Jira
Lehenengo pertsonan
Berria, , 04-09-2008Fikzioan ere badira lehenengo pertsonan inoiz idatziko ez nituzkeenak, eta hirugarrenean ere ez nintzateke pertsonaia batzuk protagonistatzat jartzen ausartuko. Protagonista Moganen leihora atera den turista litzateke eta eguraldia begiratzen du. Ederra, Kanariar Uharteetan, beti bezala. Gosaldu aurretik hondartzara jaitsiko den pentsatuko luke, eta azkenean liburu eta guzti aterako da terraza batean kafea hartuko duela pentsatuta. Kezkak izango ditu noski, beharbada serioak eta mingarriak, lehenengo pertsonan nik kontatzeko modukoak ordea. Baina hondartzara joan eta uretan flotatzen tanpax-ak beharrean beltzak aurkituko ditu (hau badakit ez dela horrela gertatzen, badakit kostak garbi mantentzen dituztela). Moganera hilik iritsi diren hamahiru etorkinetatik baten azalean ere jartzeko gai ez nintzateke, hegazkin istripukoei gisan omenaldiak egiten ez dizkiegun bezala. Ni ez nintzateke solidaritate keinu txikiena ere egiteko gai, lotsaren lotsaz; beharbada beltza hondartzatik aterako luke turistak, ura eman bizirik balego eta bizitza osorako irudi indartsua leukake edozein lan literariori ekiteko. Beren azalean baino gure lekuan jarri behar genuke beharbada. Nola jartzen ari diren hondartzak.
(Puede haber caducado)