Bira

Bamako

Berria, Itxaro Borda , 02-10-2008

Mbengue gurutzatzen dudanean zubi gainean, girgilez zaratatsu, ibileraz kulunkari eta modako jantzi garestiz bezti, imajinatzen dut NY-en naizela, horrela da, libertatea usnatzen dudanean beti Amerikak ditut irudikatzen, eta munduaren aniztasun aberatsa opari dugula deritzot. Hain zuzen barda Mbenguek jakin arazi zidan Bokaleko kafetegi batean balafont joko zuela, lagunak kora inarrosiko zion artean, eta nahi baldin banuen etorri, etortzeko bada gustuan, ideia beltzak dituena gehienetan ongi konpontzen dela larrua beltz dutenekin.

Rokia Traore, Ba Cissoko, Perrine Fifadji, Youssouf Cisse, Anjelika Kidjo, Tiken Jah Fakoly, ToureKounda, Myriam Makeba, Ali Farka Toure izenak salmoka nenbilan Boufflers karrikara heltzean. Preseski Boufflers zalduna, Goree uhartea kudeatzen zuen frantses militar negreroetarik bat zen. Mistikoa kausitu nuen koinzidentzia, urratsean baino ez zidala horrek inzidentziarik eragin: Mbengueren antzera uhinka nindoan ni neu ere. Laffitte bankeroaren kalean, Tiken Jah-rena marmaratzen nuen erritmoan ainsi donc l’afrique doit du fric eta Marengo zeharkatzean oroitu nintzen Bamakoz amets negien garaietaz.

Bukatu da ramadana: allah biz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)