Klima aldaketagatik lekualdatuak

Egun 27 milioi lagun dira lehorteen edo uholdeen eraginez beren etxea laga behar izan dutenak, eta, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, mendearen erdialderako 200 bat milioi lagun izango dira

Berria, Leire Ventas, 10-10-2008

Gerren eta errepresio politikoaren ondoriozkoez gain, klima aldaketaren iheslariak ere badaude. Lehorteek edo eurijasek eragindako etorkinak dira horiek. Egun 25 edo 27 bat milioi dira halakoak, adituen kalkuluen arabera. 2050erako, ordea, kopuru hori biderkatu egingo da, 200 milioi inguru izateraino. Mendearen erdialderako, beraz, AEB Ameriketako Estatu Batuetako populazioaren bi herenak adina izango dira ingurumen arazoak medio beren etxea laga behar izan dutenak.

«Azaleratzen ari den mundu mailako arazo larria da», alarma jo du Janos Bogardik, Ingurumenaren eta Giza Segurtasunaren Institutuko zuzendariak. Larrituta, beraz, eta errealitate berri horren kontzientzia hartzeko, bilera berezi batera deitu ditu 80 herrialdetako 600 aditu. Alemaniako Bonn hirian atzo hasita etzira arte egingo duten bileran, ingurumenak eragindako migrazioa fenomeno berezi gisa aztertuko dute. «Orain artean etorkin ekonomikotzat geneuzkan, baina bereizgarri propioak dituzte», dio Janosek. Izan ere, diru faltagatik etorkin bilakatzen direnen soslaia identifikatzeko erraza da: gizonezkoak izaten dira gehienak, eta ia beti gazteak. Lehorteek eta uholdeek, ordea, familia osoak behartzen dituzte lekualdatzera. Horiek, gainera, etorkin ekonomikoak ez bezala, ez dira beti atzerrira joaten. Sarritan herrialdearen barnean aldatzen dira lekuz, landa eremutik hirietara gehienetan.

Halaxe gertatzen da, esaterako, Argentinan. Buenos Aires hiriburura joaten dira uholdeek lekualdatzera behartutako bost lagunetik hiru. Era horretan, Patagoniako populazioa erruz murriztu da. Ekuadorren ere Quitorako bidea hartzen dute kostaldeko herrietako eta Andeen inguruko ehunka lagunek, eta horietako askok klima aldaketagatik. El niño bezala ezagutzen den fenomeno ziklikoa dago kostaldeko emigrazioen atzean. Aire masen ohizko mugimenduaren aldaketak ur korronteetan eragiten du. Horiek geldoagoak bilakatzen dira, eta, ondorioz, kostaldeko ura beroegia bihurtzen da bertan arrainak bizi ahal izateko. Hala, Ekuadorko arrantzaleak hiriguneetara joaten dira, lan bila. Mexiko hegoaldeko Chiapas estatuan ere, kafe sailak itotzen dituzten – eta gero eta ohikoagoak diren – euri jasa tropikalek hirietarako emigrazioa bultzatu dute. Hiru kasu horiez gain, beste 17 herrialdeetakoak dira aztertzekoak NBE Nazio Batuen Erakundearen menpeko organoak deituriko bileran.

 

Datua

NORBERTURAKANA

Urteko zazpigarrena. Aurten Pazifikoan sortu den zazpigarren urakana da Norbert. Mexikoko Kalifornia Beherea estatura iristekoa da gaur, 250 kilometro orduko haizeekin. Eguraldi Zerbitzu Nazionalak kostaldea gogor joko duela jakinarazi du.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)