30-40 urte arteko gizon ezkonduak dira prostituzioaren bezero gehienak

Prostituzioan diharduten pertsonekin lan egiten duen Askabide elkarteak Bizkaiko prostituzioaren bezeroen profila aztertu du Bezeroen %75k preserbatiborik gabeko sexu harremanak eskatzen dituzte

Berria, Maite Asensio Bilbo , 23-10-2008

Gizonezkoak, 30 eta 40 urte artekoak, ezkonduak eta bertakoak. Horiexek dira Bizkaian prostituzioan diharduten pertsonen bezeroen ezaugarri nagusiak, Askabide elkarteak egindako Bizkaiko prostituzioaren bezeroen profila ikerlanaren arabera. 1985etik prostituzioan diharduten pertsonen bizi eta lan baldintzak hobetzen saiatu da Askabide, baina horretarako, bezeroekin lan egitea ezinbestekoa dela ohartu dira. Hartara, ikerlanak informazio erabilgarria ematen die, prostitutek bezeroekin izandako arazoei dagokienez batik bat.

373 prostitutari eta 94 bezerori egindako elkarrizketen bidez osatu dute ikerketa. Ikerlanean parte hartzeko prest agertu diren bezero guztiak gizonezkoak dira, eta klubetan zein pisuetan kontratatu dituzte prostituten zerbitzuak. Lortutako informazioaz ondorio argi bat atera du Askabidek: ez dago prostituzioaren bezeroen soslai zehatzik. «Adin eta lanbide guztietako gizonak dira; denek ordain ditzakete prostituten zerbitzuak», dio Diego Lodeiro ikerketaren egileetako batek.

Ikerlanean parte hartu duten bezeroek emandako datuek ere hala adierazten dute. Ostalaritzan, eraikuntzan eta fabrika ekoizpenean lan egiten dutenak dira nagusi, baina %15 diplomadunak edo lizentziadunak dira; ikaslerik eta erretiraturik ere badago tartean. Halaber, Askabideren galderei erantzun dieten gizonen %58,5k seme-alabaren bat dute.

Bezeroen ezkontza egoerari dagokionez, kontraesanak agertu dira prostituten eta bezeroen testigantzetan. Prostituten arabera, bezeroen %63 ezkonduta daude, baina ikerlanean parte hartu dutenen %35ek baino ez dute onartu ezkonduta daudela; %52k, aldiz, ezkongabeak direla adierazi dute.

Prostituten zerbitzuak zergatik kontratatzen dituzten ere galdetu die Askabidek. Prostituten ustez, bikotekidea ez den emakume batekiko sexu harremanak bilatzen dituzte bezero gehienek, baita bikotekideekin ez dituzten sexu jarduerak egitea ere. Bezeroek ordea «konpromisorik gabeko sexua» nahi dutela diote. Edonola ere, «bezeroen nahiek ez dute euren ezaugarri soziodemografikoekiko loturarik», dio Diego Lodeirok.

Zebitzuok kontratatzeko maiztasunari dagokionez, bezeroen %24,4k hilabetean behin kontratatzen dituzte prostituten zerbitzuak, eta %18k astean behin. Inkestatuen erdiek, aldiz, «noizean behin» kontratatzen dituztela adierazi dute. Argi du Lodeirok horren zergatia: «Erantzunik anbiguoena da, ez duelako maiztasunik zehazten, baina jarraipena dagoela adierazten du».

Bezeroekiko arazoak

Oraindik ere, bezeroen %75k sexu harremanak preserbatiborik gabe izatea eskatzen dietela salatu dute prostitutek. 40 eta 50 urte artekoek erabiltzen dute gutxien preserbatiboa, nahiz eta adin tarte horietako gizonak diren sexu harremanen bidez kutsatutako gaixotasun gehien izan dutenak. «Baina bezeroek preserbatiborik gabeko harremanak eskatzeak ez du esan nahi hala gauzatzen direnik», nabarmendu du Lodeirok. Bezeroen %85ek, ordea, preserbatiboa erabiltzen dutela esan dute inkestan.

