Ministro baten abenturak

Berria, 27-09-2008

Espainiako Lan eta Immigrazio ministroak baieztatu berri du, nazionalismo espainol kutsuko ateraldi batean eta krisirako errezeta aringarri moduan, 2009an zerora hurbilduko direla immigranteei sorlekuan egindako kontratazioak. Haren adierazpenak zalaparta mediatiko, politiko, ekonomiko eta sozial handia sortu du. Alegia, ez duela inor axolagabe utzi. Nonbait, demagogia eta populismoak jotako beroaldi halakoaren gorenean, eta komunitateko direktiba nahiz estatuko legeria gero eta murriztaileagoek bezain kriminalizatzaileek adoreturik, kalkulu errore bat egin du, adierazpenaren ondorioei dagokienez. Baina proposamen horrekin, batez ere, estu eta larri jarrarazi du ekonomia botere guztia, ministroak erakutsi baitu ez dituela argi sistema kapitalistaren joko arauak. Nonbait, ahaztu egin zaio sistema horren funtsa dela ahalik eta kosturik txikienaz lortzea lan indarra, eta, horretarako, egitura juridiko oso bat sortu duela. Arau bilbadura horrek, itxuraz atzerritarrak arautzeko baita, kapitalismoaren zerbitzura jartzen ditu milioika langile atzerritar, zeintzuei ia eskubide guztiak ukatzen baitzaizkie, eta ekonomia hainbat ekoizpen sektoretan egituratzen du eta horietara baztertzen ditu milioika atzerritar horiek. Zenbat eta lege murriztailegoak ezarri atzerritarrei, orduan eta berme handiagoa dago langile horiek gero eta lan – baldintza prekarioagoetan eta gero eta diru gutxiagoren truke jardun dezaten. Pertsonak horiek zenbat eta ahulagoak izan, administrazio egoerari dagokionez, zenbat eta ahalbide txikiagoa izan, eskubide berdintasunak ez ezik beste zenbait eskubide oinarrizko baliatzeko, orduan eta etekin handiagoak aterako ditu enpresaburuen klaseak. Komunitatekoak ez diren eta Espainiako Estatuan bizi diren hamar atzerritarretatik seik ez dute egoitza baimen iraunkorrik, eta horietatik 400.000 langilek baino gehiagok ez dute ez egoitza baimenik ez lan baimenik. Kalkulatua dutenez, Frantziako Estatuan 300.000 – 400.000 bitarte dira administrazio egoera araugabean daudenak, datu ofizialen arabera; errealitatean, askoz ere gehiago, beraz. Langile atzerritarrez ari delarik, Emmanuel Terrayk esan du: «eginkizun funtsezkoa betetzen dutela Frantziako ekonomian. Haiek hemen egotea, hain zuzen, sistema honen egitura mekanismoaren parte da». Nonbait, ministroari ahaztu egin zaio ez diotela halabeharrez aldatu izena haren ministerioari, Lan eta Immigrazio Ministerioa baiteritzo orain, eta izen aldaketa hori ez zela izango ziur askorik langile atzerritarren lan eskubideak hobetzeko. Ministroaren laprastada ez da ezin konponduzkoa izan, gobernuak zentzarazi egin baitu laster batean, enpresaburuen klaseak kargu hartu diolarik, eta bermea emanarazi dio enpresaburuek behar beste lan indar merke izango dutela aurrerantzean ere, haien etekinetan eraginik txikiena ere sumatu ez dadin; are gutxiago, krisialdian.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)