Ustez etorkinei iruzur egiten zien sarea desegin dute
Atxilotuetako bat lehenagotik ere epaitua eta zigortua izan da antzeko kasu batean parte hartzeagatik
Berria, , 13-09-2008Bilbo
Ehun etorkin ingururi iruzur egin izana egotzita, Bilbon lau lagun atxilotu eta talde antolatua desegin duela jakinarazi du Espainiako Poliziak. Ustez iruzurgileek 1.200 euro eskatzen zizkieten etorkinei, haien senideentzat lana lortzearen truke.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak atzo jakitera eman zuenez, ikerketak uztailean hasi ziren, emakume atzerritar batek jarritako salaketa baten harira.
Pertsonako 1.200 eta 1.500 euro inguruko ordainketaren ondoren, lan kontratu bat izango zutela hitz ematen zieten ustezko iruzurgileek. Kontratua lortuta zutenean, behin – behineko bizilekua eta lan baimena euren kabuz eskuratu beharra zuten etorkinek. Behin baimena lortuta, euren senitartekoak edo lagunak Euskal Herrira ekar zitzaketela ziurtatzen zieten.
Espainiako Poliziak emandako datuen arabera, iruzurrari legezko itxura ematen saiatzen ziren. Hala, enpresa batek aurkeztutako lan eskaintzaz batera, behin – behineko egoitza eta lan baimenaren eskaera aurkezten zuten administrazioan. Dokumentu guztien fotokopiak etorkinei ematen zizkieten ondoren.
Baina baimenak ukatzeak biktimen ezinegona areagotu zuen. Kaltetuen lehen kexu eta galderen ondorioz, atxilotuek ustez eskaera berri bat aurkezten zuten lan eskaintza berri batekin. Baina, era berean, eskaera berria konpondu arte familiek itxaron beharra zutela jakinarazteko eskatzen zieten kaltetuei.
Poliziak azaldu duenez, engainua erabiltzen zuten hasieratik iruzurgileek dirua erdiesteko bidetzat; delitugileek bazekiten jakin, behin – behineko bizilekuaren baimenaren eta lan baimenaren eskaerak aurkeztuta ere, eskari denak ukatuko zizkietela. Lau atxilotuak 62 urteko Emilio G. R, 40 urteko Maria del Carmen F. G., 38 urteko Francisco S. M. eta 41 urteko Jaime F. de A. M. dira.
Bigarren aldiz atzemana
Ez da lehen aldia Maria del Carmen F. G. abokatu bilbotarra etorkinei iruzur egin izanagatik atxilotzen dutela. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak urte biko espetxe zigorra ezarri zion aurtengo maiatzean abokatu bilbotarrari, 39 etorkin senegaldarri iruzur egin izana leporatuta.
Kasu horretan ere, azken aldi honetan ustez erabilitako prozedura bera erabili zuen 39 senegaldarrei dirua lapurtzeko. Inoiz existitu ez ziren lan kontratuak eskainiz, batez beste 800 euro eskatzen zien kaltetuei. Gaur egun, abokatu gisa jardutea galarazita dauka.
Emakumeak 2005. urteko etorkinen arautze prozesuan ezagutu zituen biktimak, eta pertsonako 800 euro ordaindu ondoren, etorkinen egoera arautuko luketen agiriak lortzeko Gizarte Segurantzan eman beharreko pausu guztiak emango zituela agindu zien.
Etorkinek, baina, sekula ez zuten inongo agiririk eta lanik lortu. Maria del Carmen F. G. abokatua, berriz, urte biko espetxe zigorrera kondenatu zuen epaileak eta beste urte biz abokatu lanetan aritzeko gaitasunik gabe uzteaz gain, etorkinei lapurtutako 800 euroak itzuli behar izan zizkien kaltetutako etorkin senegaldarrei.
Baina, Maria del Carmen F. G. abokatuaz gain, Jaime F. de A . M. presoak ere baditu aurrekari polizialak. Eta horiez gain, baita Maria del Carmen F. G. abokatuarenganako urruntze agindua ere.
(Puede haber caducado)