Etorriko dira

Berria, Pako Aristi, 06-08-2008

Etorriko dira, gero eta beltzagoak gainera. Edo marroiskak bestela, eta horiak. Zientokak hasieran, gero milakak eta milioikak azkenik. Antolatuko dituzte itsas – trabesiak, hegaldiak, autobuskadak, edo lotuko dizkiete karabanak autoei, aldiro ahalik eta jende gehien garraiatzeko.

Etorriko dira abenturak bizitzera batzuek, edo goseak bultzatuta, edo gerrate amaigabeetatik ihesi, lana gogor eginez gero hemen aurrera atera daitekeela esan baitiete aurrez etorritako beste batzuek. Onartuko ditugu hasierako zientoak, baita ondorengo milakak ere; ehundaka milekin jada legeak zorrozten hasiko gara, hau pagotxa dela pentsa ez dezaten.

Etorriko dira eta egingo dituzte lanik zikinenak, makurrenak, merkeenak, ordu amaigabeen esklabutza pairatuz, baina duintasunez eutsiko diote sakrifizioari, haien aukera ez baita bizitza hobearen edo kaskarragoaren artekoa, bizitzaren eta heriotzaren artekoa baizik. Eta kinka horretan, izakiak beti bizitzaren alde egiten du apustu.

Etorriko dira eta poliki – poliki lan txukunagoak hartzen hasiko dira. Batzuek ezkonduko dira aberats handien alabekin eta ugazaba bihurtuko. Besteek zapalduko dituzte euren arrazakoak baldintza hobeak lortzearren. Laster etxeen jabe egingo dira, auto ederrak erakusten hasiko dira, oporretara joaten.

Etorriko dira eta gure emakume asko eta asko haurdun utziko dituzte, bortxatuz bada ere, horrela eurak dakartzaten emakume eta haurrekin batean gure azal kolorea beltz – bidean ipiniz. Euren izen – abizenak gureenekin nahastuko dira eskoletako zerrendetan: Josu Alberdi, Naikeye Ongele, Ouke Ngbaita, Zira Moushuly, Nerea Azpiroz. Gure azalaren koloreaz lotsa sentiaraziko digute.

Etorriko dira eta saiatuz, etsipenik gabe, amarruak erabiliz eta putada itzelak eginez hamarkada gutxitan haien mende hartuko gaituzte. Gutako asko ere erailko dituzte, miseriatik datorrenaren diru – grinarekin eta ezer galtzeko ez daukanaren odol – gosearekin. Legeak aldatuko dizkigute, hizkuntza debekatuko digute, Hiesaz kutsatuko gaituzte, gure jakinduria ustela ezabatu eta basakeriaz beteko dute.

Etorriko dira eta gure ondasun preziatuenak lapurtuko dituzte. Agintari bihurtuko dira, gobernuan txuri bat edo bi baino ez dituzte utziko, itxurak gordetzearren. Banketxeak haienak izango dira, enpresa erraldoiak ere bai, Yateetan paseatuko dira eta txalet dotoreenetan biziko. Hurbiltzen garen bakoitzean txakurrak botako dizkigute gainera.

Etorriko dira gu joan ginen bezala, eta hain ondo ezagutzen duten ipuin hau kontatuko digute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)