Lehen tramitea gainditu du Gizarte Zerbitzuen Legeak

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du Ezker Abertzaleak aurkeztu duen osoko zuzenketa eta txostena idazteko lan taldea eratu du Legeak aitortzen duen eskubide subjektiboa ezbaian jarri dute hainbat gizarte eragilek

Berria, , 24-10-2008

Gizarte zerbitzuen lege egitasmoak beste pauso bat eman du Eusko Legebiltzarrean. Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordeak atzera bota du Ezker Abertzalea Legebiltzarreko taldeak (EAB) aurkeztutako osoko zuzenketa, EAB ez beste talde guztiek aurka bozkatu baitute 15 boto zuzenketaren aurka eta 2 alde. Gizarte zerbitzuen alorra arautuko duen lege baten beharra azpimarratu dute Legebiltzarreko talde guztiek. Talde guztiek bat egin dute Eusko Jaurlaritzaren lege egitasmoa hobetzeko beharrarekin, eta hori aurkeztutako zuzenketen bidez lortzeko asmoa agertu dute.

Egungo gizartearen beharrizanei erantzuten ez diela-eta eskatu du EABk lege egitasmoa Eusko Jaurlaritzari itzultzea. «Administrazioak egun kudeatzen dituen gizarte laguntzen filosofiari eusten dio, irizpide ongile eta paternalistari», nabarmendu du Nekane Erauskin legebiltzarkideak. Gizarte bazterketa dakarten eragileei eusten ez diela azpimarratu du.

Salatu du egitasmoak aipatzen duen eskubide subjektiboa eta unibertsala murrizten eta mugatzen duten baldintzak daudela legearen edukian. «Arauz kanpo dauden etorkinak eta gizarteko baztertuak kanpoan gelditzen dira, eta larrialdiko bidetik baino ez dute arreta jasotzerik izango». Zerbitzuen katalogoari lege izaerarik ez ematearen arriskuaz ohartarazi du bestetik, baita enpresa pribatuekin hitzarmenak sinatzeko aukeraz ere. Azkenik, erabiltzaileek zerbitzu batzuk erabiltzearen truke ordaindu behar izatea «eskasa eta bidegabea» dela deritzo.

Lege egitasmo «aurrerakoia»

Miguel Angel Fernandez Ezker Batuko legebiltzarkideak «taktika politikotzat» jo du EABren osoko zuzenketa. Lege egitasmoak gizarte zerbitzuen esparrua arautzen duela azpimarratu du, eta gizartearen aldaketei aurre egiteko edukiak dinamikoa izan behar duela gaineratu. Zerbitzuen pribatizazioari buruz gizarte zerbitzuen egoera kontuan ez hartzea egotzi zion Fernandezek EABri. Zerbitzu asko irabazi asmorik gabeko elkarteek kudeatzen dituztela gogoratu du, eta lege egitasmoaren bidez langile guztien arteko baldintzak homogeneizatu nahi dituztela adierazi du.

Fernandezek azpimarratu du legeak ezin duela aldatu gaur egun dagoen zerga politika, ezta lan hitzarmenen alorra ere. Hori dela eta, gaur egungo testuinguruan erabiltzailearen eta administrazioaren ordainketa partekatua da berdintasuna bermatzeko egokiena, Fernandezen ustez. «Berdintasuna ez da guztiei gauza bera ematea, baizik eta bakoitzari dagokiona ematea».

Lege egitasmoa idazteko egindako lan handia eta eragileen artean lortutako adostasuna azpimarratu dute Bakartxo Tejeria EAJko legebiltzarkideak eta Karmele Antxustegi EAko legebiltzarkideak. Eskubideen titulartasunari dagokionez lege «aurrerakoia» dela adierazi du Tejeriak, eta zerbitzuak legez ez arautzearen alde dagoela gaineratu du. «Zerbitzuak legez arautuz gero, gizartearen aldaketa bakoitzarekin legea aldatu beharko genuke egoerara egokitu ahal izateko».

