorrak pairatu zituen.

Ziegara janaria ekartzen zion zaindariaren laguntza zela medio, espetxetik ihes egitea lortu zuen. Laurent Nkunderen gerrillan sartu zen ondoren, baina gutxi iraun zuen. Hego Afrikara ihes egitea deliberatu zuen, eta, geroztik, batzuek etsaitzat daukate eta, bertzeek, traidoretzat. Itzuliz gero, bere bizia arriskuan dago, bi aldeek Jean Mangadimaren heriotza nahi dutelako, Cimaderen arabera.

Gerrilla utzita, Hego Afrikara egin zuen ihes. Baina han ere gatazka etnikoak hasi ziren, eta erdi gorderik bizi izan zen. Portuko garraio ontzi batean egiten zuen lo Jean Mangadimak, portuan. Garabiak Espainiarantz zihoan itsasontzi batera igo zuen. Itsasontzian ez zuen toki handirik, eta, gainera, ur botila bat eta bixkotxa batzuk baino ez zituen jateko. Itsasontzia Huelvara heldu zelarik, osasun egoera txarrean zegoen Mangadima, eta Gurutze Gorrien laguntza behar izan zuen.

Osasun egoerak hobera egin zuelarik, semearengana heltzea deliberatu zuen. Espainiako Estatua zeharkatu ondoren, Lapurdira Hendaiatik sartzea deliberatu zuen. Hendaiako geltokian atxilotu zuen Frantziako Aire eta Mugetako Poliziak. Berehala, Hendaiako Atxikitze Zentrora eraman zuten, eta Prefetak deliberatu du Mangadima kanporatzea jaioterrian duen arriskua eta Frantzian duen familia egoera kontuan hartu gabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)