EBk Latinoamerika lasaitu nahi du

Etorkinei buruz hartutako azken erabakiak azalduko dizkie EBk enbaxadore latinoamerikarrei

Berria, Leire Ventas, 27-09-2008

EB Europako Batasunak immigrazioaren inguruan sinatutako azken hitzarmenek kezka sortu dute Latinoamerikan. Horiek arintze aldera, Frantziako Immigrazio eta Integrazio ministro Brice Hortefeux Parisko enbaxadore latinoamerikarrekin bilduko da datorren asteartean. Herenegun sinatutako Immigrazioaren eta Asiloaren Europako Ituna izango dute hizpide, eta baita ekainaren 18an Europako Legebiltzarrak onartu zuen itzulera direktiba ere. Immigrazio selektiboa – Europako beharren araberakoa – bermatzen duen dokumentua da lehena, eta paperik gabekoak kanporatzeko zuzentaraua bigarrena.

Biek ala biek etorkinentzat «ondorio tamalgarriak» izan ditzaketela salatu dute Latinoamerikako gobernuak. Itzulera direktibaren harira, EBko kideei bidalitako gutun batean Latinoamerikako eta Afrikako 44 herrialdek «giza eskubideak urratzeko arau saioa» gaitzetsi zuten. Brasilgo Gobernuak, gainera, milaka europarrek Brasilera emigratu zutenekoa ekarri nahi izan du gogora. «Besoak zabalik hartu genituen».

EBko 27 estatuetako ministroek etorkin kualifikatuei Europako ateak parez pare zabaltzeko konpromiso politikoa sinatu zuten egun berean, Eurolat Batzar Parlamentario Eurolatinoamerikarra egin zuten. Europako Legebiltzarreko presidentearen eta Latinoamerikako Legebiltzarreko buruaren arteko bilera da hori; egun, Hans – Gert Pottering alemaniarraren eta Jorge Pizarro txiletarraren artekoa. Herenegun Bruselan egin zuten bilera horretan, itzulera direktiba berraztertzeko eskatu zion Pizarrok Potteringi.

Tratu berezia

Paperik gabeko etorkin latinoamerikarrentzat «tratu berezia» nahi du Pizarrok. «Helburua ez da beste herrialdeetako immigranteak diskriminatzea, Europa eta Latinoamerika arteko hainbat akordio politiko aitortzea baizik», azaldu zuen. Haren arabera, badaude latinoamerikarrak tratu ezberdin horren merezidun egiten dituzten akordioak. Kanporatze agindua igorri ostean, zazpi eta 30 egun bitarteko epea dute paperik bakoek Europatik alde egiteko, zuzentarauaren arabera. Etorkinek beren kabuz alde egiten ez badute, bestalde, sei eta hemezortzi hilabete arteko gehienezko atxiloaldia legeztatzen du.

Bestalde, itun berriak ere kezkatzen du Pizarro. Europako lan merkatuaren araberako immigrazioa sustatzea du xede, eta «burmuinen ihesa» eragin lezake garatze bideko herrialdeetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)