Lan barik geratu direnen %25 etorkinak dira EAEn

CCOO sindikatuak jasotako datuek diote ia %54 igo dela langabezia etorkinen artean

Berria, , 24-10-2008

Ekaitz Goienetxea
Bilbo

Iaztik hona Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan barik geratu direnetatik lautik bat Euskal Herritik eta Espainiatik kanpoko langileak dira. CCOOk jakinarazi duenez, etorkinen artean %53,74 igo da lan bakoen kopurua. «Nahiz eta alarmista izaterik ez nahi, egia da modu esanguratsuan igo dela langabezia etorkinen artean», adierazi dute CCOOkoek. Datu hori, gainera, «engainagarria» izan daitekeela uste dute, «oraingoz eskasa baita gure lan merkatuan dabilen etorkinen kopurua».

CCOOren Euskadiko Kabinete Teknikoak jaso ditu aipatutako datuok. Horiek eskuetan, kezka azaldu dute krisi sasoiak izan ditzakeen eraginak ikusirik. Kolektibo horren lan baldintzak kalitate baxuenekoak izaten baitira berez, krisi garaian baldintza horiek are gehiago okertzen direla adierazi dute.

Hori dela eta, etorkinak zaindu egin behar direla nabarmendu du sindikatuak. «CCOOrentzat, biztanle etorkinen eskubideak bermatzeak izan behar du hurrengo urteetako erronka nagusietako bat».

Sindikatuak emandako datuen arabera, azken urteetan sortutako lanpostu gehienak etorkinentzat izan dira: «Langile etorkinak etengabe etorri dira. Azken lau urteotan sortu dituzten soldatapeko enpleguen %80tik gora biztanle etorkinek hartu dituzte».

Soldatapeko etorkinak 32.400 gehiago dira egun, orain lau urteko datuekin alderatuta; bertokoak, ostera, 7.800 soldatadun gehiago «bakarrik» izan dira.

Behin-behinekotasun datuei begiratuta, egonkortasuna oso txikia da etorkinen artean. 2008ko bigarren lauhilekoan, %57,6koa izan da behin-behinekotasun tasa etorkinen artean, eta bertokoen artean, %25koa. Bikoitza baino gehiago, beraz. Hortxe ikusten du CCOOk krisiak etorkinengan duen eraginaren adibideetako bat.

Sindikatuak etorkinen langabezia tasa igo dela esan arren, hirugarren hiruhilekoan, langabezia tasa bera dela jakinarazi zuen Eustatek aste honetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tasa %3,5ekoa da. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 1.100 pertsona gutxiago daude lan barik Araban, eta Gipuzkoan, 100 gutxiago. Bizkaian, ostera, 1.100 langabe gehiago daude.

Guztira, 35.500 langabe zenbatu ditu hiru lurralde horietan, Araban, 1.900 (%1,3); Bizkaian, 23.800 (%4,5), eta Gipuzkoan, 9.800 (%3). Eraikuntzaren, zerbitzuen eta nekazaritzaren sektorean igo da gehien lanik gabe daudenen kopurua.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)