Etorkinekin euskarazko saio bat prestatu du Erlok
'Gure saltsan' sukaldaritza saioan jaioterriko plater bana prestatu eta beren errealitateaz ariko dira
Berria, , 26-09-2008Ainitze Agirrezabala Donostia
Euskara ikasi duten etorkinekin, euskara hutsezko sukaldaritza saio bat estreinatuko dute Urola Kostako Erlo telebistan: Gure saltsan. Etorkinek euren jatorrizko herrialdeetako platerak prestatu bitartean, haien errealitatea ezagutzeko aukera izango da programa honen bidez. Hala adierazi du saioaren aurkezle Iban Bengoetxeak: «Gonbidatu guztiek izan dute zerbait kontatzeko. Esperientzia aberatsa eta interesgarria izan da, haiekin euskara hutsean osatu baitugu saioa».
Guztira hamabost atal grabatu dituzte, bakoitza ordu erdikoa, bederatzi gonbidaturekin: hiru marokoar, aljeriar bat, mexikar bat, argentinar bat, bi ekuadortar eta errumaniar bat. Atzerritarrak Euskal Herriko hainbat txokotan bizi direla azaldu du Bengoetxeak: Lakuntzan (Nafarroa), Gernikan (Bizkaia), Durangon (Bizkaia), Enkarterrian (Bizkaia), Azkoitian (Gipuzkoa), Goizuetan (Nafarroan)…
Saioan gonbidatu bakoitzak, bere jaioterriko plater bat prestatu eta errezetari buruzko xehetasunak emateaz gain, bere migrazio esperientziaz hitz egingo du. «Euskal Herrira nola etorri diren kontatu digute, nola egokitu diren gure artera, euskara non ikasi duten. Horiez gain, haien herrialdeko ezaugarri kultural eta ohiturez ere aritu gara, baita haien herrian duten egoeraz ere». Prestatutako plater batzuk ere aipatu ditu: kuskusa, astotxoa guakamolearekin…
Saioa Tokiko telebistetan
Saioak urriaren 2tik aurrera emango dituzte, ostegunero bat, eta igandeetan saio horren errepikapena ikusi ahalko da. Erlo telebistan eman ondoren, Tokiko euskarazko telebistek osatzen duten elkartearen esku utziko dituzte saioak, eta Goierri Telebistan, Goienan, Tolosaldeko 28 Kanalean, Urdaibai telebistan, Ttipi-Ttapan eta Xaloan ikusi ahalko da.
Gure saltsan Erlo Telebistak ekoitzi du, Zarauzko (Gipuzkoa) Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Inmigrazio Zuzendaritzaren laguntzaz. Grabazioak Karlos Argiñanoren Aiala sukaldaritza eskolan egin dituzte.
(Puede haber caducado)