Bira
Txistuak
Berria, , 22-10-2008Pariseko gobernua haserretu da, iragan astean Stade de France-n, bere futbol taldea, Tunisiaren aurka aritzera zihoala, sostengatzaileek huxtukatu dutelako. Jokalariek hilabete oroz SMIC-eko langile batek hamaika aldiz irabaz dezakeena sakelaratzen dute. Dirua da funtsean irabazten duten bakarra, hobe baita kirol alorrik ez aipatzea. Putzuken pare ari dira, eta laguntza handirik ez dakarkie eztabaidatua eta guztiak urduritzen dituen Domenecq jaunak.
Presidenta ederki kexatu zen, finantza krisiarekiko izua ahantz arazteraino, ministro zurbilak halaber, erregeen denborako lèse-majesté krimen bat obratu bailitzan, ez baita eskubiderik alabaina gerla odoltsura deitzen duen himno nazionalaren huxtukatzeko. Gaur egun gero eta deretxo gutxiago dute frantsesek, hala nola erretzeko, ziztuan gidatzeko, loditzeko, mehatzeko, grebara eta larrua jotzeko. Poliziak trenetan ibiltzen dira hirunaka eta bide bazterretan kuku-gordeka. Laster, Stade de Francen sartuko den beltzaran bakoitzak bizkar-zain larderiatsu bat baduke, segika.
Lehendakariak hiritarrak laidozta ditzake, alta berdintasuna, anaitasuna eta askatasunaren izenean errefera datorkiokeela jakin beharko luke.
(Puede haber caducado)