Hiru lagun atxilotu dituzte etorkinei kontratu faltsuak egitea leporatuta

Cifuentes Promotora izeneko enpresan paper faltsuak eskaintzen zizkieten 8.000 euroren truke

Berria, Erredakzioa, 07-08-2008

Donostia

Paperik gabeko etorkinei lan eskaintza faltsuak eskaini eta, horren truke, 8.000 euro bitarteko diru kopurua kobratzeagatik hiru lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak: Gorritin (Larraun, Nafarroa) I.S.A. iruindarra, M.J.S. donostiarra eta J.A.C. kolonbiarra. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak aditzera eman zuenez, iruindarrari langileen eskubideen aurkako delitua, dokumentuak faltsifikatzea eta iruzurra leporatu diote.

Cifuentes Promotora izeneko enpresa sortu zuten atxilotutakoek etorkinei kontratuak eta bestelako agiri faltsuak saltzeko. Lan edota enpresa jarduerarik izan gabe jatorri desberdineko etorkinei lanpostu ugari eskaintzen zizkietela ikertu zuen Poliziak. Era berean, Cifuentes Promotorak soldatapean zituen langileeak Gizarte Segurantzari haien kotizazioa ordaintzera behartzen zituela jakin ahal izan dute. Gainera, atxilotuetako batek dirua eskuan jaso eta beretzat gordetzen zuen. Gizarte Segurantzarekin, beraz, 100.000 euro baino gehiagoko zorra dauka.

Enpresa ugari

Cifuentes Promotora, Zaldibar eta Saindu enpresek egoitza eta lan baimenak egiten zituztela argitu du ikerketak, atxilotutakoen etxeetan era horretako zigiluak antzeman baitituzte. Servicios Auxiliares Vending eta Distribuciones Caybe – 2 enpresetan, berriz, atxilotutakoak gerente edo kudeatzaile karguak zituztela jakin ahal izan dute ikertzaileek. Enpresa taldeak, lan kontratu faltsuak egiteaz gain, bestelako zerbitzuak eskaintzen zizkien etorkinei, aholkularitza esaterako. Haien etxeetan erroldatzeko aukera ere ematen zieten, 200 euroren truke. Poliziak dokumentuak faltsutzeko tresnak aurkitu zituen Gorritiko etxebizitzan, etorkinen zerrendekin batera.

Agintari judizialak atxilotutakoen bankuko kontuak blokeatu ditu eta denbora laburrean 100.000 euro sartu dituztela baieztatu du. Hala ere, iruzurrari esker askoz ere diru gehiago bildu dutela uste dute, askotan eskura ordaintzen zietelako.

Epailearen esku utzi dituzte atxilotutako lagunak, eta beste enpresarik parte hartu duen ikertzen ari dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)