Anaitze Agirre - Mugak dokumentazio zentroko kidea Komunikabideei eta Gutxiengoei Buruzko Lehenengo Jardunaldiak hasiko dira gaur, 09:30ean, Gasteizko Aldekoa kultur etxean, hedabideek gaiaz ematen duten ikuspegi txarra aztertzeko.

«Kazetariak ez dira ari euren erantzukizuna betetzen immigrazioari dagokionez»

Anaitze Agirre (Lazkao, Gipuzkoa, 1972) SOS Arrazakeria erakundearen Mugak dokumentazio zentroko kide da. Taldeak Komunikabideei eta Gutxiengoei Buruzko Lehenengo Jardunaldiak antolatu ditu Gasteizen. Gaur eta bihar, kazetaritzako eta etorkin taldeetako ordezkariak bilduko dira Ignacio Aldekoa kultur etxean, komunikabideek taldeon inguruan ematen duten irudiaz mintzatzeko.

Berria, Edu Lartzanguren , 30-10-2008

Lehen aldiz antolatu dituzue halako jardunaldiak. Zein da helburua?

Azken urteotan gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira etorkinak eta gutxiengoak gizartean, zorionez. Baina komunikabideetan, horietaz hitz egiten denean, beti lotzen dituzte gatazkekin edo krimenekin. Garrantzitsua da guretzat komunikabideei esatea: horrela ez duzue ezer onik egiten. Kontua, normalizatu ordez, arazo gisa aurkezten diote gizarteari. Askotan, gainera, komunikabideena ez den beste erreferentziarik ez dugu izaten eta, ondorioz, sekulako ahalmena dute irudia eraikitzerakoan.

Jardunaldia soilik kazetarientzat da?

Ez. Elkarteentzat, unibertsitateko munduko jendearentzat eta immigrazioa lantzen duten talde guztientzat da. Kazetariekin lan handia egiteko dagoela uste dugu, halere. Badakigu euren lanean mugak dituztela, presarengatik eta laneko martxa eta behin-behinekotasunarengatik; baina uste dugu ez direla ari euren erantzukizuna betetzen. Informazioa gaizki ematen ari dira edo mezu txarra ematen. Konturatu behar dira ez dela berdina hitz bat edo beste erabiltzea edo tituluan ideia bat edo beste ematea.

Adibiderik emango?

Etorkin oldea eta halakoak erabiltzen dira. Edozein egunkaritan aurkituko dituzu astakeriak esaten dituzten tituluak, baita aurrerakoietan ere. Beste gauza garrantzitsu bat informazio iturriak dira. Gaiaren inguruan hitz egiten denean gehien erabiltzen diren iturriak erakundeak edo Polizia dira. Iturriak horiek badira, mezu txarra ematen baduzu eta, gainera, hitz horiek erabiltzen badituzu, hor daukagu emaitza.

Etorkin ek ere parte hartuko dute jardunaldietan?

Oso garrantzitsua da etorkinei eta gutxiengoetako kideei hitza ematea. Komunikabideetan oso gutxitan eskatzen diete iritzia. Guk mahai-inguru bat antolatu dugu, beraiek adieraz dezaten nola ikusten duten hedabideek ematen duten estereotipo eta irudi okerra. Horiena ez ezik, kazetarien ahotsa ere entzun nahi dugu, horrela zergatik lan egiten duten esan dezaten. Saiatu gara, edonola ere, kritika egiten, baina positiboa, hau da, kazetariei beste aukerak ematen.

Komunikabideetan Errumaniako Gobernuaren publizitate kanpaina bat dabil egunotan, errumaniarren irudia hobetzeko. Egokia iruditzen al zaizu?

Errumaniarrei buruzko estereotipoa hautsi nahi dute, baina zera esaten ari dira, azken finean: «Errumaniar guztiak ez dira ijitoak». Iragarkia arrazista da, erabat. «Errumaniar zuri eta begi urdinekoekin ez duzue arazorik izango», esaten ari dira. Mesede gutxi egiten ari zaie elkarbizitzari eta arrazakeriaren kontrako borrokari. Nahiko penagarria da iragarki hori.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)