Immigranteen bozkatzeko eskubidea, aldarri, lau haizeetara
Berria, , 08-08-2008PSOEren 37. Biltzar Federalean berriz proposatu dute etorkinei bozkatzeko eskubidea aitortzeko asmoa, 2011ko udal hauteskundeetarako edo. Oraindik konpontzeke den arazoa da, Guadiana ibaiaren joan-etorria nola, hala dabil agertu-desagertu jokaleku jendaurrekoan, botere politikoa beren esku dutenen unean uneko interesen arabera. Hain zuzen, beste herritar batzuen bozkatzeko eskubideaz baliaturik dagokien botere horren izenean, ez dituzte beren gain hartu eskubide horrek berekin dakartzan ondorio guztiak; izan ere, eskubide hori mugarria da, pertsona immigranteek gogo onez bereganatu dezaten gizarteratzeko jarrera, tokian tokiko jendearen balizko jarrera borrokazaleak ahalik eta gehien leuntze aldera.
Immigranteei bozkatzeko eskubidea aitortzeaz mintzatu dira, eta erositako prezioan saldu diete herritarrei. Salmenta gordina egin dute. Hau da, ez dizkiete zehatz-mehatz azaldu proposamen horren ondorioak. Batzuek honela esango dute: «Hara! Immigranteek ere bozkatu ahal izango dute aurrerantzean!». Eta beste batzuek: «Doazela beren herrialdeetara bozkatzera!». Bitxikeria gisa, Immigraziorako Euskal Behatokiak eginiko azken inkestaren arabera, biztanleen ia %12k ere ez dute gogo onez onartzen etorkinei bozkatzeko eskubidea aitortu beharra. Sentiberatze lan handia dute eginkizun oraindik ere.
Bozkatzeko eskubidea aitortzearen ondorioei eta eskubide hori aitortu nahi dieten esparruei dagokienez, pentsatzekoa da ugariak direla bozkatzeko eskubideaz baliatzeko hautabideak: hauteskunde autonomikoak, hauteskunde orokorrak, Europako Parlamenturako bozak, erreferendumetan eta herri galdeketetan parte-hartzea; horietako edozeinetan baliatu liteke. Halere, ez dute inondik aipatzen ahalbide horietan guztietan erabiltzekoa denik. Udal esparruan hain da txikia bozkatzeko eskubidearen ahalbidea, sartu nahi diguten ziriaz jabetzeak deseroso sentiarazten baitu edonor.
Behin bozkatu ahal izateko eskubidea aitortu eta gero, zeharo baztertzaileak dira legezko egoeran dauden immigranteei aplikatu beharreko koefiziente murriztaileak. Alegia, «sorterriaren araberakoak». Ez baitio berdin perutarra, aljeriarra, pakistandarra edo kongoarra izatea. Elkarrekikotasun printzipioa, immigranteen sorterriari dagokionez, laido mugatzailea da eskubide hori aitortzean, eta ezin gaindituzkoa ia. Egiaz, ez dago borondate politiko benetakorik immigranteen sorterriekin akordio nagusiak lortzeko. Ez da izan iragan hurbilean, eta, geroan halakorik izango balitz, elkarrekikotasun printzipio hori baliogabetzeko asmoa agertu beharko lukete, eta eredugarri bihurtu, sinesgarritasun apur bat ematearren PSOEren Biltzarrean onarturiko proposamenari. «Pertsona etorkinei legezko egoeran dagoela egiaztatzen dion agiriaren indarraldiaren araberakoa». Ez baitio berdin immigrante batek bigarrengoz berritua izatea egoitza eta lan baimena, edo egoitza baimen iraunkorrak izatea bost urtez behin berritu beharrekoak.
Ez da ahaztekoa, halaber, baimen horiek aise ken diezazkieketela, lotura estua baitute immigranteek dituzten lan kontratuetako xedapenekin eta lan egoera finkoa izatearekin; dozenaka mila immigrante batzuk badira, nazionalitate askotakoak, administrazio egoera legezkoaren eta legez kanpokoaren muga-mugan daudenak kili-kolo. Baimen Iraunkorra berritzeko, esaterako, ez da ezinbestekoa aipaturiko betekizun hori.
Hedabideek herritarrei gai horren gainean jaurtikitzen dizkieten globoak, berriz, ez dute globo-zunda izaera ere. Gizarteari arreta galarazteko globoak dira; gaur egun, izan ere, 27 herrialdek osaturiko Europa horrek eskuin muturreko politikak aldezten, proposatzen, bultzatzen eta onartzen ditu immigrazioari dagokionez; eta agerian uzten du botere handiko nahiz txikiko politikariek etorkinei dieten mespretxua, horiexek izanik ere beren ahalegina, lana eta etorkizuna baliatzen dutenak, Europa izan dadin aurrerantzean ere giza eskubideen banderadun. Harritzekoa da nola aldezten dituzten jendaurrean halako politikak Zapaterok eta Rubalcabak. Ez dira gorritu ere egiten, lotsaren lotsaz. Ez dute deus esatekorik, adibidez, Motrilen aurrez aurre hildako lagunez; eta, are gutxiago, Europako ehunka gotorlekuetan hil eta desagertu ohi diren ehunka lagunez. Corbacho Lan eta Immigrazio ministroa, esaterako, familien berrelkartzeak mugatzearen alde agertu da; han eta hemen, behetik negoziatzeko espiritu harmonizatzaile berberaz diharduten adierazgarri: alegia, inolako begirunerik ez dietela immigranteei, eta horien eskubide urriak ahalik eta gehien murrizten saiatzen ari direla.
Diskurtso faltsua darabilte, eta horrek galarazten du gizartean sentiberatasunak eta elkartasunak aurrera egitea. Okerreko diskurtso baztertzailea da, eta ostera harpeetara bidaltzen ditu kapital gisa beren eskuen indarra besterik ez duten pertsonak, Europako Batasuneko estatuetan legezko egoeran egoteko baimenik ematen ez dien agiririk ez daukatela eta. Salbuespen neurri baztertzaileak ebazten dituzte horientzat, egoera etsipenezkoetara baztertu eta itzularazteraino; egoera horiek zirela bitarteko abiatu ziren, hain zuzen ere, beren sorterrietatik Europarantz, baldintza ezinago gogorretan.
Udal hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea aitortua dute EBko hainbat herrialdetan: Irlandan, Danimarkan, Herbehereetan eta Luxenburgon. Egia esateko, ordea, ez dute halako eskubiderik EBko bihotz-muinean: Frantzian, Alemanian, Ingalaterran eta Italian, nahiz eta estatuotan dagoen biztanle etorkin gehien. Aitortu dezagun, nolanahi ere, bigarren mailako deitu geniezaiekeen herrialde gutxi horiek ez direla gailenduko gainerako herrialde senideen interesen gainetik; ez hemen ez Europa harroputzean, immigranteei ez diete sekula aitortuko erakunde publikoen eremu guztietan eta ez bakarrik udal gobernuei dagozkienetan bozkatu ahal izateko eskubidea.
(Puede haber caducado)