Klase borroka

Berria, Uxue Apaolaza, 27-09-2008

Hasi gara europarrok argiago hitz egiten. Ez da ez zaizkigula beltzak gustatzen, edo marroiak; ez da beren hizketarako doinua atsegin ez dugula edo beren musika, Ramadana edo literatura. Ez, gu hori guztiarekiko toleranteak gara; are, pozik adoptatzen ditugu kolore anitzeko haurrak, edo ezkontzen gara Internet bidez gu baino hamar urte gazteagoa den emakume ilehori errusiarrarekin, edo ordaintzen dugu putiklubean arrazari begiratu gabe, edo putiklub beharrik gabe hamabost urteko mutiko marokoarrari zakila arin diezagun zuhaitz artean. Gu bihozberak gara eta penatzen gaituena pobreak dira. Legeztatzeak kasuz kasu aztertu behar dira, «arrazoi humanitario eta ekonomikoengatik». Horregatik etorkin kualifikatuak baizik ez ditugu onartuko gure mugen barnean. Ez da humanitarioa Europa kolore guztietako pobrez bete dadin, eta kualifikazioa frogatu edo ez, gutxieneko soldataren %120a kobratuko dutenak bakarrik geratuko dira. Izan ere, mundua Europan amaitzen da, eta pobreak ikusten ez badira, ez daude. Txartel urdin bat emango diegu pobre ez izatea erabaki dutenei, eta pobre izaten jarraitzen dutenak… Arrazoi humanitarioak dira, askoz hobe da pobreak Afrikan gera daitezen, badakizue, karrera amaierako praktikak GKE batean, Ghanan egiteko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)