Gipuzkoako Diputazioak elkarlana eskatu du etorkin nerabeen aferan

Egunotan jazotako bi erasoren egile direlakoan zazpi adingabe atxilotu dituztela eta, neurriak eskatu dituzte talde politikoek. Foru Aldundiak «elkartasuna» erakutsi die eraso dieten pertsonei

Berria, Arantxa Iraola Donostia , 08-08-2008

Igandean Donostian hiru adingabe atxilotu zituzten emakume bati sexu abusua egitea egotzita; atzo jakin zen uztailaren 27an beste lau atxilotu zituztela Villabonan (Gipuzkoa) bikote bati erasotzeagatik. Kasu bietan, ustezko erasotzaileak Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko harrera zentro batean Tolosakoan dauden etorkin adingabeak dira, eta erreakzio zurrunbiloa eragin du horrek. PSE-EEk, PPk eta EBk antzeko jazoerak saihesteko «neurriak» eskatu dizkiote Diputazioari. Gizartekintza Departamenduak, berriz, aipatutako nerabeen harreran ahalegin handia egiten ari badira ere gehiagoren premia dagoela onartu du, eta egoera gainditze aldera laguntza eskatu: «Gainerako administrazioek gehiago inplikatu behar dute». Justizia administrazioari ere aferari arretaz heltzeko eskatu dio, haren laguntzarik gabe nekez egingo delako aurrera.

Adingabeko etorkin nerabeak gero eta ugariagoak direla gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta haiei eskaini beharreko harrera «konponbide zaileko arazoa» bihurtzen ari dela. Horregatik egin du laguntza eskaria. Laguntza deia egitearekin batera, Diputazioak «elkartasuna» eta «sostengu osoa» helarazi die Villabonako eta Donostiako erasoen biktimei. Jazoera «lazgarriak» izan zirela esan du, eta Gipuzkoan familiarik gabe bizi diren adingabeen jagolea den heinean onartzen duela jazoera horien inguruan duen erantzukizuna. «Legeak baimentzen duen irmotasun guztiarekin jokatzeko prest gaude», onartu dute Diputazioko informazio iturriek. «Epaitegiek ematen dituzten ebazpen guztiak beteko ditugu». Ustez delituak egiten dituzten nerabeak zentro itxietara eramateko agindua emateko eskumenik bere gain ez duela gogorarazi du, hala ere, eta horregatik dela garrantzitsua gainerako erakundeekin elkarlana sustatzea. «Soilik horrela lortuko da arazoa konpontzeko bidean jartzea».

Nolanahi ere, erasoekin eta antzeko gertaerekin lotura dutenak jagoletzan dituen adingabeen artean «gutxi batzuk» bakarrik direla zehaztu du Gipuzkoako Diputazioak.

Politikarien eskariak

Etorkin adingabeak egoki hartzeko «neurri» gehiago eskatu dituztenen artean Susana Garcia Chueca PSE-EEko kidea dago. Kritika egin zion atzo Diputazioari. «Harrituta nago, Diputazioak ez duelako inolako azalpenik eman eta gaitzespen adierazpen publikorik ez duelako egin halako gertaera larrien ondoren». Horregatik, Batzar Nagusietan auziari buruzko galdera sorta bat aurkeztuko duela iragarri du. Etorkin adingabeen harrerarako baliabide gehiago jarri behar direla gogorarazi du PPko bozeramaile Regina Otaolak ere. «Asko dago jokoan».

Tolosa, Donostia eta Villabonako udal ordezkariak ere kezkaturik agertu dira jazotakoengatik. Donostiako zinegotzi Ernesto Gascok sexu erasoak egin dituzten etorkin denak «kanporatu» behar direla esan du, eta zorrotz jokatzeko eskatu dio Diputazioari.

Villabonako alkate Maixabel Arrietak emakumeen aurkako erasoen «larritasuna» agerian utzi du bando batean, eta gaur Bilgune Feministak deituta 20:00etan Zubimusu zubian (Villabona eta Zizurkil artean) egingo den kontzentrazioarekin bat egin du.

Ustez Villabonako erasoa egin zuten bi adingabe, zentro itxira

Ustez Villabonan bikote baten kontrako erasoan parte hartu zuten lau adingabeetatik bi Ibaiondoko zentro itxira eraman dituzte, Diputazioko informazio iturriek aditzera eman dutenez. Beste bi gazteak zaintzapean aske daudela jakinarazi dute. Neskari sexu abusuak egitea eta mutil-lagunari erasotzea egozten diete. Guztia uztailaren 27an gertatu zen. Igande honetan Donostiako Parte Zaharrean neska bati sexu abusuak egitea egotzita atxilotutako hiru gazteak, berriz, epailearen erabakiaren zain daudela esan dute Foru Aldundiko iturriek. Atxilotutakoan polizia etxera eraman arren, Diputazioaren ardurapean daude berriro.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)