...eta bat-batean, eguzkia
17 urterekin Nigeriara deportatzeko arriskuan zen Stephen 'Sunny' Sunday, baina espainiar hiritartasuna lortu, eta maila goreneko futbolean dabil gaur egun Osasunako jokalaria.
Berria, , 04-09-2008Iruñea
19 urte soilik ditu, baina Stephen ‘Sunny’ Sunday futbolari gaztearen bizitzan oinarritutako pelikula bat egiteko arazorik ez legoke. «Nigeriakoa naiz ni, Lagosekoa, Delta izeneko hiri batetakoa. Nire gurasoek ni eskolara bidaltzeko adina diru ez zutenez Europara etorri behar izan nuen, bizitza berri baten bila», dio Osasunako jokalariak, bere bizitza ardatz hartuta inmigrazioa eta futbola uztartzeko Espainiako La2 telebista kateak ekoiztu dokumental itxurako erreportai bati hasiera emateko. 16 urterekin utzi zuen bere herria Sunnyk. Europarako hegazkina hartzeko behar zuen dirua familiaren eta lagunen laguntzarekin bildu, eta Parisera abiatu zen Osasunako euskarria. Futbolari profesionala izan nahi zuen Sunnyk. Eta Nigerian ezagutu futbol ordezkari baten telefono zenbakia eta diru apur bat besterik ez zituen jokalari afrikarrak Europara iritsi zenean. Ametsetan ari zen Sunny. Futbolari garrantzitsua bilakatu, eta bere familiaren beharrak asetzea zen bere helburu nagusia.
Okafor bere aita, Nwasonna bere ama, eta Helen, Joy, Cynthia eta Faith arrebak belar motzean hazitakoak dira, Stephen bera bezalaxe. Hargatik, etorkizun ilunari argi pixkat eman nahi zion Sunnyk. Eta bazekien futbolak eman ahal ziola argi hori.
Parisera iritsi orduko ametsa amesgaizto bilakatu zitzaion, ordea. Nigerian burua berotu zion ordezkaria ez zen inondik agertzen. Sunnyren telefono deiek ez zuten erantzunik izan, eta futbol kluben batekin proba egiteko asmotan joan bazen ere, inmigrante bat gehiago besterik ez zen Sunny gaztea Frantziako hiriburuan. Lagunik eta seniderik gabe, Sunnyk Espainiara joatea erabaki zuen. Han, Mostolesen, Madrilen, bi lagun baizituen: Elvis eta Lloyd. Behin Madrilen, errealitateak ia zapustu zizkion amets guztiak: «Poliziak behin baino gehiagotan esan zidan bisatua kadukatuta nuela, eta 25 egun nituela Nigeriara itzultzeko», gogoratzen du Sunnyk oraindik. Baina mehatxuak bete aurretik, eguzkia agertu zen berriro ere Sunnyren bizitzan. Elvis eta Lloyd lagunekin eta beste nigeriar gazte batzuekin Madrilen antolatu inmigranteen Munduko Txapelketan parte hartu zuen Nigeriako selekzioarekin, eta partida bat jokatu ostean etxera zihoan batean gizon bat hurbildu zitzaion: «El Ejidora eraman nahi zaitut proba bat egitera», esan zion Sunnyri, gaur egun bere ordezkaria den Rodrigo Fernandezek. «Nik ez nekien El Ejido non zegoen ere, noski, baina ez nuen zalantzarik izan», aitortzen du. Polideportivo Ejido taldea Espainiako Ligako Bigarren Mailan ari zen orduan. Ez zuten Sunny lehen talderako nahi, baina asko gustatu zitzaien bere jokoa, eta bigarren talderako fitxatu zuten.
Espainiako hegoaldean, Andaluzian, okertutako bidea zuzentzen hasi zen berriz. Poli Ejidoko gerenteak, Juanjo Melerok, bere etxera eraman zuen Sunny. Paperik gabeko inmigrantea zen gazte nigeriarra, eta burokraziak Sunnyren etorkizuna ez zapusteko, Melerok aitaponteko lanak egin zituen. Poli Ejidoko lehen taldera igo zuten Sunny, eta lehen taldean ere hasieratik jokatzen zuen beti gazteak, ondo jokatu ere, gainera. Bi denboraldi egin zituen han. Eta zaleen idoloa zen, zalantzarik gabe. El Ejido inguruetan hainbeste inmigrante izanik (Europako ortua deitzen diote Andaluziako zonalde honi), haientzat ere idolo eta eredu bilakatu zen Sunny. Inmigrante gehienek baino laguntza gehiago izan dituela ukatzerik ez dago, baina borondateak eta lanak ametsak lortzea ahalbidetzen duela erakusten zien Sunnyk haiei ere. Juventus eta Valentzia bezalako talde handiek ere izan zuten haren berri. Eta azkenean, espainiar herritartasuna eman ziotenean (pasaportea musuka hartu zuen Sunnyk) Valentziak lotu zuen. 18 urte besterik ez zituen Sunnyk iragan udan, eta bapatean David Villa, Silva, Cañizares, Marchena, Albelda, Vicente eta Joaquin bezalako jokalarien ondoan ikusi zuen bere burua. Iragan sasoia hasi aurretik, Espainiako 21 urtez azpikoen selekzioarekin ere debutatu zuen. Canadan jokatu 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketan final laurdenetaraino heldu zen Espainiarekin. Hargatik, bere herriko selekzioarekin jokatzea ez du oraindik baztertu Sunnyk. «Selekzio nagusirako bi aldiz deitu nau Nigeriak, baina ezetz esan nien. Oraindik ez daukat erabakita, Espainia ala Nigeria, aukera egin beharrean naiz», onartu zuen orain gutxi elkarrizketa batean Osasunako jokalariak.
«Makelele txikia»
«Makelele txiki bat bezala ikusten dut. Argi dago une honetan ez duela Chelseako jokalariaren mailarik, baina Makelelek 19 urterekin ez zituen zenbait gauza ere baditu», esan zuen Quique Sanchez Flores entrenatzaileak Sunnyren inguruan. Quiquek ez zuen asko iraun Valentziaren aulkian, dena dela. Ronald Koemanekin ere ez zuen asko jokatu, baina Nafarroako Erresuman hasieratik aritu zen. Baina Espainiako Kopa irabazi zuen taldeak, eta asko ikasi zuen Valentziako izarren ondoan. Sasoi amaieran Unicefek antolatu partida batean Etoo, Drogba, Kanoute, Adebayor eta beste hainbat jokalari afrikarren ondoan ere izan zen, eta pozez txoratzen zen Sunny, noski. Orain gutxi imajinatu ezingo zituen bizipenak izan ditu tarte txikian. Sunny Sunday ingelesez, igande eguzkitsua euskaraz. Astegun lainotuen ostean, igande eguzkitsua iritsi zaie bai, Sunnyri eta bere senideei.
Osasunara utzita iritsi da Valentziatik, eta 2,5 milioi euro ordainduz gero, sasoi amaieran Osasunak jokalaria fitxatu ahal izango du. Bi aste barru 20 urte beteko ditu, baina 16 urterekin bere sorterria uztea erabaki zuenetik eskarmentu ugari hartu du. Hori bai, oraindik ez dago erabat kontent. Bere lagunak eta senideak faltan botatzen ditu. Udan Deltan izan da oporretan familiarekin, baina bere ondoan nahi ditu lehenbailehen Iruñean.
(Puede haber caducado)