Arrazakeriaren drama zorrotza

Doris Lessing, Nobel saridunaren 'Belarra kantari' nobela euskaratu du Koro Navarrok

Berria, , 29-10-2008

Elixabet Epelde
Donostia

Koro Navarrok euskaratutako Belarra kantari eleberria argitaratu du Elkarrek. Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak antolatzen duen Jokin Zaitegi Sariari esker itzuli du Doris Lessing Nobel saridunaren nobela «gogorra» eta «erruki gabea».

Mary Turner-en hilketak ematen dio hasiera 40ko hamarkadan, Rodesian (egun Zimbabwe) kokatzen den eleberriari. Gertakariaren aurrekoak ondoren datoz; iragarritako heriotza baten kronika da. Protagonistak eguneroko bizitza zoriontsua atzean utziko du, konbentzio sozialei jarraituz bizitza «normal» bat izateko sernargai bila hastean. Ezkontzak tragediaren hasiera markatzen du, gero eta gogorragoa bilakatuko dena. Arrazakeria eta matxismoa dira istorio honen testuingurua eta giroko gogorkeria protagonistetan mamituz joango da. Hain zuzen, Navarrok, askotan Mary «hiltzeko gogoa» sentitu duela aitortu du aurkezpenean.

Belarra kantari eleberria Lessing-en lan ezagunena ez izan arren, «kalitate» eta «indar» handiko lana dela esan du Xabier Mendiguren editoreak aurkezpenean.

Lessingen lanetan garrantzia istorioan dagoela eta ez kontatzeko moduan dioen ustea oso zabalduta dago. Navarro ez dator bat iritziarekin, idazlea «estilista» izan ez arren Belarra kantari nobelarekin, adibidez, transmititzen duen gogortasuna, kontatzeko duen moduagatik dela baitio. Gainera, zuzentasun politikorik gabe idatzita egoteak nobelari «freskotasun berezia» ematen diola aitortu du Navarrok.

Lessingek feminismoaren alde eta arrazakeriaren aurka egiten duela esan arren, The Golden Notebook-en idazleak askotan azaldu, maxima ideologikorik gabe ekiten diola idazteari.

Jokin Zaitegi beka

AED Elkarteak, Elkarrek eta Kutxak, Jokin Zaitegik euskararen alde egindako ekarpena omentzeko euskarazko itzulpengintzari buruzko sariak antolatzen dituzte. Aurtengoa 21. saria izan arren, 2002tik aurrera ekin zioten nobel sariak itzultzeko bekak emateari. Urtero aurreko urtean Literatur Nobela irabazi duen idazlearen lan bat aukeratzen dute eta Durangoko Azokarako itzuli. Datorren urterako Jean-Marie Gustave Le Clezioren Désert nobela aukeratu dute.

Mary, nobelako protagonista hiltzeko gogoa sentitu dut behin baino gehiagotan»

«Gertakaria oso gogorra da eta modu gogor eta erruki gabean kontatuta dago»

koro navarro

Itzultzailea

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)