Gemma Zabaleta PSE-EEko legebiltzarkideak lege egitasmoa garrantzitsutzat jo du, gizarte politikak bideratzeko tresna izan daitekeelako. Dena den, legea zuzenketen bitartez hobetzeko beharra azpimarratu du. Finantzaketari dagokionez udalak indartu behar direla nabarmendu du, «katebegi ahulenak» direlako.

Aralarrek ordainketa partekatuari zuzenketa egin diola jakinarazi du, betiere kontuan hartuta gizarte zerbitzuen lege berria beharrezkotzat jotzen duela.

Gizarte eragileak, zain

Legebiltzarreko taldeen artean bezala, lege berri baten beharraren inguruan adostasun osoa dago gizarte eragileen artean. Azken hamarkadan gizartean gertatu diren aldaketek 1996. urtean onartu zen Legea gainditu dutela deritzote. Gizarte zerbitzuen kudeaketa hiru probintzietako foru aldundien menpe egonda, ezberdintasun agerikoak daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean, besteak beste. Egungo egoera arautuko duen legearen garrantzia nabarmendu arren, eragile bakoitzak Legebiltzarrean dagoen lege egitasmoaren bere interpretazioa egiten du.

Egitasmoak aipatzen duen eskubide subjektiboa da eztabaidagai nagusietako bat. «Biztanleen eskubidea dela dio, baina ez dago garbi nola egiten den jauzi alde teorikotik praktikora», deritzo Igor Mera EGK Euskal Gazteriaren Kontseiluko kideak. Julene Gabiola ELA sindikatuko kidea harago doa, eskubidea «baldintzatuta» dagoela azpimarratzen du eta. Baldintza horiek aurrerago zehaztu beharko lituzke Eusko Jaurlaritzak, baina bitartean, Gabiolaren ustez, ezin da esan eskubide subjektiboa betetzen denik.

Emakunderen ustez, aztertu beharreko alor batzuk badaude egitasmoan, hamabi hilabeteko errolda kasu. Eskaera horrek izan dezakeen eragina ikusi behar da, batez ere zaintza lanak egiten dituzten etorkinen kasuan<→ gehienbat emakumeak. Hamabi hilabetez erroldan egoteko beharra gogor kritikatu du Elkartzenek. Etorkin atzerritar askorentzat traba handia izango dela deritzote, eta, ondorioz, pobrezia eta bazterketa soziala bizi duen sektore bat kanpoan utziko duela. «Migratzeko beharra duten pertsonen kriminalizazioa dakar, Europako Batasunetik emandako aholkuekin bat eginez». EGKren ustez, errolda ez da beharrezkoa, osasun sisteman agerian gelditzen den bezala.

Enpresa pribatuekin hitzarmenak egiteko aukera asko eztabaidatu izan da lege egitasmoa Legebiltzarrera heldu zenetik. ELAren ustez, egitasmoak pauso bat ematen du ekimen pribatua sartzearen alde. Gizarte zerbitzuen lege egitasmoak gai honen inguruan aurreko lege guztiak gainditu dituela deritzo Gabiolak. «Ekimen pribatuari ateak inoiz baino gehiago ireki zaizkiola iruditzen zaigu». Iritzi berekoa da Elkartzen, eta pribatizazioak langileengan izan dezakeen eragina azpimarratu du. «Ekimen pribatuko langileen soldatak eta lan baldintzak sektore publikokoekin parekatu behar dira».

Gizarte zerbitzuen alorreko langile gehienak emakumeak direla azpimarratu du Emakundek. Hortaz, emakumeek egiten duten lanaren kalitatearen «garrantzi estrategikoa» kontuan hartu beharko litzatekeela uste du. «Beharrezkoa da berme guztiak zehaztea lanean berdintasuna eta duintasuna egitate bat izan dadin».

EGKren ustez, lege egitasmoak aurkezten duen hitzarmen esparrua aurrerapausoa da egungo egoerarekin alderatuta. Hala, langileentzako gutxieneko baldintzak aurkezten ditu, eta langileen gastuak zerbitzuen kudeaketa gastuetatik ezberdintzen ditu. Pentsiodun eta Erretiratuen Elkarteen Lurralde Federazioa iritzi berekoa da, baldin eta langileen prestakuntza bermatzen badu. «Kalitatezko zerbitzuak eskaintzea da kontua, eta ez dute zertan publikoak izan», esan du Txema Odriozolak, aipatutako elkarteko presidenteak.

