Emigrazioa, heriotza eta mespretxua
Gara, , 27-08-2008Atzo 25 lagun inguru desagertu ziren Alborango itsasoan. Europara bidean 50etik gora lagun abiatu ziren eta horietatik 25 baino ez zituzten erreskatatu. Bizirik iritsi zirenek esan zutenez, gainerakoak ito egin ziren. Ez ziren turistak, jakina, etorkinak baizik. Itsasoa zeharkatzen ari baziren, ez zen nabigazioa gustuko dutelako, miseria orpoz orpo segika dutelako baizik. Europara zetozen, Europara datoz, ustezko Europa solidariora, giza eskubideen zaindari omen den Europa honetara. Baina batzuk, asko, beraien gosearen pareko antsiaz irensten ditu itsasoak. Joan den hilean gutxienez 158 etorkin hil ziren Europako itsas-ertzeetara heltzeko ahaleginean. Ekainean, berriz, gutxienez 185. Izan ere, atzokoa egunik egun errepikatzen den trajedia da. Europar patxadatik begira, urruneko kontua ematen du, eta ez da erraza gaur GARAk eskaintzen duen erreportajeko bizipenak norberarenak balira bezala irudikatzea .
Ez da itsasoa etorkinen etsai bakarra, ordea. Bizirik iristea lortzen dutenei Europar Batasun oparoa, aldean ekipaje gisa dakarten ametsa, amesgaizto bihurtuko baitzaie. Izan ere, Europar Batasunak immigrazioaren fenomenoa kontrolatzeko beharra omen du. Eta garai txarra da hau lana eskaintzeko. Behar izan duenean, lanik gogorrenak, lan baldintza eskasenak eta soldata lotsagarriak eskaini dizkie, baina oraingoa garai txarra da; txarragoa etorkinentzat. Estatuek legeak dituzte haiengandik «defenditzeko», azkenaldion lege bateratua; itzulerako zuzentarau ezaguna, deliturik egin gabe ere helduak bezala haurrak urte eta erdiz atxilo eduki ditzakeena. Etorkinak legez kanpokoak baitira, etorkin txiroak, alegia.
Atzo desagertutako etorkinak, seguruenik gorpu, Marokoko uretan daudela esan zuten Itsas Salbamenduko zerbitzu espainiarrek; beraz, Marokori omen dagokio haiek bilatzea, Europar sentsibilitatearen erakusgarri, itsasoa zikindu duen zaborra balira bezala. Halakotzat jotzen baitituzte europar estatuetako agintariek, legez kanpoko zabortzat.
(Puede haber caducado)