Hiru egunean paperik gabeko ia mila etorkin iritsi dira Italiako kostaldera
Lampedusa uharteko harrera zentroak 800 lagunentzako tokia du; dagoeneko 1.700 etorkin inguru daude
Berria, , 24-08-2008Ostegunetik larunbata bitartean gutxienez 700 paperik gabeko etorkin iritsi dira Italiako Lampedusa uhartera. Siziliara, berriz, ia 300 etorkin iritsi ziren atzo.
Ostiralean 349 etorkineko ontzi bat atzeman zuten Italiako kostazainek Lampedusatik gertu. Ontzian 42 emakume eta hiru haur zihoazen. Italiako hegoaldeko Reggio Calabria hondartzara, berriz, beste 50 etorkin iritsi ziren.
Lampedusako harrera zentroak 800 lagunentzako lekua du. Hala ere, hiru egunotan jasotako etorkinen ondorioz, gainezka egin du. Dagoeneko 1.700 etorkin inguru daude han. Hala, ez dute jende gehiago hartzeko tokirik.
Egoera eutsiezina
Ordu gutxitan paperik gabeko ia 300 etorkin heldu ziren Siziliako kostara, atzo. Etorkinak zeramatzan bi ontzi atzeman zituzten Italiako segurtasun indarrek. Ontzietan 245 eta 45 etorkin zihoazen, hurrenez hurren. Bederatzi adingabeak eta 33 emakumeak ziren.
Bernardino de Rubeis Lampedusako alkateak uharteko harrera zentroan 2.000 lagun pilatzeko arriskuaz ohartarazi du. Hala, bada, ostiralean 90 etorkin bidali zituzten ontziz Italiako penintsulara.
Azken zazpi hilabeteetan immigrazioa ia bikoiztu egin dela dio Italiako Barne Ministerioak. Hala, 8.266 etorkin izatetik, egun 15.378 izatera pasa dira.
Silvio Berlusconi Italiako presidentearen gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen uztailaren 25an, Gobernuaren esanetan, azken hilabeteetan herrialdeak jasotako paperik gabeko etorkin kopuru handiari aurre egiteko asmoz.
(Puede haber caducado)