Kulturartekotasun programa garatzen dabilz egunotan eskualdeko ikastetxeetan
El Correo, , 16-10-2008Busturialdeko Gizarte Elkargoko Inmigrazio sailak bultzatuta, kultura arteko elkarbizitzarako sentsibilizazio programa garatzen dabilz eskualdeko bederatzi ikastetxetan. Ekimenaren helburu nagusiak dira «dibertsitatea errespetatzen dabezan jarrerak bultzatzea, etorkinei buruz dagozan estereotipoak modu kritiko batez aztertzea eta kultur artean sortzen diran gatazkak konpontzeko jarraibidea eskola umeei ezagutzera emotea», azaldu dabe programaren antolatzaileek.
Hezkuntza proiektua Gernikako La Merced, San Fidel eta Seber Altube eta Arratzuko Barrutia eta Barrutialde ikastetxeetan ez ezik, Muxika, Gautegiz Arteaga, Busturia eta Mundakako eskoletan be lantzen dabilz, egunotan. «Guztira, 350 ikasle inguruk parte hartuko dabe proiektuan, 21 taldetan banatuta», zehaztu dabe.
Programa hori Eusko Jaurlaritzaren Kulturarteko Bizikidetza eta Integrazioarako Biltzen Zerbitzuak diseinatu eta antolatu dau. Eguneko lana jaioterri desberdineko monitoreak koordinatzen dabezan tailerretan burutzen dabe ikasleek. «Besteak beste, Marruekos, Argelia, Ginea eta Perutik etorritakoak dira».
Gernika ezagutzen
Beste alde batetik, Gernikako DBHko 1. eta 2. zikloko hirurehun bat neska – mutil historikoki esanguratsuak diran herriko lekuak ezagutzeko bisitak egiten dabilz, egunotan be. Beste ekimen hau Gernikako Udalak abian ipini dau, «hainbeste informazio zabaltzen dan sasoi honetan gure identitatearen ezaugarriak galtzeko arriskuan dagozalako», aipatu dabe Udal iturriek.
Bisita gidatuen programaren barruan, Gernika – Lumo zelan sortu zan, Foruen esangurea eta bonbardaketaren historia atalaren nondik – norakoak ikasten dabilz gazteak.
(Puede haber caducado)