Bizkaiko musulmanek berriro eskatu dituzte otoitz egiteko gelak leku publikoetan
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak zer erantzungo zain daude Eibarren, islam eskolak ematen hasteko
Berria, , 24-09-2008Donostia
Hiru urte joan dira Assabil elkarteak, Euskal Herriko islamiar zentro soziokulturalak, leku publikoetan otoitzerako lekuak edo musala – k eskatu zituenetik. Eskaerak jaso zituzten erakundeek ez zuten erantzun eta, orain, Assabilek eskaerak berritu ditu, Bizkaiako hainbat leku publikotan musala – k zabaltzeko. Loiuko aireportuan, Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetan, BEC Bilbao Exhibition Centren eta Deustuko Hizkuntza Eskola Ofizialean egin ditu eskaerak Assabilek.
«Musala – k badaude Pariseko edo Madrileko aireportuetan, adibidez», jakinarazi du Assabil elkarteko idazkari Farida Elhanafyk. Musala – k egiteko ez da gauza handirik behar: «Nahikoa izan liteke gela txiki bat; baldintza bakarrak dira garbi egotea, alfonbra bat edukitzea eta Mekari begira egotea». Egunean bost otoitz egiten dituzte musulmanek. Askotan jenderik ez dabilen lekuak bilatu behar izaten dituzte, musala – rik eskura ez dutelako.
Hizkuntza Eskola Ofizialean, otoitzerako lekuak zabaltzeko eskatzeaz gainera, arabierazko ikastaroak emateko ere eskatu du Assabil elkarteak. Datorren urterako abian jarriko ote diren itxaropena dute. «Eskaera badagoela uste dugu, eta arrakasta edukiko lukeela; musulman euskaldunei ere ondo etorriko litzaiguke», esan du Elhanafyk.
Islam eskolak hasteko zain
Ikasturte honetan, lehen aldiz, Eibar, Mungia eta Bilboko zenbait ikastetxetan islama erakusteko eskolak ematen hasi behar zutela zabaldu zen; baina ez dira eskola horiek hasi. «Islamiar erlijio eskolak jasotzeko eskubidea dago hamar umetik gora dauden eskoletan», adierazi du Elhanafyk. Horretaz jabetu zirenean, guraso musulmanei zerrendak egiteko eskatu zien Assabilek. Eibarren, hiru eskoletan osatu dira taldeak. «Irakaslea ere badugu», argitu du Elhanafyk. Baina denak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Tontxu Camposen erantzunaren zain daude. Dena den, islam eskolak aurten hasiko direla espero du Assabileko kideak. Bilboko Miribilla auzoko ikastetxean eta Mungian ere taldeak osatu dira, baina datorren urtera arte itxaron beharko dute islam eskolekin hasteko.
Aspaldian musulmanek Euskal Herrian jaso duten albisterik pozgarrienetakoa Derion (Bizkaia) eraikitzen ari diren hilerriarena da. Uda aurretik, ekainean, iragarri zuen Bilboko Osasun eta Kontsumo zinegotzi Sabin Anuzitak, musulmanentzako hilerria eraikiko zutela Derion. «Hamabost egunetan» egingo zutela iragarri arren, lanak atzeratzen joan dira, eta oraindik ez dira amaitu. Elhanafyk jakinarazi du «azken ukituak» egiten ari zaizkiola hilerriari. «Ez dut uste asko atzeratuko direnik», adierazi du Assabileko idazkariak, oraindik noiz zabalduko den ez dakien arren.
Albiste «pozgarria» izan da Elhanafyrentzat: «Aurrerapen handia da guretzat, eta gainera oso bizkor etorri da, oso pozik gaude». Euskal Herrian ez dago halako beste hilerririk eta, orain arte, Marokora, Tunisiara… hildakoaren sorterrira bidali izan dituzte gorpuak. 3.000 euro edo gehiago ordaindu behar dira, gainera, gorpua sorterrira bidaltzeko. Baina ez da hori bakarrik: «Nora eramango dituzu Euskal Herrikoak diren musulmanak? Euskal Herrian lurperatu beharko dira».
Derioko hilerriak egoera horiek konpontzen lagunduko duela uste du Elhanafyk. Arazo txiki bat dute, hala ere, oraindik. Hildakoaren gorpua maindiretan bilduta lurperatu behar dute musulmanek. Hemen legeak debekatzen du ohitura hori. «Oraingoz ondo dago, onartuko dugu; aurrerago agian hitz egingo dugu horri buruz».
Islamiar erlijio eskolak jasotzeko eskubidea dago hamar umetik gora dauden eskoletan»
Farida Elhanafy
Assabil elkarteko idazkaria
(Puede haber caducado)