Era berean, bezeroek droga kontsumitzera «gonbidatzen» dituztela salatu dute prostituten erdiek. 40 eta 50 urte arteko prostitutei eskaintzen diete nagusiki, eta klubetan batez ere. Ildo horretan, prostitutek droga kontsumitzen badute, bezeroek sarritan gehiago ordaintzen dietela ohartarazi du ikerlanak.

Bezeroek prostitutei ematen dieten tratuaz ere oso kezkatuta agertu dira Askabideko langileak. Izan ere, bezeroek iraindu izan dituztela adierazi dute prostituten %20,6k, eta eraso fisikoak jasan dituztela %0,03k. Jarrera horiez mintzatzean, Prieur eta Taksdal soziologo norvegiarren azterketa aipatu du Askabidek: «Gizonen eta emakumeen arteko ohiko harremanak aldatzen ari direlako frustratuta daude gizon horiek, eta menderatzean oinarritutako eredu eta irizpide tradizionalei eusten diete».

masensio@berria.info

Ikerketako datuak

IKERTUAK: PROSTITUTEN 373 LAGUNEKO LAGINA ETA 94 BEZERO

Ikerketan parte hartzeko prest egon diren bezero guztiekin (94) elkarrizketatu dira lanaren egileak. Prostituzioan diharduten pertsonen iritziak biltzeko, aldiz, lagin bat hartu dute.

Sexua. Prostituzioan diharduten pertsonen %90,3 emakumezkoak dira; %6,4 trabestiak dira, eta %3,2 gizonak.

Adina. 30 urte baino gutxiago dituzte prostituten %59,5k; 30 eta 40 urte bitartean dituzte %24,3k.

Nongoak. Prostituten %96 atzerritarrak dira; horien artean, Latinoamerikakoak dira nagusi (%72,3).

Non. %72,5k klubetan egiten dute lan, %23k pisuetan eta %4,5k kalean.

BEZEROAK, PROSTITUTEN ARABERA

Sexua. Bezeroen %93 gizonezkoak dira, eta %3,7 emakumezkoak. Prostituten arabera, gizonek eta emakumeek partekatu dituzte zerbitzuen %3.

Adina. Bezeroen %44,7k 30 eta 40 urte artean dituzte, eta %25,7k 40 eta 50 urte artean. %17,75ek 50 urte baino gehiago dituzte, eta %11,78k 30 urte baino gutxiago.

Nongoak. Bertakoak dira prostituzioaren bezeroen %77,2; eta atzerritarrak, berriz, %22,8.

@sarean

Mensajero argitaletxearen bidez plazaratu du Askabide elkarteak Bizkaiko prostituzioaren bezeroen profila ikerlana. Halaber, azterketaren laburpena elkartearen webgunean dago ikusgai atzotik, berrikuntzei dagokien atalaren barruan:

www.askabide.org.

Bezeroak adin eta lanbide guztietako gizonak dira; denek ordain ditzakete prostituten zerbitzuak»

diego lodeiro

Askabide

12,5

Bezeroak astean. 12,5 bezero dituzte prostituzioan diharduten pertsonek astero, batez beste. Bezero kopuru handienak dituzte, oro har, 30 urtetik beherakoek, Europakoek (Errumaniatik etorritakoek batik bat) eta pisuetan lan egiten dutenek.

Klubetako prostituzioa lan harreman gisa onartu dute

Klubetan prostituzioan ari direnen eta jabeen arteko harremana lan harremana dela ebatzi du, hil honen hasieran, Kataluniako Auzitegi Nagusiak, nahiz eta aldeen artean kontraturik ez egon. Erabaki horrekin, prostituzioan dihardutenek langile modura dituzten eskubideak babestu nahi izan ditu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)