Hiru adingaberi sexu abusua egotzi diete

14, 15 eta 16 urte dituzte gazteek, eta Donostian atxilotu dituzte, emakume bati eraso egitea leporatuta

Berria, , 05-08-2008

Igande goizaldean hiru adingabe 14,15 eta 16 urteko mutilak atxilotu zituzten Donostian, emakume baten kontrako sexu abusua leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko informazio iturrien arabera, 06:30 aldera jazo zen ustezko erasoa, Donostiako Parte Zaharrean, Portaleta inguruan. Lekuko baten bidez jakin zuten ertzainek andrazko bati erasotzen eta lapurretan ari zitzaizkiola hiru gazte.

Lekukoak esandako tokira iritsi zirenean, ertzainek, ustez hiru mutilen erasoa jasan zuen emakumea aurkitu zuten, eta anbulantzia bat eskatu zuten harentzat. Ordurako hiru gazteak ez zeunden han, baina inguruko lekukoen testigantzen bidez jakin zuten ertzainek zein norabide hartu zuten nerabeek, eta haien bila hasi ziren. Berehala aurkitu zituzten, ustez erasoa jazo zen leku hartatik nahiko hurbil, gainera.

Ertzainen arabera, ustezko erasotzaileetako batek biktimaren eskuko telefonoa zeraman. Emakumeak aditzera eman zuen hainbat objektu lapurtu zizkiotela eta horien artean zegoela sakelako telefonoa. Ertzainek hiru mutil gazteak polizia etxera eraman zituzten, eta, Herrizaingo Sailaren arabera, ondoren, adingabekoen fiskalak hala aginduta, beren tutoreen ardurapean laga zituzten.

Bilbon gizon bat atxilotuta

Ez da asteburuan jazotako ustezko sexu eraso bakarra hori izan. Bilboko Udaltzaingoko informazio iturriek jakinarazi dute larunbat gauean 23 urteko gizonezko bat atxilotu zutela ustez emakume bati, haren borondatearen kontra, ukitzeak egiteagatik. Aditzera eman dutenez, emakumeak gizonari portaera hori ez zuela onartzen esan zionean gizonak jo egin zuen.

Bilboko udaltzainek aditzera eman dutenez, 22:00 aldean izan zen jazoera, Cantalojas kalean. 34 urteko emakume batek azaldu zien lagun batzuekin hitz egiten ari zen bitartean, bat-batean, gizon gaztea hurbildu zitzaiola eta ukitzeak egin zizkiola, bortxaz. Kontra egin zionean, mehatxuka hasi zitzaiola azaldu zuen, eta, gainera, jo egin zuela. Emakumearen arabera, bere lagunak tartean sartu ziren eta hala lortu zuten gizonezkoak handik alde egitea. Udaltzainak emakumearen adierazpenak jaso, eta ustezko erasotzailearen bila hasi ziren. Sexu erasoa, erasoa eta mehatxuak leporatuta eraman zuten atxilotuta

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)