«Zergatik ikuskizun hau? Magrebtarrak direlako»
SOS Arrazakeria arrunt kritikoa da jazoera hauek eta antzekoak tratatzeko moduarekin
Berria, , 08-08-2008Pello Aierbe SOS Arrazakeriako kidea da. Minduta irakurri ditu egunotan etorkin adingabeekin lotutako jazoera hauei buruz argitaratu diren albisteak. «Aztertu behar dugu iritzi publikoak zergatik begiratzen dion orain honi espantuz». Villabonako eta Donostiakoa jazoerak «salagarriak» direla onartu du, baina ezin direla itsu-itsuan etorkinen kontra egiteko erabili. «Sasoi honetan, festa giroan, lehendik ere honelakoak gertatu dira; gertatu zen Baionan, gertatu izan da sanferminetan… Ez da berria. Gazteria, alkohola, festak, faktore asko daude atzean». Oraingoan batez ere nerabeen jatorriari erreparatu zaiola uste du, ordea. «Zergatik orain ikuskizun hau? Adingabe magrebtarrak direlako…».
Hedabideek sarri askotan gazte etorkinen jatorria aipatuz eta nabarmenduz immigranteen inguruko errezeloak sustatzen dituztela dio Pello Aierbek, haserre. «Hilabete honetan, bestela ere, genero indarkeriako kasuak ere aski ugariak dira, eta ez da horrenbesteko larritasunik sortzen».
Gipuzkoako Diputazioak gazte hauei eskaintzen dien harrera hobe badaiteke ere, ez du uste jazoera hauen harira haren jarduna kolokan jarri behar denik. «Ahalegin handia» egiten ari dela dio, eta «intentzio ona» duela aitortzen dio. «200 mutiko dauzka Foru Aldundiak, eta batzuek, antza, arazo hauek sortu dituzte», dio Pello Aierbek. Hortik aurrerako azterketarik egiteko zantzurik ez dagoela dio.
Dudarik ez du, heziketa da gakoa, eta gazte hauekin diharduten hezitzaileen lana. «Oso garrantzitsua da hezitzaileen lana sendotzea eta maila horretan tresnak jartzea, eta haien lanak egiten laguntzea». Foru Aldundiak hainbat baliabide jarri dituela baina hezitzaile asko berriak direla dio, oso gazteak eta esperientzia gutxikoak… Alor horretan ikusten du, batez ere, zer hobetua. «Hezitzaileek laguntza behar dute beren lana nola bete behar duten jakiteko… Hezitzaileen lana da oso garrantzitsua», dio. «Izan ere, porrot gehienak datoz bide horretatik».
Baina, ororen gainetik, auzi hauetan jarrera «zuri edo beltzak» bilatzeko ahaleginak kritikatzen ditu SOS Arrazakeriak. Maiz errudunak aurkitzea baino ez dela nahi diote, eta auzia aski konplexua denez atzean faktore bat baino gehiago daudela eta denak hartu behar direla aintzakotzat. «Aldundiak bere erantzukizunak ditu, eta guk, gizarteak, gureak. Gaztetxo horiek kalean egunero igartzen dute nola begiratzen diegun. Eta hori guk egiten dugu, ez Foru Aldundiak», ohartarazi du Aierbek.
Hezitzaileek laguntza behar dute beren lana nola bete behar duten jakiteko»
«Aldundiak bere erantzukizunak ditu, eta guk, gizarteak, gureak»
Pello aierbe
SOS Arrazakeriako kidea
(Puede haber caducado)