Tratu txarren biktimak babesteko zentroa eratuko du Eusko Jaurlaritzak
Justizia sailburuak esan du, batez beste, 11 salaketa jasotzen direla egunean EAEn genero indarkeriagatik
Berria, , 17-10-2008Genero indarkeria jasaten duten biktimak babesteko koordinazio zentroa jarriko du abian Jaurlaritzak, Bilboko Justizia Jauregian, azaroa geroztik. «Erabateko funtzionamenduan», bestalde, 2009ko urtarrilaren 11n egonen da zentroa, EAEko Justizia sailburu Joseba Azakarragak atzo jakinarazi zuenez.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako zerbitzua eskainiko du zentroak, eta emakumeak eta familiak babesteko neurriak «gertutik» jarraitzea izanen du helburu. Genero eta Familiarteko Indarkeriari Buruzko II. Kongresuaren inaugurazioan eman zuen Azkarragak zentro berriaren berri. Donostian, Kursaalean, egiten ari dira biltzarra.
Justizia sailburuak esan zuenez, EAEn, batez beste, 11 salaketa jasotzen dira egunero genero indarkeriarekin lotuta. Hala ere, horietatik askok uko egiten diote gero zigor prozesuarekin jarraitzeari; 2007an, esate baterako, 404 biktimek erabaki zuten prozesuarekin bukatzea, zehazki, salaketen osotasunetik %12 izan ziren.
Azkarragaren arabera, «berebiziko garrantzia» dauka biktimek jasotzen duten informazioak, horrelako auzietan atzera jotzen dituztenen kasuak ahalik eta gutxien izan daitezen.
Justizia sailburuak atzo emandako beste datu bat babesaren ingurukoa izan zen: babesa eskatzen duten biktimen %26 (horietatik %0,2 adingabeak) atzerritarrak dira, eta EAEko etorkinak populazioaren %5,4 dira. Datu horrek «gogoeta» eragin beharko luke, Azakarragaren iritziz. Era berean, biktimen gainontzeko %75,4tik %2,6 adingabeak dira.
Azkarragaren arabera, erasotzaile baten kontra salaketak jartzen dituzten biktimetatik %16k neurri zibilen bat ere eskatzen dute, eta gehienek (%31) dibortzioa eskatzen dute. 2007an, horrelako neurriak 681 emakumek eskatu zituzten .
(Puede haber caducado)