Europaren immigrazio politika ez dela errealista salatu du SOS Arrazakeriak

Europako Batasunak immigrazio eta asilo politikaren inguruan onartutako hitzarmena arbuiatu du elkarteak

Berria, , 22-10-2008

Ainhoa Sarasola
Donostia

Europako Batasuneko estatuburuek joan den astean sinatutako immigrazioari eta asiloari buruzko hitzarmena «immigrazioa eta asiloaren aurkako hitzarmena» deitu behar litzateke, SOS Arrazakeriaren ustez. Immigrazio politikari dagokionez, kezkaz ikusten ditu elkarteak Europaren jarraibideak. «Ez da politika errealista, kontzeptu birtualak eta fikzio juridikoak eraikitzen saiatzen delako, baina oinarri sendorik gabe», Mikel Mazkiaranen hitzetan. Elkarteko kidearen ustez, Europak onartu egin beharko luke migrazio fluxuak ez direla inoiz ordenatuak izan, eta ez direla izango. Haren ustez, immigrazio politika oinarri horrekin egin beharko luke Europak, «errealitate hori gustuko izan edo ez». Itunak ez dakarrela berrikuntzarik eta «betiko akatsak» errepikatzen dituela uste du elkarteak.

Etorkina «objektu bihurtzea»

Virus argitaletxeak kaleratutako Frontera Sur. Nuevas politicas de gestion y externalizacion del control de la inmigracion en Europa [Hegoaldeko Muga. Europako immigrazioa kontrolatzeko metodoak kanpoan kudeatzeari buruzko politika berriak] liburuaren aurkezpenean egin zituen adierazpenok Mazkiaranek, atzo. Paolo Cuttitta, Mike Davis, Helmut Dietrich, Nuria Empez, Kerstin Seifer, Eduardo Romero, Hector Silveira eta Cristina Fernandez adituekin batera, liburuaren egileetako bat izan da Mazkiaran bera. Besteak beste, garapenerako lankidetza hitzarmenak, errefuxiatu eta asilo eskatzaileekiko Europaren «blindatzea», asilo eskubideak gutxitzea, kontrolerako sistema informatikoak, nazioarteko uren kontrola eta bakarrik iritsitako adingabeko etorkinen errealitatea jorratzen ditu lanak.

Liburuarekin, besteak beste, etorkinak «objektu bihurtzeko» ariketa agerian utzi nahi dutela adierazi du Mazkiaranek. «Etorkinek gero eta gehiago objektuak dirudite, eta gero eta gutxiago pertsonak. Zuzenbidea gero eta gutxiago agertzen da mugen kontrolaren auzian. Eta gero eta gehiago dirudi txalupak zonbiz beteta doazela, ez pertsonaz beteta». Mazkiaranen iritziz, horrek guztiak dakar etorkinak «objektu bihurtzea» eta, behin objektu bilakatuta, «humanismo aztarna oro» desagertzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)