Prisca Oyeren auzia berriro ikertzeko «exijitu» dute, hilda agertu eta bi urtera

2006ko abuztuaren 7an Bilbon hilotz agertu zen andrearen sendiak bihar elkarretaratzea egingo du, hainbat talderekin

Berria, Aritz Maldonado, 06-08-2008

Bilbo

«Prisca kasua berriz ikertzeko exijitzen dugu». Eskaera hori egiteko bat egin dute Prisca Oyeren senideek eta hainbat elkartek. Erasorik ez erantzunik gabe dioen pankarta bat atzean dutela hitz egin zuten atzo Angel Rafael Esono, Luz Amparo Pimiento eta Izaskun Goikoetxeak. Lehena hildakoaren neba da; bi andrazkoak, aldiz, emakume elkarteetako ordezkariak dira. Eskaera hori egiteko hainbat froga dituztela argudiatu zuten atzo prentsaren aurrean.

Prisca Oye hilik agertu zen 2006ko abuztuaren 7an, Bilboko Pelicanos hoteleko gela batean. Emakume ginearrak bertan egiten zuen lan, eta haren gorpua «egoera bitxian» agertu zen. Heriotza osteko ikerketaren arabera, Prisca Oye itota hil zen; Esono, ordea, ez da fio bertsio horretaz. «Ez dugu uste kasua sakonki ikertu denik. Hainbat gauza ez datoz bat. Horregatik eskatzen dugu kasua berriz ireki dezaten». Horretarako hainbat froga aurkeztuko dituztela azaldu du Esonok, hala ere, ez du eman froga horien inguruko daturik. «Abokatuak kasuari buruz ezer ez esateko eskatu dit, ikerketa ez oztopatzeko». Froga horiek aurkeztu ondoren, epailearen erabakiaren zain daude orain.

Pelicano hoteleko jabeen jarrerarekin kritikoa da. «Ez ziren gurekin harremanetan jarri». Dei egin die erakundeei, elkarteei eta gizarteari artxibaturik dagoen kasua berriz iker dezaten eskatzeko. «Orain arte justizia egin dadin itxaroten egon gara, baina egin ez denez, zuei ere laguntza eskatzen dizuegu».

«Egiturazko biolentzia»

Herritarrei kalera irteteko eta emakumeen aurkako erasoak erantzuteko deia egin diete Luz Amparo Pimientok eta Izaskun Goikoetxeak ere Oyeren senideekin bat egin duten erakundeen izenean. «Ez dugu onartuko zigorrik gabeko biolentzia sexista kasurik». Hainbat elkartek egin dute bat Oye sendiarekin, eta irakurketa bat egin dute guztien artean. Arlo askotan jarduten diren elkarteak dira, baina kasu horretarako indarrak batu dituzte. Arrazakariaren aurkako taldeak daude, SOS Arrazakeria, adibidez; baita emakumeen eskubideen aldeko erakundeak ere, hala nola Bizkaiko Emakumeen Asanbladak eta Munduko Emakumeak. Horiez gain, gure mugez haragoko bi talde ere elkartu dira: Ghanako elkartea eta No Pintcha elkarte ginearra. Pimientoren hitzetan, emakumeen aurkako erasoak gelditu egin behar dira, eta horretarako arazoaren sustraietara jo behar da. «Emakumeon aurkako biolentzia sistema patriarkalaren ondorio da. Prisca Oyeren hilketa egiturazko biolentzia honen beste adibide bat besterik ez da». Horrez gain, biolentzia hori gizartearen gaitz handienetako bat dela gaineratu du Goikoetxeak.

Europako Batasunaren jarreraren aurkako hitzak ere izan dituzte. Elkarteetako ordezkarien esanetan, joan den ekainean onartu zen Atzerritartasun Legeak giza eskubideen aurkakoa da; era berean, mota guztietako erasoei bide eman besterik ez duela egiten gehitu dute: sexistak, arrazistak, xenofoboak… Prisca kasua horren adibidetzat jo dute. «Nabaria da erasotzaileek izan duten inpunitatea, kasua itxi egin baita».

Bi urte beranduago

Bi urte igaro diren arren, itxaropentsu agertu dira senideak eta elkarteetako kideak. «Zaila izango da kasua berriz irekitzea, baina gero eta froga gehiago ditugu». Horrez gain, Prisca Oyeren heriotza argitzen lagunduko duten lekukotzak aurkeztuko dituztela aurreratu du. Abokatua ere aldatu dute aurreko ikerketatik hona. Epailearen erabakia itxarotea besterik ez zaie geratzen, baina bitartean ez dira geldirik egongo. «Justizia egin dadin» eta kasua berriz irekitzeko eskatzeko mobilizazioak egongo direla iragarri dute. Bihar, 19:30ean elkarretaratzea burutuko dute Pelicanos hotelaren aurrean. Gero manifestazioa izango da Justizia jauregira arte. «Ez gaude epaileen aurka, baina kasua ireki eta sakonki iker dezaten eskatzen dugu».

 

Ez dugu uste sakon ikertu denik. Horregatik eskatzen dugu auzia berriz zabaltzeko»

Angel Rafael Esono

Prisca Oyeren senidea

«Ez dugu onartuko zigorrik gabeko biolentzia sexista kasurik»

izaskun goikoetxea

Emakume elkarteetako ordezkaria

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)