Zerbitzuen ordainketa partekatua kritika gehien pilatu duuen alorretako bat da. Eskubide subjektiboa izanda publikoa eta doan eskaini behar dela deritzote elkarte gehienek. Errentaren birbanatzea egiteko fiskalitatea dagoela deritzote gehienek. «Zerbitzuak doan eskaintzea borondate kontua da; Jaurlaritzak superabitarekin bukatu izan du urte bakoitza», dio Gabiolak.

Lege egitasmoak egungo filosofiari eusten dio; irizpide ongile eta paternalistari, alegia»

Nekane erauskin

EABko legebiltzarkidea

«Berdintasuna ez da guztiei gauza bera ematea, bakoitzari dagokiona baizik»

Miguel Angel Fernandez

EBko legebiltzarkidea

«Eskubide subjektiboan ez dago garbi nola egiten den jauzi alde teorikotik praktikora»

Igor Mera

EGKko kidea

«Beharrezkoa da berme guztiak zehaztea lanean berdintasuna egitate bat izan dadin»

emakunde

«Lege egitasmoak inoiz baino gehiago ireki dizkio ateak ekimen pribatuari»

julene gabiola

ELAko Ikerketa Kabineteko kidea

Hilabete gutxi dituzte legeak Legebiltzarrean aurrera egiteko

«Berandu da, agian korrika eta presaka onartu beharko da, baina ateratzen den legeak ona izan behar du». Hitz horiekin laburbildu zuen Gemma Zabaleta PSE-EEko legebiltzarkideak Gizarte Zerbitzuaren Legearen etorkizuna. Legegintzaldia bukatzeko zenbat falta den argi ez dagoen arren, denbora gutxi gelditzen zaio gizarte zerbitzuen lege egitasmoari Legebiltzarreko bidea bukatzeko. EABren osoko zuzenketa atzean gelditu ostean, lege egitasmoaren txostena idatziko duen lan taldea osatuko da. Legebiltzar taldeek aurkeztu dituzten 248 zuzenketak eztabaidatuko ditu txostena idazteko. Txostena bukatzean batzordeak onartu beharko du, eta, azkenik, osoko bilkurak.

Lege egitasmoaren ardatz nagusiak

Eskubide subjektiboa: Hiritar guztiek gizarte zerbitzuak izateko eskubidea izango dute, eta pertsonen arteko berdintasuna bermatuko du. Eskubide osoa izateko, herritarrak hamabi hilabetez egon beharko du EAEn erroldatuta.

Gizarte Zerbitzuen Sistema: Pertsonen gizarteratzea, parte hartzea eta haien autonomia pertsonala bermatuko dituen sarea da. Planek, zerbitzuek, programek eta ekipamendu pribatu zein publikoek osatuko dute sistema.

Zerbitzuak: Teknikoa, ekonomikoa edo teknologikoak.

Lehen arretako zerbitzuak: Sistemarako sarbidea izango da, eta behar txikia dutenei babesa ematen die.

Bigarren arretako zerbitzuak: Baztertze, mendekotasun edo babesgabetasun kasuei aurre egiten dieten zerbitzuak.

Ekimen pribatua: Zerbitzu egokiak eman ahal izateko ekimen pribatuarekin itundutako zerbitzuak, hitzarmenak edo kudeaketa kontratuak sinatu ditzake.

Finantzaketa: Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, udalek eta erabiltzaileek ordainduko dituzte zerbitzuak. Erabiltzaileek ahal duten neurrian lagunduko dute, baina diru sarrerek ez dute baldintzatuko jasoko duten zerbitzua.

2.632

Zentroak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gizarte zerbitzuak eskaintzen dituzten 2.632 zentro daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietatik 523 daude Araban, 1.293 Bizkaian eta 816 Gipuzkoan. Batez beste, zentro gehiago dago Araban beste bi probintzietan baino.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)